All news

Sexu-indarkeria ez da besterik gabe sexu-indarkeria; indarkeria patriarkala da

Generazio baten buruan, jokabide normaltzat eta ia erreminta pedagogikotzat jotzen zena gaitzesgarri eta zigorpeko bihurtu zen”. Baieztapen hori abiapuntutzat harturik hasi zuen Irantzu Varelak, kazetari eta militante feministak, bere aurkezpena, komunikabideetako sexu-indarkeriaren estereotipoen ingurukoa.

Zer da sexu-indarkeria? Kontzeptu “likido” bat dela argitu zuen Valerak, eta ez dela adostasunik lortu haren definizioaren inguruan, ezta juridikoki mugatzeko lanean ere. Espainiako zigor-kodeak, indarkeriaren eta larderiaren erabilerari dagokionez, sexu-abusuaren eta sexu-erasoaren arteko ezberdintasuna egiten du. Baina indarkeria edo larderia ideiak mugatzea zaila da; horren erakusle ditugu indarkeriaren eta larderiaren inguruko kontraesanez beteriko epaiak”.

Nolanahi ere, La Manadaren epaia azpimarratu nahi izan zuen. Bertan, biktimak, 18 minututan, 11 alu-, aho- eta uzki-sarketa jasan zituela frogatu zen, eta nahiz eta baimenik gabe burutu ziren, ekintza ez zen biolentotzat jo. Argi dago, hortaz, biolento denaren eta ez denaren interpretazio-markoa zabalegia dela.

Irantzu Varela haratago joan zen, gogorarazi baitzuen indarkeria ez dela besterik gabe sexu-indarkeria, indarkeria patriarkala baizik. Emakumeen aurka egindako indarkeria da, indarkeria sistemiko eta sistematikoa, eredugarria izatea duena xede.

Sorginen ehizaren oinordeko zuzena da, Europaren historiako genozidiorik isilena, milaka eta milaka emakume plaza publikoetan torturatu eta erail zituena, kontsolidatzen ari zen sistema kapitalistaren baitako feminitate funtzionala inposatzeko. Euskal Herriko feminizidio ofizialen buru izan zen Inkisidoreak esaten zuen “gutxi batzuk erail behar zirela denak hezitzeko”. Indarkeria horrek oso ongi egiten du bat heteropatriarkatuarekin, non, maitasun erromantikoaren eta senar biolentoarekiko beldurraren izenean, emakumeak zaintzale eta debaldeko sexu-asetzaile bihurtzen ziren, kasuan kasu.

Varelaren ustez, egun, heteroarauaren familia odolusten ari da, eta beste adierazpenetara lekualdatzen ari da indarkeria, non gizonek ez duten soilik uste emakumeak lor ditzaketela beren desirak asebetetzeko eta etxeko beharrak betetzeko, baizik eta emakumeen gorputzak nahi eran erabiltzeko eskubidea dutela ere uste duten. Hala, 2019. urteko gure jendarteak sexu-indarkeriatzat hartzen duena konbentzio bat da, eta, haren arabera, emakumeak demostratu behar du bere esku zegoen guztia egin duela bere gorputza ez inbaditzeko, eta horrela bakarrik izango da ekintza indarkeriazkoa eta indarkeriatzat hartua. Kontua ez da froga-zama non jarri behar den, ezta oinarrizko eskubideak ziurtatzea ere, baizik eta gogoratzea, gure jendartean, 2019. Urtean, emakumeen gorputzak inolako baimenik gabe konkista-espaziotzat kontsideratzen direla. Gainera, emakumeek errespetua aldarrika dezakete merezi dutela frogatu badute aurretik.

Kazetariaren aburuz, feminitate iraultzaile bat erabiltzearen ia halabeharrezko ondoriotzat daukate komunikabideek sexu-indarkeria, edo, besterik gabe, pasiboa, esanekoa, mendekoa, eta ez kirrinkaria den feminitatearen zirrikitu meharretatik ateratzearen ondorioa.

2019an, erasotzailearen “erreakzioa” azaltzen saiatzen dihardute komunikabideek, jendarteko maila orotan zilegitzat harturiko jokabidea izango ez balitz bezala. Erasotzailearen profila marrazten jarraitzen dute haren iragana, delitu-historia, aurrekariak edota “normaltasun-ezaren” balizko azalpenak ardatz gisa hartuta, pribilegioaren baitako izakien esperotako portaera ez balitz bezala; ukatzen zaiena lortzeko erremintatzat daukate indarkeria, haien ustez eskubide osoz erabil dezaketena.

Bestalde, biktimaren “zorte txarra” azaltzen saiatzen dira komunikabideak, emakumetasunaren elementu intrintsekoa izango ez balitz bezala: nagusitasuna beren posizio “naturala” dela pentsatzen duten horiek indarkeria sortzen dute, forma anitzetan aurkezten dena, etengabe eta ausaz.