Kultura eta Artea
Hizkuntzalaritza eta Literatura
Doako jarduera
Gazteen ahotsak:  Hizkuntza-ideologiak eta kultur aniztasuna

Gazteen ahotsak: Hizkuntza-ideologiak eta kultur aniztasuna

Eka. 09 - 10. Eka, 2022 Kod. K01-22
Ikastaro guztiak

Azalpena

Gazteen hizkuntza-ideologiez jardungo dugu mintegi honetan, hizkuntza gutxituen hiztun gazteengan arreta jarrita. Eguneroan testuinguru kulturaniztunetan bizi diren gazte horientzat, zer-nolako esanahi eta funtzio soziala dute euskara, katalana edo galegoa bezalako hizkuntza txikiek?  Zer leku dute hizkuntza horiek  haien tokian tokiko kultu jardueretan eta hartu-eman birtualetan? Tokiz haraindiko korronte ideologiko eta kultural berriek, zein eragin dute gazte horiek egiten dituzten hizkuntza-hautuetan? eta haien hizkuntza horien inguruan dituzten ikuspegietan?

Mintegian euskal gazteak eta euskara ardatz dituzten ikerketak izango ditugu mintzagai nagusi, baina nazioartean izen handikoak diren ikerlariek parte hartuko dute eta  zabalduko dute eztabaida katalana, irlandera eta galegoaren kasura ere.

Irakurri gehiago

Helburuak

Mintegian gogoeta eta eztabaida-gune bat sortu nahi genuke. Gure asmoa da gazteen ideologien ikerlerroan etorkizuneko ildoak irudikatzeko moduko gogoeta partekatua egitea. Aldi berean, sinetsita gaude gazteen hizkuntza-politika berrietarako ideia iturri ere izan daitekeela.Horregatik, gonbidatuen artean izango dira  hizkuntza-plangintzarekin zerikusia duten erakundeetako kideak ere .

Mintegiak gazteei ere ahotsa eman nahi die, beren ikuspegia azaltzeko mahai-inguruetako eztabaidetan parte har dezaten. Helburu horrekin, gazteek osatutako mahai-inguru bat izango da eta ikerketa-ekintza jardunetan diharduten ikerlari gazteek gidatuko dute.

Irakurri gehiago

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikaslea
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Planifikazio teknikariak

Metodologia

Adituek parte hartuko dute mahai-inguru eta eztabaidetan, eta gazteen eta euskararen hizkuntza-plangintzaz arduratzen diren eragileen parte-hartzea sustatuko da.

Kolaboratzaileak

  • EUSKO JAURLARITZA. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • GAZTESARE ikerketa proiektua
  • NOR IKERKETA TALDEA

Zuzendariak

Agurtzane Elordui Urkiza

EHU

Agurtzane Elordui ikerlari eta irakasleak Soziolinguistikaren alorrean lan egiten du komunikabideetan bereziki aplikatua . UPV/EHUko Gizarte Zientzien eta Komunikazio Zientzien Fakultateko gradu eta masterretan irakasten du soziolinguistikaz eta komunikabideetako hizkeraz. Gaur egun hurrengo alor hauetan ikertzen du: hizkuntza ideologiak, hizkuntza gutxituak, sare sozialetako praktika aleaniztunak, ikus-entzunezko diskurtsoaren estilizazioa eta euskal gazteriaren aldaketa soziolinguistiko eta ideologikoak. NOR Ikerketa Taldeko (IT81-16) kidea da. Ikerketa talde horren barruan, eta Nafarroako Unibertsitatearekin eta Frantziako CNRSrekin (Baionako Unibertsitatea) elkarlanean, Gaztesare Eleaniztasuna eta euskal gazteriaren identitate glokalak sare sozialetan proiektuaren ikertzaile nagusia izan da 2018tik.

Josune Zabala Alberdi

Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaria Eusko Jaurlaritzan. Euskal Filologian lizentziatua (EHU, 2002), Hizkuntzen aditu titulua eskuratua (Mondragon Unibertsitatea, 2005) eta Euskal ikasketetan doktorego programa eta ikerketa gaitasuna burutua (EHU, 2008). Lan ibilbidean, euskara eta bere irakaskuntzaren alorra landu du, batez ere: helduen euskalduntzean euskara irakasle eta trebatzaile (AEK eta udal euskaltegiak, 1999-2004); Euskara Biziberritzeko planetan aholkulari (Azpeitiko euskara patronatua, 2004-2005), eta Mondragon Unibertsitatean irakasle (HUHEZI fakultatea, 2004-2008 eta 2012-2014). Ikerketari dagokionez, HIJE taldeko (Hizkuntzaren jabekuntza eta erabilera) eta Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza saileko partaide ere bada, eta Soziolinguistika Klusterrean ahozkotasunari buruzko ikerketa eta formazio ezberdinak gauzatu ditu. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendari lanetan dihardu egun Eusko Jaurlaritzan.

Irakasleak

Jokin Aiestaran Etxabe

Jokin Aiestaran Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Euskal Hizkuntza eta Komunikazio Saileko irakaslea da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta NOR ikerketa-taldeko kidea. Eleaniztasunaren eta hezkuntzaren, hizkuntza-jarreren eta hizkuntza-paisaiaren arloetan jardun da, eta, gaur egun, Gaztesare proiektuaren barruan, gazte euskaldunek sare sozialetan dituzten praktika eleaniztunak aztertzen ari da, hizkuntza-ideologia eta -identitateetan fokua jarrita. Azken ikerketa-ildo horretan, hauek dira haren azken argitalpenak: “Basque in Instagram: A scalar approach to vernacularisation and normativity” (Agurtzane Elorduirekin, Journal of Sociolinguistics, 2022), “How to be authentic in Instagram? Self-presentation and language choice of Basque university students in a multi-scalar context” (Agurtzane Elorduirekin, Pragmatics, 2022), eta “Euskal gazteen identitate digitalak: benetakotasunaren eraikuntza sare sozialetan” (Agurtzane Elordui eta Libe Mimenzarekin, Gazte eleaniztunak: mintzalari eta mintzagai liburuan, 2022).

Jaime Altuna Ramírez

UPV/EHU

Gizarte Antropologian graduatua EHUn eta “Ikasketa Feministak eta generokoak” masterra burutua. Ibilbide profesional luzea (1994. urtetik aurrera) garatu du haur eta gazteen heziketarako programetan, mota ezberdinetako lanak burutuz: kale antzerkia haurrentzat, telebistako haur saioen produkzio lana, ipuin kontalaritza, irakurketa sustatzeko programak, udalekuak, aisialdi zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa, aisialdiko begiraleen formazioan... Une honetan ikerketa lana egiten du: Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean doktoregai da eta AFIT-eko (Antropologia Feminista Ikerketa Taldea) kidea da. Lan esparru horretan azken urtetan ikerketa hauetan parte hartu du: “Euskara generoaren ispiluan barrena: hizkuntza praktikak, bizipenak eta gogoetak Lezo eta Pasai Donibaneko gazteen artean” (2016), “D ereduko kirola: ikerketa-ekintza proiektua” (2016-2018), ”Gu gazteok: 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasunera hurbiltzeko ikerketa partehartzailea” (2016).

Estibaliz Amorrortu Gómez

Deustuko Unibertsitatea

Estibaliz Amorrortu Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea) eta Hizkuntzalaritzan doktorea (University of Southern California) da. Euskara Batuarekiko jarreren inguruko Doktorego tesia egin zuen (2000). Gaur Deustuko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kulturako graduan Soziolinguistikaren inguruko gaiak irakasten ditu. Bere argitalpenetan gai hauek landu ditu: hizkuntza aniztasuna, diskurtsoaren azterketa, hizkuntza-praktikak eta ideologiak, besteak beste. Azken urteotan erdaldunen eta euskal hiztun berrien euskararekiko jarrerak, euskal hiztun berrien esperientziak, jarrerak eta identitateak eta, azkenaldian, gazteek euskararen aldeko mudantza-prozesuak burutu ditzaten baldintzak sortzeko ekintza-ikerketa partehartzaile baten dihardu, “Kontzientzia linguistiko kritikoa eta hiztunen agentzia: berdintasun soziolinguistikorako ekintza-ikerketa (EquiLing-Basq)” (PID2019-105676RB-C42 / AEI / 10.13039/501100011033) izeneko proiektuko IN delarik.

Avel-lí Flors Mas

Avel · lí Flors-Mas (Castelló de la Plana, 1988) soziolinguistika eta hizkuntza politikako irakasle irakurlea da Bartzelonako Unibertsitateko Filologia Katalana eta Hizkuntzalaritza Orokorreko Departamentuan, CUSC-UBko (UBko Soziolinguistika eta Komunikazioa Ikertzeko Zentroa) Zuzendaritza Kontseiluko kidea, eta Universitat Oberta de Catalunyako irakasle laguntzailea. Ikasketa Katalanetan doktorea da UBn, nerabe katalan eta valentziarren identitate sozialen eraikuntzan praktika eta ideologia linguistikoek duten rolari buruzko egin zuen tesia. Gazteen soziolinguistika, immigrazioaren soziolinguistika, demolinguistika eta hizkuntza-politika dira bere ikerketa-ildoak, eta hezkuntza-eremuan jartzen du arreta. 2019tik Societat Catalana de Sociolinguisticaren (SoCS) zuzendaritza-batzordeko kide da, Institut d 'Estudis Catalans erakundearen filiala.

Estitxu Garai Artetxe

Estitxu Garai Artetxe doktorea da Ikus Entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Aurretik, Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatu zen da eta Gizarte Komunikazioa masterra egin zuen. Ikerlari Bisitaria izan da New York-eko unibertsitate publikoan eta Irlandan, Limerickeko Unibertsitatean. Bere ikerketa jarduna hizkuntza gutxituetan eta feminismoan oinarritu du; ikergai nagusiak publizitate elebiduna eta patriarkatuaren birsortze mekanismoak izan dira. Gaur egun, hizkuntza markagintza aztertzen dabilen taldea zuzentzen du. Berria Taldeko Administrazio Kontseiluko kide izan zen 2016-2020 epealdian. Gizarte mugimendu ezberdinetako partaide da eta analista politiko gisa ere aritzen da euskarazko komunikabideetan: Argia, Berria, ETB1, ETB2, Euskadi Irratia eta Hamaika TB, besteak beste. Horretaz gain, ibilbide profesionalean, enpresa eta erakunde publiko ezberdinen komunikazio-aholkulari gisa dihardu.

Jone Goirigolzarri Garaizar

Jone Miren Hernández García

UPV/EHU

Jone M. Hernandez Gizarte Antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskara, euskal kultura, gazteria, aisialdia eta kirolari loturiko gaiak aztertu izan ditu, genero ikuspegia eta teoria feminista erabiliz gehienetan. Egun, emozioak eta gorputza bezalako gaiak ditu interesgune. Horretan ari da garatzen bere begirada, bai bertsolaritzari, bai euskal kulturari orokorrean. https://www.ehu.eus/eu/web/filosofia-hezkuntza-zientziak/hernandez-garcia-jone-miren

Marina Massaguer Comes

Marina Massaguer Comes Kataluniako Filologian lizentziatua da Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatean. Zuzenketa eta Hizkuntza Kalitateko Graduondoko Gradua egin du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Hizkuntza eta Kultura Aniztasunaren Kudeaketa Kataluniako Unibertsitate Irekian. Oxfordeko Unibertsitateko katalana irakasle izan zen 2012 eta 2015 artean. Centre de Recerca en Sociolingüística i Comunicació de la Universitat de Barcelona (CUSC-UB) soziolinguisten taldeko kidea da, eta bertatik koordinatu du, besteak beste. beste batzuk, “Argumentari per promoure l’ús del català entre els joves”, “Català, youtubers i instagramers: un punt de partida per promoure l’ús de la llengua” eta “Contextos, motivacions i estratègies dels aprenents de català reeixits al Consorci per a la Normalització Lingüística”, Avel·lí Flors-Mas eta F. Xavier Vilarekin batera. Gaur egun, bere doktorego-tesia amaitzen ari da “No-catalanoparlants a Catalunya: identitats socials, desigualtats i llengua catalana” Universitat Oberta de Catalunyan.

Ane Ortega Etcheverry

Ortegak Hispaniar Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Masterra Warwickeko Unibertsitatean egin zuen Itzulpengintzaren Ikasketetan, eta doktorea da Soziolinguistikan eta Hispaniar Ikasketetan Londreseko Unibertsitatean. Egun Begoñako Andra Mari Magisteritza Eskolako (BAM) irakasle titularra da, non Lehen Hezkuntzako graduan irakasten duen. Bere lan esperientzian azpimarratu daiteke gaztelania atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan Bretania Handian, eta HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatean. Bere irakaskuntza testuinguru elebidun/eleanitzetan hizkuntzaren didaktikan zentratzen da eta bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan. Ikerketari dagokionez, hizkuntza gutxituen soziolinguistikaren arloan eta testuinguru eleanitzetan hizkuntzaren irakaskuntzan zentratzen da. Ortegak ELEBILAB ikerketa taldeko eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako kidea da.

Elixabete Perez Gaztelu

Deustuko Unibertsitatea

Elixabete Perez Gaztelu (Errenteria, 1961). Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea da (Deustuko Unibertsitatea). Irakasle titularra da bertan. Komunikazio idatziaren eta Ahozko komunikazioaren irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko graduan. Tesia Koldo Mitxelenaren euskara noranahiko bihurtzeko egitasmoaz eta egitateaz egin zuen (1994). Koldo Mitxelenaren lanen eta Lexikologia gaien gaineko ikerketak argitaratu ditu batik bat (lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugaz eta hitz elkarketaz bereziki). Azken urteotan gazteen komunikazioaren, sare sozialetako hizkuntza erabileraren ikerketan dihardu. Euskaltzaindiko LEF batzordeko kidea izan zen iraun zuen artean eta euskaltzain urgazlea da (2006).

Joan Pujolar

Joan Pujolar (Olot, 1964), Filologia Anglo-Germanikoan lizentziatua (1987) eta Filologia Katalanean lizentziatua (UA Bartzelona, 1988), MA Hizkuntza Ikasketak (1991) eta doktoretza (1995, Lancasterreko Unibertsitatea). Soziolinguistikako irakaslea da, eta gaur egun Kataluniako Universitat Obertako Humanitate eta Komunikazioko Doktoretza Programaren zuzendaria. Mundu Globaleko Hizkuntza, Kultura eta Nortasuna Ikertzeko Taldea ere zuzentzen du. Kataluniako Soziolinguistika Elkarteko presidentea (2013-2019) eta COST Sareko presidenteordea izan da, "Hiztun berriak Europa eleanitz batean" gaiari buruz (2013-2017). Bere ikerketan aztertzen du identitateen eraikuntzan hizkuntzaren erabilera nola mobilizatzen den, eta horrek baliabide sinboliko eta ekonomikoak eskuratzeko dituen inplikazioak ere. Katalanaren erabilerari buruzko ikerketak egin ditu gazteak, etorkinak eta sektore ekonomikoak kontuan hartuta , baita turismo eta eleaniztasuna eta generoari buruzkoak ere. Gaur egun, ekintza-ikerketa proiektu kolaboratzaile bat zuzentzen du etorkinak katalanaren mundura hurbiltzeko guneak bilatzeko asmoz.

Fernando Ramallo Fernández

Jacqueline Urla

Jacqueline Urla Antropologiako irakaslea da Massachusetts Amherst-eko Unibertsitatean eta International Journal of the Sociology of Language-ko editorea. Antropologia kulturalean eta linguistikoan espezializatu zen, eta hainbat hamarkadatako ikerketa egin du euskararen aldarrikapenaren diskurtsoaren aldaketari buruz. Metodo etnografikoak erabili ditu hainbat gai aztertzeko: hizkuntzaren normalizazioa, gazteentzako komunikabideak, euskara rock erradikalean, hizkuntzari buruzko estatistikak, hiztun berrien identitateak eta hizkuntza eta neoliberalismoa. Reclaiming Basque: Language, Nation and Cultural Activism (2012) lanaren egilea da, eta Fernando Ramallorekin batera argitaratzen du “Activating New Speakers: Research among Spain’s Historic Linguistic Minorities.”, Journal of Multilingual and Multicultural Development aldizkarian.

Matrikula prezioak

Matrikula2022-06-07 arte
0 EUR

Kokalekua

Azkuna Zentroa

Arriquibar plaza, 4 - 48010 Bilbo

Bizkaia

43.25985,-2.93717

Azkuna Zentroa

Arriquibar plaza, 4 - 48010 Bilbo

Bizkaia