All news

Adinekoentzako elkarbizitzarako etxebizitzen helburua ez da bakarrik osasuna eta ongizatea bilatzea, bizi-proiektu esanguratsuak sortzea baizik

Elkarbizitzarako etxebizitza oso kontzeptu zabala da, eta beregain hartzen ditu garapen ezberdina izan duten ereduak. Eredu horiek komunitate ezberdinak saretzen dituzte: autogestioan oinarritzen direnak, elkarri laguntzeko mekanismoak garatzen dituztenak eta ingurua eraldatzeko nahia azaltzen dutenak.

Adinekoekiko arreta falta da kooperatiba hauek konpontzen saiatzen ari diren arazo handietako bat. Oso hedatua dagoen arazoa den arren, landa eremuan premiazkoagoa da irtenbidea topatzea, egoitza publikoetako plazen kopurua baxua delako eta familiak ematen duen zaintza, gaurko egunean, sostengaezina eta urria delako.

Kooperatiba hauen parte diren pertsonetako askok ezin dute egoitza pribatu bat ordaindu, eta ezin dute publiko batera jo pentsio altuegia dutelako edo haien herri edo auzoan ez dagoelako egoitzetarako plazarik. Gainera, ez dute familia zaintzaz arduratzerik nahi edota, besterik gabe, ez dute beharrezko denean zainduko duten hurbileko seniderik. Batzuetan, beren gurasoak zaindu behar izan zituzten pertsonak izan ohi dira horiek, eta ez dute haien seme-alabek egoera bera bizitzerik nahi.

Familia-nukleoko eta familia osoko emakumeak, zeinak tradizioz adinekoen zaintzaz arduratzen ziren, lan-merkatura sartu dira eta lekualdatu egin dira hirietara, beste herrietara eta baita beste herrialdeetara ere. Kasu batzuetan, pixkanaka-pixkanaka, pentsatzen hasi dira haien adinekoak zaintzeko ardura ez dutela bakarrik hartu behar. Aldaketa hori mantso doa zaintza emakumeen lantzat hartzeak naturala izaten jarraitzen duelako, eta horrek zaintza-lanak gizonekin partekatzea galarazten duelako. Cohousing proiektuetan ere gauza bera gertatzen da, nahiz eta emakumeen ahalduntzearen aldeko erreminta gisa sortu ziren hein handi batean.

Elkarbizitzarako etxebizitzen proiektuak egungo egoitza geriatriko klasikoen alderdi etiko eta morala zalantzan jartzen du. Zahar-egoitza horien irudia gizatasunik gabekoa da; banakoaren duintasuna errespetatu ez eta bere deserrotzea handitzen duten lekutzat ditugu, ezagutzen ez dituzten pertsonekin bizitzera behartzen baitituzte adinekoak, aukeratu ez duten tokian. Halaber, profesionalek kudeaturiko eremuak dira eta, hortaz, diseinatuta daude arretaren funtzioa beste bizi-alderdien gainetik egon dadin: estetika, erabakiak hartzea (adibidez, noiz gosaldu eta noiz lokartu)… Eredu horri aurre egiteko, kooperatiba batzuek egoitza ezberdinak sortzea erabaki dute, adinekoek, talde batean, non, noiz eta norekin zahartu nahi duten erabaki dezaten. Zentro alternatibo horiek egoitzen araudia errespetatzen dute, eta bezeroen behar guztiak asebetetzeko arreta-zerbitzua eskaintzen dute, bizitzaren amaierara arte. Halere, kudeatzeko eragatik, zerbitzuen diseinuagatik eta ezaugarri arkitektonikoengatik, zerbitzuak eskaintzen dituzten apartamentuen itxura dute. Zentro hauetako ekipamenduaren zati handiena kooperatibaren partaideek beren jarduerak burutzeko dago pentsatuta: dantzak, kontzertuak, bideo-foroak, igerilekua, bilerak, kapera, meditazioa, kiroldegia, ile-apaindegia eta abar. Gainera, kasu askotan, pertsonarengan oinarrituriko arreta darabilten ereduak erabiltzearen aldekoak dira kooperatiba hauek eta mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonak ez isolatzearen aldekoak. Hala, lortu nahi dena da bizitzaren erdigunea ez izatea arreta soilik, baizik eta kooperatibak martxan jartzen dituen jarduerak.

Bestalde, etxean zahartzearen aldeko politikak kritikatzen dituzte kooperatiba hauek. Etxeko arreta ardatzean duten zerbitzuek segurtasunez zahartzea ahalbidetzen dute, baina ez dute bakardadearen eta isolamenduaren aurkako irtenbiderik eskaintzen; horixe da, hain zuzen, aipaturiko kooperatiba hauek eskaintzen duten irtenbidea. Kooperatiba gehienek berdinen arteko komunitate bat sortzea dute helburu, non zahartzaroa partekatuko duten hainbat adinekok. Erronka asko dakartza horrek, badirudielako zenbat eta pisu gehiago izan arreta-funtzioak zentroaren diseinuan, orduan eta zailagoa dela komunitate-bizi aktibo eta esanguratsu bat ehuntzea kideentzat. Arreta-funtzioa gailentzen bada, sozioak ez dira bertara bizitzera joaten arreta hori behar duten arte. Horrek, aldi berean, honako ideia hau indartzen du: egoitza horretara joango da pertsona benetan “zaharra” denean eta laguntza behar duenean. Gainera, egoitza alternatibo hauek eta tradizionalek bete beharreko araudia bera da, eta ez da erraza araudia betetzea eta aldi berean egokitzapenak eta aldaketak egitea egoiliar eta sozioen autonomia handitzearen alde.

Hargatik, bizikidetzarako komunitatea arreta-zerbitzuak erdigunean ez jartzean datza kasu batzuetan. Arreta-zerbitzuen kontratazioa eta kudeaketa beharra sortzen den heinean artikulatzen da, eta egoiliarren arteko laguntza nahikoa ez denean behar hori asetzeko. Gainera, helburua ez da zerbitzuak erdigunera eramatea, udalerriak jada eskaintzen dituen zerbitzu publikoak aprobetxatzea baizik. Horren ondorioz, kooperatiba hauek taldean bizi nahi duten pertsonei zuzenduta daude, hau da, elkarrekin bizitzeko eta proiektuak partekatzeko gogoa dutenei; ondorioz, helburu nagusia ez da etorkizuneko arreta-zerbitzuak ziurtatzea. Haatik, proiektu mota honen erronka nagusia da arreta-zerbitzuak sortzea beharra sortzen den heinean, proiektuaren iraunkortasuna kaltetu gabe.

Garapen-bidean dauden proiektu askoren oinarrian ez da nagusiki laguntza-baliabideak partekatzea, baizik eta bizi-proiektu bat elkarrekin sortzea, balio espezifikoetatik abiatuta eta asmoz eta elkarlanaz beteriko izaera sendoagoa izanik. Proiektu hauek beste proiektu motak (elkarte moduko proiektuak, etxebizitzako modukoak, administrazioari loturikoak) baino askoz ere anitzagoak dira, baina arazoa denetan dago. Arazoa da ez da laguntza falta, baizik eta talde falta, zahartzaroa partekatzeko eta bizi-proiektu esanguratsuak garatzeko taldeen falta.

Arrazoi horregatik, printzipio eta bizi-estilo konkretu batzuk partekatzen dituzten pertsonen elkarbizitzarako espazio gisa ikusten dute askok etxebizitza: beren bizi-eremua auzoari eta/edo herriari irekitako espazio ireki gisa ikusten duten adinekoak, eta elkarri laguntzeko eta eraldaketa soziala gauzatzeko prest daudenak; “eremu seguru” eta errespetuz beterikoan bizi nahi duten LGTBI pertsonak; beren zahartzaroa espiritualtasunera bideratu nahi duten pertsonak, printzipio eta sinesmen zehatz batzuen inguruan (komunitate budistak, kristauak…); bizi-estilo iraunkorragoa izan nahi duten pertsonak, hiritik urrun eta desazkundearen eta permakulturaren planteamenduei jarraiki. Halaber, proiektu hauek, kasu batzuetan, proiektu arkitektonikoekin uztartzen direnez, etxebizitza berriak sortzen dira hala. Beste batzuetan, ordea, jada eraikiriko espazioak aprobetxatzen saiatzen dira: espazioak berrerabiltzen dira edo gizarte erlazio berriak eta elkarbizitza-era berriak sortzen dora, deus berririk eraikitzeko beharrik gabe eta bizitzan aldaketa irmo bat eginez.

“Lehendabiziko olatuaren” kooperatiben ostean, proiektu mota hauen garapena errazteko helburuz enpresa sorta bat sortu da, eta honako hauei zuzenduta daude: historia partekatu bat eta funtzionatzeko era koordinatu bat duten taldeen kide ez diren arren, beren zahartze-prozesurako elkalbizitzan oinarrituriko bizi-estilo hori gustuko dutenak. Enpresa horiek interesaturiko pertsonak elkarrekin harremanetan jartzen dituzte, taldearen sorkuntzan laguntzen dute eta diseinu parte-hartzailea duten prozesuak jartzen dituzte martxan, kokapena eta diseinu arkitektonikoa taldearen beharretara egokitzeko. Hori gutxi balitz, administrazioarekin hitz egiten dute proiektuen garapena merketzeko irudimenezko formulak aurkitu ahal izateko; merketu bai, baina gainerako auzokideei edo komunitateari onuraren bat ematearen truke. Beste herrialde batzuetan gertatu den bezala, sektore profesional berri honen gorakada garrantzitsua da proiektu mota honen zabalkunderako. Baina are garrantzitsuago da tokian tokiko administrazioaren esku-hartzea, eta alor horretan ere gauzak aldatzen ari dira. Krisiaren ondotik, proiektu hauek berrikuntza sozial gisa ikusten hasi dira, ez bakarrik auzo edo herri baten ekonomia eta gizarte sarea berpizteko, baizik eta adinekoen mendekotasun funtzionala prebenitu eta atzeratzen dutelako eta “zahartze aktibo eta ahalduntzailea” sustatzen dutelako.

Zentzu horretan, adinekoen elkarbizitzarako etxebizitzak agertzea bultzada bat izan daiteke zahartze aktiboaren aldeko politikarentzat. Elkarbizitzarako etxebizitzen helburua ez da bakarrik osasuna eta ongizatea, baizik eta bizi-proiektu esanguratsuak eraikitzea, adinekoentzat zein komunitate eta inguruarentzat. Proiektu horien ondorio psikosozialez haratago, haien garapenak ondorio politikoak ere izango ditu: adinekoen herritartasunaren estatutuaren inguruko beharrezko eztabaida irekitzea eta eskubideen eta betebeharren inguruko birnegoziaketa hastea Estatuarekin eta merkatuarekin. Gainera, proiektu hauen garapenak herritarren parte-hartzea sustatzeko eta inplikaturiko kolektiboak ahalduntzeko gaitasuna duten mekanismoak praktikan jarriko ditu, eta lagunduko du kolektibo hauei zuzenduriko politikak ez hain “sektorializatuak” izaten, belaunaldiarteko ikuspegi batetik artikulatzen eta adinekoen aniztasuna sentiberatasun handiagoarekin ikusten.