Berri guztiak

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroetarako izen-emate epea zabalik

Laugarren edizioa 2025eko ekainaren 30etik uztailaren 4ra ospatuko da. Bederatzi ikastaroz osaturiko formakuntza eskaintza izango da, doan, Baionako Cité des Arts-en.

iru edizioetan izandako esperientzia aberasgarriari segida emanez, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak ospatuko dira 2025ko ekainaren 30etik uztailaren 4ra Baionan. Ekonomia eta enpresa, gizartea, hizkuntzalaritza eta literatura, komunikazioa eta zuzenbidea alorrei mugaz gaindiko begiradatik erreparatuko zaie.

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak eskualdeko herritarrentzat, ikasleentzat eta mundu akademikoarentzat dira, eta Europako mugaz gaindiko beste eremu batzuetan egiaztatu den moduan, unibertsitateek gune ekonomiko, sozial eta lurralde kohesionatuago bat eraikitzeko duten eginkizun proaktiboa azpimarratu nahi dute.

Programa honen helburua parte hartzen duten unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza gizarteratzea da, baita erakunde publikoen plan estrategikoak zabaltzea ere, Euroeskualdean ezagutzan oinarritutako ekonomia bat garatzeko. Ekonomia horretan, berrikuntza eta teknologia berriak balio erantsia sortzeko katalizatzaile gisa hartuko dira.

Ikastaroetako hizkuntzak Euroeskualdeko hiru ofizialak izango dira (euskara, frantsesa eta gaztelania), baita ingelesa ere, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa, hiru eskualdeek osatzen duten lurralde honetako eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa azpimarratzeko. Aurrez aurre egingo dira eta, gainera, programazioaren zati bat online ikusi ahal izango da zuzenean.

Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetza

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin. Egitasmoa erakunde guzti hauen lankidetzaren emaitza da:

l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa (UIK), l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroa eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx). Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena.

Bederatzi ikastaroz osaturiko prestakuntza eskaintza

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen laugarren edizioa bost egunez garatuko da, Baionan.

Ekainaren 30ean, “Osasun Datuen Europar Eremua: osasun atentzio eta ikerketarako aukera" izenburupean irekitze-hitzaldia eskainiko du  Itziar Alkorta Idiakez,   UPV/EHUko Zuzenbide zibileko irakasleak. Irekieraz gain bi ikastaro izango dira: alde betetik landa lurrek hiritarren ongizate integralari egiten dioten ekarpena aztertuko da, eta, bestetik, migratzaile harrerari loturik,  inklusiorako hizkuntza- eta hezkuntza-politikak izango dira hizpide.

Uztailaren 1ean Europar Batasuneko Migrazio eta Asiloari buruzko Itun Berriari eta, bereziki, mugaz gaindiko dimentsioari eta giza eskubideen gaineko ondorioei buruzko ikastaroa eta, ikuspegi transnazional batetik turismo fluxuen kudeaketaren oinarriak eta erronkak jorratuko dituen ikastaroa izango dira.

Uztailaren 2ko eskaintzari dagokionez, hizkuntza-aniztasunaren, mugaz gaindiko egituren eta komunikazio digitalaren arteko elkarreraginak aztertzea helburu duen ikastaroa eta Eusko Ikaskuntzak burutu berri duen Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu ikerketan sakontzeko ikastaroa izango dira.

Uztailaren 3an Euskararen lekukotasunak orain eta lehen izenburua daraman ikastaroan zuberera, Baigorriko egungo mintzoa eta euskararen tratamendua ,  bereziki hitanoa, aztertuko dira. Egun berean, agentzia duten gazte aktibisten nortasun politikoa eta nazio identitatea zergatik eta zertan oinarritzen den aztertzeko ikastaroa izango da, bereziki Euskal Herriko kasuetan arreta ipiniz.

Aste osoko ikastaroei segida eta amaiera emanez, uztailaren 4an mugaz gaindiko tokiko moneta baten sorreraren esperientziaz jarduteko parada izango da, Ipar Euskal Herrian Euskoaren ibilbidea eta egungo egoera aztertuz.

Izenemate epea zabalik ikastaroak ospatuko diren egunera arte