EHUren Uda Ikastaroen 44. edizioari hasiera ofiziala eman zaio
Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiak “Mugarik gabeko artea. Mugak gaindituz, lengoaiak arakatuz” hitzaldia eskaini du irekieran.
Donostiako Miramar Jauregian ospatu berri da EHUko Uda Ikastaroen (UIK) 44. edizioaren inaugurazio ofiziala. Ia 200 lagun hurbildu dira ekitaldia aurrez aurre jarraitzera. Bertan Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordeko kideak, agintariak, ikastaroetako zuzendariak eta hizlariak eta hedabideetako ordezkariak izan dira, eta ia beste 100 lagunek jarraitu dute ekitaldia online.
Imanol Pradales Lehendakariak eman die hasiera ofiziala 2025eko Uda Ikastaroei eta berarekin batera, ekitaldian hitza hartu dute Joxerramon Bengoetxea EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren Presidente eta EHUko Errektoreak; Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak; Eneko Goia Donostiako Alkateak; Silvia Churruca BBVA Fundazioko Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako Zuzendariak; eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroen Zuzendari Akademikoak.
Imanol Pradales Lehendakariak hitzaldia Uda Ikastaroen sorrera bultzatu zuen izpiritua aldarrikatuz abiatu du, urrats horien ausardia lehen lerrora ekarriz eta ezagutza euskal gizartearen eskura jartzearen garrantzia azpimarratuz eta zera gaineratu du “ikasteko grina lotuta dago etorkizun hobea eta gizarte aurreratuagoa eraikitzeko grinarekin. Pertsona, komunitate eta nazio gisa hazteko giltza da. Aurrerabidearen itsasargia”.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ikerketarako askatasuna eta euskarak faktore integratzaile gisa duten garrantzia ekarri du lehen lerrora: “oinarrizkoa da ikerketarako askatasuna izatea, hori gabe ezingo delako zientzia garatu. Hain justu horixe da ezagutzari egiten diogun ekarpena. EHU lanean ari da eragin eremua zabaltzeko eta ahalik eta herritar gehienengana heltzeko, baita ezagutzaren, zientziaren eta pentsamendu kritikoaren gune seguruak sustatu eta bermatzeko, Uda Ikastaroak diren moduan. Baita euskara ere. Sinesten baitugu Euskal Herriko Unibertsitatera etorriko diren ikerlari eta irakasleentzat euskara ez dela oztopo, aukera baizik, eta berdin etorriko direla. Hori bakarrik ez! Askorentzat, gainera, izango dela euskara integrazio modu eta taldeko kide sentitzeko aukera berezia.”
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Uda Ikastaroek azken hamarkadetan izandako ibilbide arrakastatsuari balioa eman dio, beste herrialde batzuetan unibertsitatearen aurka egiten hasi diren bitartean, “ozeanoaren ertz honetan, urtero-urtero, zientziari eta ezagutzari leiho bat” zabaltzen zaiolako. “Gipuzkoa eta Euskadi aurreratu, ireki eta berdinzale bat eraikitzeko alea jartzen dugu. Herri gero eta demokratikoago bat garatzeko alea, azken finean. Arrazoimena, zientziak berekin dakarren eztabaida eraikitzailea, jakintza… ezinbesteko zutabea dira gure komunitatearen izaerari eta demokraziari eusteko garaian. Lurralde honek, Gipuzkoak, eta baita ere gure herriak, Euskadik, asmatu du azken hamarkadetan, zientziaren, berrikuntzaren eta, oro har, jakintzaren aldeko apustu irmoa egiten. Uda Ikastaro hauek ere apustu horren erakusle dira”, gehitu du.
Eneko Goia Donostiako alkateak hartu du hitza segidan. Donostia zientzia eta ezagutza hiria dela aldarrikatzeko hamaika arrazoi daudela eman du aditzera: “Donostian udak gozamenerako aukera ugari ematen ditu baina aisialdiaz gain, uda Donostiarrak pentsamendua eta bizi dugun munduaren azterketa sakonerako abagunea eskaintzen du. Lau unibertsitatek egoitza dute hemen, eta ia sei mila lagunek ikerkuntza eta ezagutzaren alorrean dihardute. Erronka haundiak ditugu eskuartean gainera, datozen hilabeteotan, IBM enpresaren ordenagailu kuantikoa lanean ikusiko dugu. Horrelako lorpena ez litzateke posible izango gaur hemen zaudeten erakundeon babes eta bultzadarik gabe, ezta Donostian dagoen goi mailako ekosistema zientifikorik gabe ere”. Eneko Goiak gaineratu duenez testuinguru horretan jarriko luke Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen jarduera.
BBVA Fundazioko Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria den Silvia Churrucak gogora ekarri duenez BBVA Taldeak 36 ediziotan babestu ditu Uda Ikastaroak, horietako 30 BBVA Fundazio gisa. “BBVA Fundaziotik bat egiten dugu ezagutzaren balioarekin, ondasun funtsezkoa baita, esklusiboa izan gabe, gizarte osoari helarazi behar zaiona. EHUrekin dugun lankidetzak ideia horri erantzuten dio: pentsamendu kritikoa, informatutako elkarrizketa eta etengabeko prestakuntza sustatzea, gizarte justuago eta gaur egungo erronkei aurre egiteko prestatua eraikitzeko oinarri gisa” gaineratu du.
Idoia Otaegui Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoak Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzailea osatzen duten erakundeen lankidetza eskertu du: BBVA Fundazioa, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, baita ikastaroen antolaketan parte hartzen duten sektore publikoko eta pribatuko eragileena ere. Horien babesari eta parte hartzaile diren ikastaroetako zuzendari eta hizlarien mailari esker kalitate handiko prestakuntzaz gozatu ahal da Uda Ikastaroetan. Uda Ikastaroak herritar orori zuzendurikoak direla gogorarazi du Otaeguik eta hiritar guztiei ezagutzaren aldeko apustua egiteko eta ezagutzarekin disfrutatzeko gonbidapena luzatzearekin bat zera erantsi du “desinformazioa gailentzen ari den garaiotan gero eta beharrezkoagoa da ezagutza eta pentsamendu objektibo eta kritikoa izatea, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoak dira Uda Ikastaroak”.
Irekiera hitzaldia, Miren Arzalluzen eskutik
Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordearen parte hartzearen ostean Miren Arzalluz Guggehnheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiak “Mugarik gabeko artea. Mugak gaindituz, lengoaiak arakatuz” hitzaldia eskaini du.
Adierazi duenez, XX. mendearen hasieran abangoardiak oldarka sartu zirenetik, arte sorkuntzarako diziplina arteko hurbilketaren ideiak XX. mendeko artea zeharkatu du gaur egun arte. Artearen transposizioa sormen adierazpen guztietara, literatura, musika, antzerkia, arkitektura, diseinu industriala edo moda, mugak gainditzeko, hizkuntza berriak esploratzeko, elkarrizketak sustatzeko eta eraldaketa kultural, sozial edo politikoa bultzatzeko nahitik sortu da.
Diziplina arteko ikuskera horren indar historikoa eta gaur egungo garrantzia gorabehera, erakunde ugarik ez dituzte askotan korronteak eta diziplina artistikoak zatitzera eta hierarkizatzera jotzen duten konbentzio historiografikoak gainditu nahi. Miren Arzalluzen ustez, erakunde museistiko garaikidean mugarik gabeko artea aztertzea eta interpretatzea aukera bat da, ez bakarrik artearen eta praktika artistikoaren esperientzia aberasgarriagoa ahalbidetzeko, baita gero eta publiko anitzagoarekin elkarrizketa, enpatia eta konexioa sustatzen dituen erakundea eraikitzeko ere.
Ekainean abiatu ziren Uda Ikastaroak eta matrikula zabalik dago
Ekainaren hasieran abiatu zen Uda Ikastaroen 44. edizioa eta irailaren amaiera bitartean, ikastaro andana da ezagutzaren baitan murgildu nahi duen ororentzat. UIKren atarian eskuragarri dago informazio osoa: www.uik.eus.