Berri guztiak

Tokiko moneta sozialak: mugaz gaindiko erronkak eta aukerak eztabaidagai

Uztailaren 4an, Baionako Cité des Arts izan zen Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen baitan antolatutako “Mugaz gaindiko moneta sozialaren erronkak” ikastaroaren topagune. Jardunaldian, gaur egun indarrean dauden esperientziak aurkeztu eta etorkizuneko aukerak eta erronkak aztertu ziren ikuspegi ekonomiko eta sozial batetik.

Euskoaren esperientziatik Baztanera eta Oarsoaldera

Ikastaroaren zuzendari Luis Intxauspe (Gizartearen Moneta) azaldu zuenez, Euskoak Ipar Euskal Herrian 12 urteko ibilbide arrakastatsua egin du eta, orain, esperientzia hori Hegoaldean zabaltzeko proiektu pilotuak jarri dira martxan Baztanen eta Oarsoaldean. “Helburua ez da soilik prozesua ezagutzera ematea, baizik eta eragile ezberdinen artean hausnarketak eta kezkak partekatzea, zailtasunak eta aukerak identifikatzeko” adierazi zuen.

Lurralde kohesiorako eta balioak lantzeko tresna

Baztango esperientziaz hitz egin zuen Lorea Lizarreta Baztango Udaleko hautetsiak. Gogorarazi zuenez, proiektu pilotua Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker abiatu da, herritarrekin egindako saioetan interesa neurtu ondoren. “Baztanen ikusi dugu tokiko txanpon batek ilusioa pizten duela, balio komunen gainean eragiten duela eta lurraldea kohesionatzeko baliagarria dela” azaldu zuen.

Elkarlanaren garrantzia

Ikastaroak goizeko hitzaldiak eta esperientzia trukerako tailerrak uztartu zituen. Horietan,  Luis Intxauspe eta Lorea Lizarretarekin batera Nikolas Blain Euskal Monetaren Koordinatzaileak eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak hartu zuten parte. Arratsaldean, mahai-ingurua izan zen, non Aizpea Otaegi Mitxelena (Oarsoaldeko Garapen Agentzia), Beñat Irasuegi (Olatukoop) eta Oier Onaindia (Mondragon Unibertsitatea) bezalako adituek mugaz gaindiko moneta sozialaren erronkei buruzko gakoak partekatu zituzten.

Etorkizunari begira

Jardunaldian nabarmendu zen tokiko moneta sozialen proiektu hauek ez direla soilik ekonomia sustatzeko tresnak, baizik eta tokiko kohesioa indartzeko, komunitatearen parte-hartzea sustatzeko eta balio sozialak lantzeko mekanismoak ere badirela. Proiektuak, gainera, dimentsio europarra hartu dezakeela azpimarratu zen, beste lurralde batzuetara zabaltzeko aukerarekin.