Berri guztiak

Euskararen inguruko diskurtsoak berritzeko gakoak, globaletik lokalera

Uztailaren 2an Baionan egindako Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak euskararen sustapenaren inguruko diskurtsoek gizartean duten oihartzuna aztertu zuen, Nafarroako esperientziatik abiatuta eta Ipar Euskal Herriko errealitateari begira.

Zerk pizten du euskaraz bizitzeko gogoa? Nola hitz egin euskarari buruz, hizkuntzatik hurbil sentitzen direnengana ez ezik, urrunago sentitzen direnengana ere iristeko? Eta zer diskurtsok lagun dezakete euskararen biziberritzea indartzen?

Galdera horiek izan ziren Globaletik lokalera: biziberritzen ari diren inguruko diskurtsoei erreparatzen ikastaroaren ardatza. Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen baitan, uztailaren 2an egin zen Baionako Cité des Arts-en, eta osorik euskaraz garatu zen.

Ikastaroa Eusko Ikaskuntzak eta Plazara elkarteak Ipar Euskal Herrian elkarlanean garatzen ari diren ikerketaren barruan kokatu zen. Euskararen inguruan dauden diskurtsoetan sakontzea eta gizartean identifikazio eta onarpen handiena zeinek sortzen duten ezagutzea du helburu ikerketak, aurretik Nafarroan egindako esperientzia erreferentziatzat hartuta.

Ana Urkiza Ibaibarriaga Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu zuenez, Nafarroan emaitza interesgarriak eman dituen metodologia Ipar Euskal Herrian aplikatzea da asmoa. Ikerketaren irismena, ordea, harago doa: fase honen ondoren, azterketa Euskal Autonomia Erkidegora zabaltzea aurreikusten da, 2028ra begira Euskal Herriko lurraldeetako diskurtsoen eta horien onarpen-mailaren ikuspegi bateratua lortzeko bidean aurrera egiteko.

Funtsezko auzia ez da soilik euskarari buruz zer esaten dugun, baizik eta nola kontatzen dugun. Hala planteatu zuen Xan Aire Hasket Plazarako kide eta soziolinguistak: diskurtsoaz hitz egitea ez da jendaurrean hitz egitea bakarrik; gure hizkuntza publiko desberdinen aurrean nola aurkezten dugun aztertzea ere bada. Ikerketak, beraz, interesa zerk pizten duen eta euskaraz bizitzeko zer izan daitekeen pizgarri identifikatu nahi du, baita gaur egun hizkuntzarekin harreman urrunagoa dutenen artean ere.

Begirada horrek Ipar Euskal Herriko errealitatea erronka askoz zabalago batekin lotzen du: hizkuntza-aniztasunaren etorkizunarekin. XXI. mendearen amaieran zergatik biziko garen euskaraz galdetzeak beste komunitate batzuk zergatik biziko diren ketxueraz, amazigeraz edo biziberritze-prozesuan dauden beste hizkuntza batzuetan galdetzera ere eramaten gaitu. Erronka globalen eta lurralde bakoitzetik eraikitako erantzunen arteko elkarrizketa horretan hartzen du zentzua, hain zuzen, globaletik lokalera begiradak.

Nafarroako esperientziatik testuinguru berrietara

Ikastaroaren abiapuntu nagusietako bat Nafarroan garatutako ikerketa izan zen, Carlos Vilches Plaza soziologo eta ikertzaileak eta Xabier Erize soziolinguistak aurkeztua. Biek euskararen sustapenari lotutako diskurtso-elementuek gizartean duten oihartzuna nola azter daitekeen ulertzeko gakoak eskaini zituzten.

Vilchesek bereziki nabarmendu zuen tresna kualitatiboak eta kuantitatiboak uztartzen dituen metodologiaren balioa. Prozesuaren lehen urratsa diskurtsoei azaleratzen uztea da, aldez aurretik kategoria itxietara mugatu gabe. Lehen fase horretan identifikatutako elementu esanguratsuenetatik abiatuta, haien irismena eta onarpena neurtzeko aukera ematen duen galdetegia osatzen da. Konbinazio horrek, gainera, ikerketa beste lurralde eta testuinguru batzuetara eramateko aukera eskaintzen du.

Erizek, berriz, Nafarroako esperientziako zer elementuk duten parekotasuna Ipar Euskal Herrian eta zeinek erantzuten dieten bestelako errealitateei arretaz aztertzeko beharra azpimarratu zuen. Aldaketa politiko eta sozialek markatutako testuinguru batean, oinarri enpiriko sendoa izatea bereziki garrantzitsua da diskurtsoen esanahia eta hizkuntzarekiko jarreren bilakaera ulertzeko.

Hausnarketari Iñaki Martinez De Luna, Euskaltzaindiaren Euskararen Biziberritzea Araban egitasmoaren koordinatzailea eta Garabideko lehendakaria, batu zitzaion, eta azken urteotan hizkuntza-biziberritzeari lotutako diskurtsoen inguruan pilatutako hainbat ikasgai partekatu zituen.

Begirada desberdinak, euskara nola kontatzen dugun birpentsatzeko

Ikastaroak ikuspegi soziolinguistikoak, sozialak eta sortzaileak bildu zituen, diskurtsoen eta horiek gizartearekin konektatzeko duten gaitasunaren inguruko hausnarketa zabaltzeko. Alex Filiatreau Apitropikeko sortzaileak berrikuntzaren eta sorkuntzaren ikuspegia ekarri zuen; Eneko Gorri Plazarako kideak eta Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko ordezkariak, berriz, Ipar Euskal Herriko gizarte-errealitatetik heldu zieten euskararen inguruko diskurtsoei, galdera bereziki esanguratsu bat abiapuntu hartuta: nori zuzentzen gatzaizkio eta zer kontatzen diogu?

Gizarte-zientzien ikuspegia Elena Casiriain Iturririak, EHU/Toulouse Jean Jaurès eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluari lotuak, eta June Telletxea Franco EHUko irakasleak ekarri zuten, Kimetz Perez Harispe Plazarako kideak moderatutako solasaldian.

Osagai parte-hartzaileari esker, hausnarketa horiek oihartzun handiagoa izan dezaketen diskurtso-elementuen identifikaziora eraman ziren, Xan Aire Hasket eta Hélene Charritton Plazarako formatzailearen eskutik.

Azken batean, ikuspegi osagarrietatik heldu zitzaion galdera berari: nola eraiki gizarte anitz batekin konektatzeko gai diren euskararen inguruko diskurtsoak?

Izan ere, hizkuntza baten biziberritzea ez dago soilik hiztun kopuruaren edo erabilera-eremuen mende. Garrantzitsua da, halaber, hizkuntza nola kontatzen dugun, zer baliorekin lotzen dugun eta identifikazioa, interesa eta hurbiltzeko gogoa sortzeko zer gaitasun dugun.

Hor dago hausnarketak zabalik uzten duen erronka nagusietako bat: askotariko sentsibilitateekin konektatuko duten euskarari buruz hitz egiteko moduak aurkitzea eta euskaraz bizitzea hautatzeko espazioak —sozialak zein pertsonalak— zabaltzen laguntzea.