All news

Egungo gazteen elikadura-ohituren aldaketa premia. Etorkizun jasangarriago bat helburu

Euskal Fondoako EAThink proiektuak orain arte euskal irakasleekin elkarlanean sortutako material didaktikoa plazaratu du ikastaro honetan eta horiek Hezkuntza Curriculumean nola bat egiten duten erakutsi. Baina, horretaz gain, beste hainbat ikuspuntu eta esperientzia partekatzeko gunea ere bilakatu da ikastaroa. 

Euskal Fondoa, Garapenerako Euskal Agentzia eta EHU Uda Ikastaroen ordezkariek ikastaroaren irekiera egin ostean, EHUko irakasle den Mirene Begiristain Zubillagak Hezkuntzan elikadura burujabetza agroekologiaren bitartez nola landu eta hori zergatik den garrantzitsua adieraztea izan du helburu “Herri hezkuntzatik elikadura burujabetza eraikitzen” saioaren bitartez. Hainbat datu eta gako mahaigaineratu eta oinarrizkotzat hartzen diren kontzeptu batzuk zalantzan jarri ditu hasiera batean, ondoren hezkuntzan lantzeko bideak marrazten joateko. Modu honetan, eskoletan agroekologia esperientziak, ezagutza, ortzi-muga berriak eta ukatutako historia berreskuratzeko tresna bezala aurkeztu nahi izan du.

Ikuspuntu hau ardatz hartuta, euskal eskoletan elikadura burujabetzaren gaia nola lantzen den ezagutzeko bi esperientzia praktiko ezagutu dira. Alde batetik, Altzoko Imaz Bertsolaria eskolan azken bi ikasturtetan haur eta lehen hezkuntzako ikasleekin egindako lana eta, bestetik, Andoaingo Leizaran BHI zentroan nerabeekin egindako aurrerapausoak plazaratu dituzte bertan diharduten irakasleek. Bi kasuetan, eskola-baratzea ardatz hartuta, adin-tarte ezberdinetako ikasleen interakzioa eta inguruko komunitatearen inplikazioa lortu daitekeela erakutsi dute eta Heziberri 2020 planak (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hezkuntza-sistema hobetzeko plana) markatzen dituen konpetentziak garatzeko aukera ezberdinak daudela ikusi izan dute ikastarora hurbildutako ikasleek. Bi esperientzia hauek borobiltzeko, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurumen hezkuntzako planak eta programak koordinatzen dituen Ingurugelako ordezkari batek elikadura burujabetzaren arloan egiten duten lana eta baliabideak aurkeztu dizkigu.

Baina eskolak beraiek ez ezik, hezkuntza mailan lan honetan diharduten gizarte mugimendu eta elkarte ugari dago. EAThink proiektuaz gain, Hazien Sareako eta Alimentacción (Landa-eremu bizi baten aldeko eskolen sarea) Sareko lana ezagutzeko aukera izan da bertako hezkuntza arduradunen eskutik. Lehenengoak, eskoletan hazien kontserbazioaren garrantzia ulertzeko egiten duten lana erakutsi du eta, bigarrenak, genero-ikuspegidun elikadura burujabetzaren printzipioetan oinarritutako eduki, material eta jarduerak euren zentroetan nola txertatzen dituzten azaldu du.

Ikastaroko lehen egunak askorako eman badu ere, bigarren egunak ikasleekin elikadura burujabetza lantzeko EAThink proiektuak dituen bi ardatz nagusi ezagutzeko aukera eman du: EAThink tailerrak eta Eskola-Baratzeak.

EAThink tailerrak elikadura ereduaren interdependentzia globalak lantzeko erreminta dira. Euskal ikasleen artean garapen jasangarriaren aldeko kontzientzia, konpromisoa, haien jarrera kritikoa eta parte-hartzea aktiboa sustatzea dute helburu tailer hauek. Horretarako, elikagaiek gure mahaira heltzeko egiten duten bidearen hausnarketa baliatzen da, metodologia dinamikoak erabiliz eta ikasleek haien ekimenak garatzea sustatuz. Halaxe erakutsi digu Kutxa Ekoguneako hezkuntza programako arduradunak hainbat adibide praktiko ikastaroko ikasleekin elkarbanatuz.

Eskola-Baratzeen inguruan solasteko Bizi Baratzeako aditua den Jakoba Errekondo izan dugu. EAThink proiektuarekin batera urte hauetan sortutako materialaren egokitasuna azaltzeaz gain (Eskola-Baratzea Libruruxka eta Eskola-Baratzeko Agenda), ikastarora hurbildutako ikasleen zalantzak argitzeko tartea izan da.

Ikastaroarekin amaitzeko, ikasleei berauei eman zaie elkarren artean parte-hartzeko aukera. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako taldeetan banatuta, elikadura burujabetza ikastetxean lantzeko proposamen berriak sortu dituzte. Ideiak partekatu, harremanak egin eta ikastaroan zehar hartutako ideiak eskoletan praktikan jartzeko aukera ezberdinak daudela jabetzeko unea izan da.

EHU Uda ikastaro hau egiteak eta partehartzaileen aldetik jaso ditugun kritika honek ikasle zein irakasleen formakuntzan jarraitzeko indarra eman digute eta horretan jarraituko dugu etorkizunean ere. Mila esker.