STEM diziplinak gazteengana hurbiltzeko zientzia-komunikazio inklusiboa
Baionako Cité des Arts aretoak uztailaren 1ean hartu zuen "Effective Science Facilitation for Engaging Diverse Youth in STEM" Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroa. EHUk, Bordeleko Unibertsitateak eta Galwayko Unibertsitateak antolatutako ekimen horrek ikertzaileak, irakasleak eta zientzia-dibulgazioko profesionalak bildu zituen, zientzia gero eta anitzagoa den gazteriari nola hurbildu hausnartzeko.
Prestakuntzaren helburua izan zen parte-hartzaileei zientzia modu inklusiboagoan komunikatzeko tresnak eskaintzea eta, aldi berean, tradizionalki arlo horretara iristeko aukera gutxiago izan duten gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzea.
Ikastaroa funtsezko ideia batean oinarritu zen: lan zientifikoa ez da laborategian amaitzen; ezagutza komunikatzen jakitea eta gizarte osoarentzat eskuragarri egitea ere badakar. Hala nabarmendu zuen Maren Ortiz Zarragoitiak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak. Azpimarratu zuenez, horrelako gaitasunek ia ez dute lekurik unibertsitate-ikasketetan, eta prestakuntza honek hutsune hori betetzeko aukera eskaini zuen. Era berean, Galwayko Unibertsitateak 2012tik garatzen duen Cell Explorers programa nabarmendu zuen. Nazioarteko erreferente bihurtu da zientzia-dibulgazio inklusiboaren arloan, eta haren metodologiek ikastaroko edukien zati handi baten oinarria osatu zuten.
Izan ere, Cell Explorers programa jardunaldiaren ardatzetako bat izan zen. Galwayko Unibertsitateko Muriel Grenonek azaldu zuenez, ekimenak unibertsitateko ikasleak prestatzen ditu haur eta nerabeekin —bereziki 10 eta 13 urte bitartekoekin— elkarreraginean aritzeko, ikertzaileekin elkarrizketa esanguratsuak sustatzen dituzten jarduera zientifiko inklusiboen bidez. Helburua da, halaber, zientziara hurbiltzeko aukera gutxiago izan ohi duten gazteengana iristea, beren burua arlo horretan islatuta ikus dezaten eta STEM diziplinetan etorkizuna irudikatzeko aukera izan dezaten. Adierazi zuenez, hurbileko erreferenteak izateak alde handia eragin dezake gazte askok «zientzia beraientzat ere badela» senti dezaten.
Bestalde, Bordeleko Unibertsitateko Karen Gaudinek azaldu zuenez, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaro honen helburua izan zen parte-hartzaileei zientzia-komunikazioari buruzko oinarri teorikoak eta jarduera praktikoak uztartzen dituen prestakuntza eskaintzea. Ikastaroan, besteak beste, kapital zientifikoa landu zen —zientziarekiko dugun harremana baldintzatzen duten esperientzien eta erreferenteen multzoa—, eta haurrek eta gazteek entzunak sentitzeko, beren gaitasunetan konfiantza garatzeko eta zientzia beren etorkizunaren parte ere izan daitekeela ikusteko esku-hartzeak nola diseinatu azaldu zen.
Jardunaldian zehar, hainbat gai jorratu ziren: kapital zientifikoa, parte-hartzearen psikologia, STEM espazio inklusiboen sorrera, komunikazio-trebetasunak eta dinamizazio-teknikak. Horretarako, Europako unibertsitate eta ikerketa-zentroetako adituek emandako hitzaldiak eta tailerrak uztartu ziren.
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaro honek Europako unibertsitateen arteko lankidetza indartu zuen, eta guztiek partekatzen duten erronka bati heldu zion: zientzia hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa egitea, gazte guztien artean bokazio zientifikoak sustatuz, haien testuingurua edo aurretiazko esperientzia edozein dela ere.