Gizartea
Zientzia eta Teknologia
Uda ikastaroa
Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran

Itzultzaile neuronalen eraginak euskararen erabileran

Ira. 11 - 11. Ira, 2024 Kod. G24-24

Azalpena

Itzulinguru proiektuan itzultzaile neuronalen erabilera ikertu da, haien erabilera hobetzeko eta tresna hauek euskararen biziberritzearen mesedetan baliatzeko asmoarekin. Hizkuntza praktikak araututa dituzten erakunde eta testuinguru anitzetan jarri du arreta proiektuak: Bigarren Hezkuntzan, enpresetan, administrazioan, osasungintza, hedabideetan, euskaltegietan eta unibertsitateetan. Euskal Herriko Unibertsitateko Innoklab ikerketa-taldeak eta Soziolinguistika Klusterrak koordinatu dute proiektua eta bertan parte hartu dute Osakidetza, Elhuyar, AEK, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak.

Itzultzaileen gaur egungo erabilera aztertu da eta 25 esku hartze esperimental egin dira azken hilabeteetan, euskararen erabilerarako aukerak zabaltzea, hizkuntza-kalitate egokia bermatzea eta erakundeen funtzionamenduan eraginkortasuna hobetzea ipar hartuta. Uda Ikastaroan, Itzulinguru proiektutik eratorritako ikasgaiak ezagutu eta aztertuko dira; baina horrez gain hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren olatuari aurre hartzeko gakoez hausnartuko da ikuspegi zabalago batetik.

Irakurri gehiago

Helburuak

Itzultzaile neuronalaren erabilerak sortzen dituen eraldaketak, gatazkak, distortsioak eta gaitasunak identifikatzea.

Itzulinguru proiektuan egindakoa gizarteratu eta emaitzen gaineko gogoetarako gunea eskaintzea.

Hizkuntza teknologien garapenari eta ezarpenari aurrea hartu eta ikasitakoa euskararen biziberritzearen mesedetan baliatzea.

Jarduera nori zuzenduta

  • Publiko orokorra
  • Unibertsitateko ikaslea
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Profesionalak

Programa

2024-09-11

09:00 - 09:15

Erregistroa

09:15 - 09:25

Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena

  • Eduardo Apodaka Ostaikoetxea | Euskal Herriko Unibertsitatea - Itzulinguru proiektuaren zuzendaria
09:25 - 10:15

“Itzulinguru proiektuaren ondorio nagusiak “

  • Asier Basurto Arruti | Soziolinguistika Klusterra - Itzulinguru proiektuaren koordinatzailea
  • Eduardo Apodaka Ostaikoetxea | Euskal Herriko Unibertsitatea - Itzulinguru proiektuaren zuzendaria
10:15 - 11:15

“Itzultzaile neuronalaren eragina testuinguru desberdinetan: administrazioa, enpresak, osasun erakundeak, euskaltegiak, ikastetxeak, unibertsitateak eta hedabideak“

  • Natalia Elvira García | Osakidetza - Itzultzailea
  • Maddi Etxebarria Bilbao | Elhuyar aholkularitza - Hizkuntza aholkularia
  • Asier Amezaga Etxebarria | Euskal Herriko Unibertsitatea - Irakaslea eta ikerlaria
11:15 - 11:45

Atsedena

11:45 - 12:30

“Itzulpen neuronala eta hizkuntza teknologiak osasungintzaren eremuan“

  • Gontzal Lopez Lopez | Osakidetza - Euskara Zerbitzu Korporatiboko burua
  • Olatz Perez de Viñaspre Garralda | Ixa Taldea (EHU) - Ikerlaria
12:30 - 13:15

“Itzulpen neuronala eta hizkuntza teknologiak hezkuntzaren eremuan“

  • Beñat Erezuma Arisqueta | Berritzegune Nagusia (Eusko Jaurlaritza-Hezkuntza Saila) - Aholkularia
  • Egoitz Etxeandia Romero | AIEDUtech eta Teach For All - Aholkularia eta ikerlaria
  • Elia Revuelta Estrada | Uribarri BHI - Zuzendariordea eta Berrikuntza Arduraduna
13:15 - 14:00

“Adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak enpresaren eremuan“

  • Ricardo del Corte Elduayen | LKS Next GobTech - Zuzendaria
15:30 - 17:30

Mahai ingurua: “Zer datorkigu eta nola aurrea hartu?“

  • Gorka Labaka Intxauspe | Hitz Zentroa (Euskal Herriko Unibertsitatea) - Irakaslea
  • Itziar Alkorta Idiakez | Euskal Herriko Unibertsitatea - Irakaslea
  • Irati Berasategi Aspuru | Media Attack / Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saila - Filosofoa

Zuzendariak

Asier Basurto Arruti

Soziolinguistika Klusterra

Soziologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean eta Hizkuntza-plangintzan unibertsitateko espezialista (HIZNET). Soziolinguistika Klusterrean dihardu euskara biziberritzeko ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetan. Landutako gaien artean daude gazteen hizkuntza-erabilera, behaketa bidez hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologiak eta hizkuntza-erabilera eta komunikazio irizpideen arteko harremana, besteak beste.

Eduardo Apodaka Ostaikoetxea

EHU

Eduardo Apodaka (Bilbo, 1965). Filosofian lizentziaduna eta Soziologian doktorea da, biak Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakaslea da. Bere ikergai nagusiak hauek dira: identitatea, psikologizazioa, indibidualizazioa, botere-harremanak, agintearen legitimazioa, hizkuntza- praktikak...

Hizlariak

Itziar Alkorta Idiakez

Uda Ikastaroak / Cursos de Verano, Zuzendari akademikoa / Directora académica

Zuzenbidean doktorea eta EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra. Bere ikerketaren ildo nagusia bioetika da eta gai horren inguruan hainbat monografia, artikulu zientifiko eta dibulgaziokoak argitaratu ditu. VI eta VII Europako Programa Marko-ko 4 ikerketa-proiektutan parte hartu du, baita Programa Nazionaleko hainbat ikerketa-proiektutan ere. New Yorkeko Hastings Center for Bioethics, Filadelfiako Unibertsitateko Center for Bioethics eta Bordeleko Unibertsitateko irakasle bisitaria izan da. Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia izan zen, eta ondoren Jakiundekoa, Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoa. UPV/EHUko irakaskuntzako kalitate eta berrikuntzako errektoreordea 2008 eta 2012 urteen artean, eta hezkuntza-ereduaren garapenaz, kalitate-programez eta unibertsitateko irakasleen prestakuntza eta ebaluazioaz arduratzen da. 2013 eta 2015 urteen artean, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea izan zen.

Asier Amezaga Etxebarria

Euskal Herriko Unibertsitatea

Iraskaslea Soziologia eta Gizarte Langintza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea Soziologian doktorea da. Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean (Erein, 2018) eta Gabriel Aresti eta euskal kultura esparrua (1953-1975) (UEU, 2022) liburuak argitaratu ditu. Eremu digitalean ematen diren harremanen gaineko ikerketak egin ditu eta, zentzu zabalago batean, kultura berrikuntzarako azpiegituren inguruan. INNOkLab ikerketa taldeko kidea da, diseinuan oinarritutako ikerketa metodologiekin lan egiten du bertan.

Irati Berasategi Aspuru

Fisikan Graduatua da eta Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egin du EHUn. Orduan hasi zen, ikuspegi filosofiko batetik, adimen artifizialaren eta kontzientzia artifizialaren arteko lotura ikertzen, eta honen garapenak eta ezarpenak dituen eraginak aztertu ditu baita. Ideia horien laburpen bat Elhuyar aldizkarian dago argitaratuta, "Adimen artifizialetik kontzientzia artifizialera" artikuluan. Oraindik ere, interes handia pizten dion gaia da eta zenbait mahai ingurutan parte hartu du teknologiaren garapena alderdi filosofiko batetik lantzera gonbidatuz. Egun, irakaskuntza masterra egin ondoren, Bilboko La Perrera espazioa koordinatzen eta gazteei zuzendutako STEAM programak garatzen dihardu, teknologia modu zabalean landu eta azter dezaten gazteek. Gainera, Filosofiako Gradua hasi du UNEDen alderdi filosofikoaren eta teknologiaren inguruan ikertzen jarraitu ahal izateko.

Ricardo del Corte Elduayen

Natalia Elvira García

Osakidetza

Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi ondoren, freelance itzultzaile eta irakasle gisa lan egin zuen, 2015ean Osakidetzan Gasteizko Zuzendaritza Nagusiko Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzultzaile eta interprete gisa lan egiten hasi zen arte. Han 8 urtez lan egin ondoren, 2023ko abenduaren 1ean, Goierri-Urola Garaiko ESIan hasi zen lanean, ESIaren antolakeeta- eta euskara-teknikariaren funtzioak garatzeko.

Beñat Erezuma Arisqueta

Ingeniaritza Tekniko Industriala, elektronikan espezializazioa eta goi mailako Ingeniaritza, Antolakuntza Industrialean espezializazioa ikasketak ditu. 13 urtez Teknologia eta Matematika irakaslea izan da. Hainbat urtez STEAM koordinatzailea izan da ikastetxean. STEAM aholkularia izan da Berritzegune Nagusian eta azken urteotan Elhuyar Zientzia Azoka eta STEAM Euskadi sarietako epaimahaikide ereizan da. Gaur egun, Digitalizazio eta Teknopedagogia aholkularia da Berritzegune Nagusian, pentsamendu konputazionala, programazioa, robotika eta adimen artifiziala biltzen dituen "Adi eskola" programan lanean dihardu. Adimen artifizialarekin sortutako Artiadi izeneko olerki liburua argitaratu zuen 2021. urtearen amaieran. Bere lanak eta artikuluakbere web-orrian (berezuma.com), zein bere twitter kontuan zabaltzen ditu.

Egoitz Etxeandia Romero

LAUAXETA IKASTOLA

AIEDUtech erakundearen sortzaileetako bat. AIEDUtech irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta hezkuntza-sektorean Adimen Artifizialaren eragina ikertzen eta aholkularitza lanak egiten oinarritzen da. Nazioarteko Teach For All erakundeko STEAM arduraduna da eta Harvard Unibertsitatearekin lankidetzan dihardu, STEAM metodologia eta proiektuak maila globalean integratzea ardatz duen ikerketa-proiektu batean. Urteko Irakasle Ekintzailearen Sari Nazionala jaso zuen 2021ean.

Maddi Etxebarria Bilbao

ELHUYAR

Komunikazio Zientzietan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Elhuyarren dihardu azken 25 urteetan, eraldaketa sozialerako aholkularitza alorrean, batez ere, euskararen biziberritzearekin lotutako proiektuetan. Landutako gaien artean daude enpresetako euskararen erabilera handitzeko plangintzak, hizkuntza-teknologiak eta euskararen erabilera, ebaluazioa eta neurketak, besteak beste.

Gorka Labaka Intxauspe

Univesidad del País Vasco (UPV/EHU)

Irakasle Atxikia Erakundea: Hitz Zentroa, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) Argazkia atxikita Curriculumaren laburpena (gehienez 1250 karaktere) Gorka Labaka UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Lengoaia eta Sistema Informatikoen saileko irakasle atxikia eta IXA ikerketa-taldeko kidea da. 2001ean sartu zen IXA taldean, artean Informatika Ingeniaritza gradua ikasten ari zela, eta 2010ean lortu zuen Informatikako doktoretza UPV/EHUn. Bere ikerketa-interes nagusiak lengoaia naturalaren prozesamendua eta itzulpen automatikoa dira. Tesian zehar euskara-gaztelania itzulpen estatistikorako sistema bat garatu zuen. Ordutik, zenbait ikerketa-proiektutan parte hartzea dela eta (MODELA, MODENA, TANDO...), hizkuntza pare horretarako itzulpen automatiko neuronalean lanean jarraitu du. Gaur egun, Europako SignON proiektuan parte hartu ondoren, Espainiako zeinu hizkuntzatik (LSE - Lengua de Signos Española) gaztelaniara itzulpen automatikoa lantzen hasia da.

Gontzal Lopez Lopez

OSAKIDETZA

Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko burua da 2019tik. Euskal Filologian lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea, 1994), eta HIZNET Hizkuntza-plangintzako graduondokoa (EHU, 2003) eta Terminologia masterra (Pompeu Fabra, 2014) eginak ditu. Helduen euskalduntzeko irakaslea izan zen AEKn (1989-1998), euskara trebatzailea Artez euskara zerbitzuan (1999-2000) eta euskararen normalizazioko teknikaria Ortuellako Udalean (2000-2005), Donostiako Ospitalean (2006-2010) eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian (2011-2019). Euskararen gramatika eta normalizazioari buruzko zenbait artikulu idatzi ditu Aizu, Ele, Mendebalde Alkartea, Administrazioa euskaraz eta Osatuberri aldizkarietan, eta Traumatologia hiztegia (Eusko Jaurlaritza, 2017), Osakidetzaren euskarazko estilo liburua (Osakidetza, 2022) eta Kardiologia hiztegia (Eusko Jaurlaritza, 2023) argitaratu ditu lantaldean. Itzulbide itzultzaile neuronalaren lantaldeko partaidea da.

Olatz Perez de Viñaspre Garralda

UPV/EHU

Informatikan Ingeniaria (2011), Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (2013) masterra egin nuen. Gaur egunean Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea eta ikerlaria naiz, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean. Doktorego tesia “Osasun-txostenak euskaraz idazteko baliabideak: terminologiaren euskaratzea, idazketarako laguntza eta itzulpen automatikoa” gaiaren inguruan egin dut Maite Oronozen zuzendari dudala, eta eginkizun nagusia SNOMED CT terminologia klinikoa barnebiltzen duen ontologiaren euskaratzea izan da. 2013. urtean Health Language Analytics enpresan hiru hilabeteko egonaldia egin nuen Jon Patrick doktorearen zuzendaritzapean, eta osasun-txosten elebidunak sortzeko lehen prototipoa garatu genuen bertan. Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen IkerGazte kongresuaren bi edizioetan talde dinamizatzailearen parte izan naiz

Elia Revuelta Estrada

Biologia-Geologiako irakaslea. Gaur egun, Basauriko (Bizkaia) IES Uribarri BHI institutuko zuzendariordea eta Berrikuntza Arduraduna. Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Ebaluaziorako Institutu Nazionaleko adituen taldeko kidea da (INEE). ISEI-IVEIrekin lankidetzan dihardu, DBHko 2. eta 4. mailetako ebaluazio diagnostikoaren zientzia-esparru berria idazten. Hezkuntzako aholkularia eta hizlaria EAEko ikastetxeetan. Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko LOMLOE-ko curriculum dekretuen Zientzien Koordinatzailea izan da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko B06 Basauri-Galdakao Berritzeguneko Zientzia eta Teknologiako aholkularia, zuzendaritza-taldeen eta IKT arduradunen aholkularia eta EAEko ebaluazio-taldeko kidea.

Matrikula prezioak

Aurrez aurre2024-05-31 arte2024-09-11 arte
25,00 EUR28,00 EUR
- 40,00 EUR
- 34,00 EUR
- 28,00 EUR
- 34,00 EUR
- 34,00 EUR

Kokalekua

Miramar Jauregia

Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia

Gipuzkoa

43.3148927,-1.9985911999999644

Miramar Jauregia

Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia

Gipuzkoa

Sustainable development goals

2030 Agenda da nazioarteko garapenerako agenda berria. Nazio Batuen Erakundeak onartu zuen 2015eko irailean eta giza garapen jasangarriaren aldeko tresna eraginkorra izan nahi du planeta osoan. Haren zutabe nagusiak dira pobrezia errotik desagerraraztea, zaurgarritasunak eta desberdintasunak urritzea, eta jasangarritasuna bultzatzea. Aukera paregabea eskaintzen du mundua 2030. urtea baino lehen aldatzeko eta pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko.

Garapen jasangarrirako helburuak

4 - Kalitatezko hezkuntza

Kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea eta pertsona guztientzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea. Gai gakoak: doako irakaskuntza, bidezkoa eta kalitatezkoa, goi mailako prestakuntzarako berdintasunezko sarbidea, garapen jasangarrirako hezkuntza, desgaitasuna duten pertsonentzako hezkuntza instalazio egokiak, ikaskuntza ingurune seguruak, ez-bortitzak, inklusiboak eta eraginkorrak.

Informazio gehiago
4 - Kalitatezko hezkuntza