All news

Depresioarekin bizitzea: kontakizun bat lehen pertsonan

Batzuetan apurtu egiten zara. Ez dira gorputzak kolpeekiko zaurgarri diren elementu bakarrak. Bizitzak, maiz, gaizki tratatzen zaitu. Eta ez da egiten duzunaren araberakoa, zure aldetik jartzen duzunaren araberakoa. Erresilientzia ere mugatua da, eta orduan desegiten da pertsona. Noski, objektuekin gertatzen den bezalaxe, batzuetan barrutik arrailtzen gara, nahiz eta begi-bistakoa ez izan. Eta gero, beste momentu batean eta apartekoak ez diruditen arrazoiengatik, zure izanaren arrailek aski dela esaten dute, pisu gehiago jasan ezin dezakezula. Zoazen tokira zoazela, kezka moduko batek hartzen zaitu non-nahi, eta zurekin gelditzen da, egiten duzuna egiten duzula. Zerbait ongi ez doala sentitzen duzu, identifikaezina. Sosegurik gabeko aldarte bat da, bakea kentzen dizuna. Alde egiten ez duen zoritxar bat, momentu atseginak zapuzten dituena. Sentsazio jasanezina, desioa dena buka dadin eta oraina desager dadin, momentuak betiereko izateari utz diezaion. Erraiak hortzikatzen dizkizun nahigabe bat da. Lo egiteari uzten diozu, eta manifestazio ororen artean, hori da, beharbada, krudelena, amesteari uzten baitiozu. Lehenago, behinik behin, amestea norberetiko ihesbidea zen. Orduan ez dago haatik oasi posiblerik. Ez dago pentsamenduetatik ihes egiteko modurik, ondoezetik ateratzeko biderik. Nekeak ere ez zaitu xurgatzen zaituen kezka horren zulotik ateratzen. Hasieran, gozatzeari uzten diozu. Ez zaitu ezerk ere betetzen, denak sumintzen zaitu. Baina ez da hor bukatzen. Ez dakit azaltzen nola funtzionatzen duen, eta ez dakit zergatik gertatzen den, baina hutsezina da: izpirituaren oinazeak oskol fisiko bat eraikitzen dizu. Ez da metafora hutsa, egiazkoa baizik. Azalaren gainazala hil egiten da. Ohartu orduko zombie baten gorpuan zaude. Lurrari so egin eta pentsatzen duzu: “nondik atera da odol hau guztia? Zer gertatu da?”. Orduan ohartzen zara beira zati bat duzula iltzatuta hanka-zolan, eta ez dakizu noiztik. Mugitu eta ez duzu minik sentitzen. Sukaldean, olioarekin erretzearekoan, zauria egiterakoan, horren berri duzu ikusten duzulako bakarrik, baina ukimenak ez du erantzuten. Sentikortasun fisiko falta putzu baten sakonerarekin aldera daiteke. Zenbat eta hondorago, orduan eta gutxiago sentitzen duzu. Barrutik zenbat eta gehiago urratu, orduan eta gehiago deskonektatzen duzu kanpoaldearekin.

Sentitzeko gaitasunak bezala, zure energiek ere ospa egiten dute. Depresio handia bizitzaren defizita da, izanaren hutsaltasuna. Eta gabezia horrek hartzen zaituenean, dena husten du. Depresioak ere momentu gorena duelako, existentzia urratzen deneko momentua. Orduantxe, nortasunak fatxada huts baten forma hartzen du, gezur hutsa bihurtzen da. Eta hori ez da nerabezaroan izan ohi den nortasun-krisi baten antzekoa. Ez da eboluzioa, inboluzioa da.

Aurrera jarraitzen duzu pilotu automatiko bat daramagulako. Ohartu ala ez, automatismo ugari dugu guregan, ohiturak eta bakarrik funtzionatzen diharduten baliabide kognitibo konplexuak. Baina existitzea bera jasanezin bihurtzen da.

Nola azal diezaiokezu horrelakorik bizi ez duen bati zure bizitzari amaiera eman nahi diozula? Bizitzea senezko ekintza dela diote. Baina senezkoa da ere sufrimendua ekiditea. Oinazea mugarritzeak eramaten zaitu hori egitera. Demagun agoniak betirako dirauela, jasanezin bihurtu dela eta ez dugula amairik ikusten. Horixe da depresio handi baten pasarte bat. Amildegitik erortzen zarenean, behera eta behera, Prometeoren kondena duzu zuregan. Betiereko eramankizun bat, zeinaren ihesbide bakarra zure burua akatzea den.

Depresioak min ematen du. Eta ez metaforikoki. Sufrimendua ez da abstrakzio bat. Min ematen du, bularrean sentitzen duzu.  Buruan edota erraietan. Non-nahiko ondoez hori, eta beti hor egongo deneko sentsazioa. Ez da kasualitatea suizidio-arrisku handiena duten bi kolektiboak depresio handia dugun pertsonak eta min (fisiko) kronikoarekin bizi direnak izatea. Sufrimendu iraunkorra sostengaezina da.

Noski, depresio handia gaindi daiteke. Horregatik hitz egiten dugu faseez. Hori bai, orduan ez dakizu horren berri, ez duzu sinisten, ezin duzu imajinatu ere egin. Barruan zaudenean, minak ez du etenik. Gainditzean, harro esango duzu beharbada: “Nire buruari aurre egin diot”. Baina depresio bete-betean, ezinezkoa da. Ez duzu hainbeste sufrimendu jasateko arrazoi eta indarrik aurkitzen. Ezin dizu inork sinestarazi kolpeek min egiteari utziko diotela jipoi baten erdian zaudela. Kolpeak bukatzea besterik ez duzu nahi. Aski. Horrela iristen da bat bere buruaz beste egiteko saiakera batera.

Nola da posible gaizki sentitzea, sufrimendu horretan murgilduta egotea, apurtzen ari zarela jakitea eta laguntzarik ez eskatzea? Orain, atzera begiratuz gero, erraza da azaltzen. Estigma kontua da, eta matxismoa. Baina gertatzen ari denean, ez duzu susmo txikienik ere ulertu ahal izateko aurreiritziek amildegian behera eraman zaitzaketela, edo sufrimendu-iturri direla, hots, zure osasuna kalte dezaketela.

Zergatik gertatzen den ulertzea erraza da: ezin diegu gizarteko aurreiritziei iskin egin. Geure buruari so egiten diogu, baina besteen begietako ispiluan. Eta jendarteak erakutsi digunez erokeria dela edo emozionalki ahulak direnen afera dela buru-osasunari loturiko diagnostiko bat jasotzea, psikofarmakoak hartzea edo, okerrago, ospitaleratze psikiatriko bat izatea… zeure buruari esaten diozu zu ez zarela “horietako” bat. Ez dugu laguntza bilatzen diagnostikatua izateak kikiltzen zaituelako. Aurreiritziak osasun-arazo larria dira, eta, horien erruz, krisi batean dagoenean bakarrik iristen da gaixoa zerbitzuetara, berreskuratzeko zailtasun gehiago dagoenean eta prozesuan okerrago bukatzeko gerta daitekenean.

Depresioari dagokionez, gainera, generoari loturiko ezberdintasunak daude genero-rolek markaturiko estereotipoekin lotuta daudenak. Emakumeak depresioarekin etiketatzeko joera handia dago; aitzitik, gizonon diagnostikoa sintoma larriagoak ditugunean burutzen da. Ni ez nintzen salbuespena izan. Etiketa horrek lanean eta gizartean izan ditzakeen ondorioak beldurtzen ninduen eta laguntza ez eskatzeko aitzakia handia izan zen hura.

Halere, behin ahaldunduta eta lotsa eta beldur guztiak gaindituta, baiezta dezaket, beti egiten dudan moduan, ez lukeela inor harritu behar ni, psikologo izanik, desokera mental handi baten diagnostikoarekin bizi naizela jakiteak, inor ez baita, dena delako formakuntza edo lanbiderekin, buru-gaixotasun bat izateko aukeratik libre. Hezkuntzak asko ematen digu, baina ez gaitu sufrimendutik babesten. Haatik, esan gabe doa, atzera begiratzen dudanean, aitortu behar dut lan-segurtasunaren baitan jarraituko duen bizitza bat dudala.

Orduan, segurtasun hori imajinaezina zen. Mundura txikituta eta etiketatua bueltatzeak izutu egiten du. Etxeratu nintzenean, bi hilabete kostatu zitzaidan gelatik ateratzea. Sintomen eta gainmedikazioaz haratago, giltzape-denbora horretan beldur handia sortzen zidan kanpoan gertatuko zitzaidanak.

Norberaren erantzule izatea ahalbidetzen eta sustatzen duen espazio batean bakarrik da posible gaixoaren rola alde batera uztea eta ahalduntzea. Medikazioa hartzera bideraturiko psikohezkuntza ahalduntzailea da; lisatzen ikastea ahalduntzea da; mandalak pintatzea, zoora bisita bat egitea, ahalduntzearen inguruko hitzaldi batera joatea… denak ahalduntzen du. Hori bai, beti-beti, profesionalek eskainiriko jarduerak izan ohi dira, erabiltzaileei zuzenduak. Boterea, esan gabe doa, goitik dator.

Halere, zentzu hertsian, zer da ahalduntzea?; nola lortzen da? Rappaport-en definizioaren arabera, “ahalduntzea prozesu bat da, pertsona, erakunde eta komunitateak burujabetzen dituen mekanismoa”. Argi dago, ordea, mandalak margotzeak ez digula gure existentziarekiko inolako kontrolik ematen. Autonomia pertsonalerako oinarrizko dohainak ikastea ere ez da ahalduntzea. Erabakiak hartzeak berak ere ez dauka efektu hori. Hala balitz, zer motatako düruma nahi dugun galdetzen diguten bakoitzean, ahalduntzen ariko ginateke. Hurrengo CineFórumaren pelikula edota hurrengo txangoaren tokia hautatzeak ez ditu ahalduntzeko baldintzak betetzen. Zerbait gehiago behar da. Ildo horretatik, Judi Chamberlin-ek, osasun mentalaren ahalduntzearen elementuak zehazki definitzerako orduan, azpimarratu zuen ahalduntzea ez dela erabakitzeko ahalmena izatea soilik, baizik eta gure bizitzan eta komunitatean aldaketa sortuko duten erabakiak hartu ahal izatea. Autogestioaren beharra argia da, etiketarik gabe eta profesionalen rola hartu gabe, gaixoaren rola determinatzen duen elkarrekiko jokoa deseraikitzeko.

Aktibismoaren bideak itxura ezberdina du orain. Ez datza aurreiritziak haustean eta lehen pertsonan eginiko elkarte-mugimendua posible, baliogarri eta iraultzailea dela erakustean. Pertsona eta erakunde ezberdinak hazten joan gara ortzimuga bererantz; bide ezberdinetatik, ordea. Gaur egun dena ez da basamortua eta gudu-zelaia. Kontua ez da bakarrik elkartzeko, berregiteko eta geure burua berreskuratzeko aterpe bat sortzea. Lotsa aldarrikapen bihurtu da. Ez da orain bilaketa pertsonal bat. Batzea eta elkarrekin haztea dira orain xedeak. Bereiz egiten ziren borrokak aspaldi hasi ziren batzen. “Amankomuna eraikitzen” da Entrevoces mugimenduaren leloa, eta prozesu horretan gaude. Azken finean, ausaz hasi zen hura, behar pertsonaletatik abiatuta, sare erraldoi baten zati bat da egun, eta egunero zabalagoa eta inklusiboagoa da, zeharkako borroka kolektiboa, osasun mentala ulertzeko eta bertan jarduteko era aldatzen diharduena.