Gentrifikazio turistikoa eta kultur minorizazioa
Libertimenduak eta euskararen aktibismo berriak Performantziaren Aroan
Azalpena
Jardunaldi honek gentrifikazio turistikoaren eta kultur minorizazioaren arteko harremana aztertzea du helburu. Bi prozesu horiek elkarrekin gurutzatzen dira gaur egun euskararen eremuko hainbat hiri eta herritan, eta horrek euskararen eta euskal kulturaren biziraupenerako erronka berriak ekarri ditu.
Soziolinguistikaren alorreko hainbat ikerketaren arabera, hizkuntza minorizatuak “Performantziaren Aroan” bizi dira gaur egun, eta, ondorioz, hizkuntza-aktibismo berriak performantzia eta sormen-praktiken bidez garatzen ari dira. Ikuspegi horretatik, performantzia ez da soilik adierazpen artistiko edo kulturala; hizkuntzaren eta kulturaren inguruko kezkak, aldarrikapenak eta botere-harremanak artikulatzeko tresna ere bada.
Adierazpide horien artean bereziki aipagarriak dira libertimenduak. Jatorriz Baxenabarreko inauteri erritual tradizionala izan arren, gaur egun Euskal Herriko hainbat tokitan berrasmatzen ari den praktika kolektiboa da libertimendua.
Libertimenduetan, euskal kulturaren aldeko aldarri bizia egiteaz gain, ageri-agerian jartzen dira euskararen minorizazio-prozesuan eragina duten bestelako kezka sozial eta politikoen arteko loturak. Alde horretatik, azken urteotan bereziki nabarmendu den gai bat izan da turistifikazioak eta gentrifikazioak komunitatearen identitate linguistiko eta soziokulturalean duten inpaktua. Añorgako dibertimenduak, esaterako, komunitatearen kapital soziala baliatzen du Donostiako gentrifikazio sozial eta kulturalari aurre egiteko.
Jardunaldiak formatu parte-hartzailea izango du, eta unibertsitatearen eta herri-komunitateen arteko elkarrizketa sustatu nahi du. Añorgako, Hazparneko eta Iruñeko libertimenduez hitz egingo dugu eta libertimendu horietako partaideek beren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren sendotze-bidean erritual horiek duten garrantziaz gogoeta egiteko.
Helburuak
Gentrifikazio turistikoaren eta kultur minorizazioaren arteko harremanak aztertzea euskararen testuinguruan.
Performantzia-praktikek eta sormen-praktikek gaur egungo hizkuntza-aktibismo berrietan duten eginkizuna aztertzea
Libertimenduak komunitatearen ahotsaren eta identitate kolektiboaren eraikuntzarako espazio gisa ulertzea.
Euskararen aldeko aldarrikapenen eta bestelako kezka sozial eta politikoen arteko lotura ideologikoak identifikatzea.
Añorgako dibertimenduaren kasuan, Donostiako gentrifikazio sozial eta kulturalari aurre egiteko komunitatearen kapital soziala nola baliatzen den agertzea.
Libertimenduak komunitatearen ahotsaren eta identitate kolektiboaren eraikuntzarako espazio gisa ulertzea.
Añorga, Hazparne eta Iruñeko libertimenduetako partaideen arteko eztabaida eta gogoeta partekatua bultzatzea, erritual horiek euskararen eta euskal kulturaren mantentzean duten garrantziaz hausnartzeko.
Jarduera nori zuzenduta
- Publiko orokorra
- Unibertsitateko ikaslea
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
Metodologia
Jardunaldiak bi metodologia uztartuko ditu:
- Alde batetik, hitzaldien bidez aztertuko dira gentrifikazio turistikoaren eta kultur minorizazioaren arteko loturak, bereziki euskararen eta euskal kulturaren biziraupenean eta transmisioan duten eragina. Era berean, gaur egungo hizkuntza-aktibismoaren testuinguruan, performantzia- eta sormen-praktikek betetzen duten funtzioari buruzko hausnarketa sustatuko da.
- Bestetik, Añorga, Hazparne eta Iruñeko libertimenduetako partaideak elkartuko dituzten mahai-inguruen bidez, esperientzien trukea, eztabaida kolektiboa eta gogoeta partekatua bultzatuko dira.
Antolakuntza
Lankidetza
Zuzendariak
Agurtzane Elordui Urkiza
EHU
Agurtzane Elordui ikerlari eta irakasleak Soziolinguistikaren alorrean lan egiten du komunikabideetan bereziki aplikatua . UPV/EHUko Gizarte Zientzien eta Komunikazio Zientzien Fakultateko gradu eta masterretan irakasten du soziolinguistikaz eta komunikabideetako hizkeraz. Gaur egun hurrengo alor hauetan ikertzen du: hizkuntza ideologiak, hizkuntza gutxituak, sare sozialetako praktika eleaniztunak, performantzia, ikus-entzunezko diskurtsoaren estilizazioa eta euskal gazteriaren aldaketa soziolinguistiko eta ideologikoak. NOR Ikerketa Taldeko (IT81-16) kidea da. Ikerketa talde horren barruan, eta Nafarroako Unibertsitatearekin eta Frantziako CNRSrekin (Baionako Unibertsitatea) elkarlanean, 'Gaztesare Eleaniztasuna eta euskal gazteriaren identitate glokalak sare sozialetan' egitasmoaren ikertzaile nagusia izan da 2018-2022. Gaur egun 'Gazte ahotsak: gazte kultura, euskara eta ideologia linguistikoak' egitasmoa zuzentzen du eta Estandarev. Estandarizazio linguistikoaren berrikuspena: mediatizazioa, bernakularizazioa eta ideologia linguistikoak Espainia garaikidean' egitasmoaren Euskal Herriko arduraduna da. .
Jokin Aiestaran Etxabe
UPV/EHU
Jokin Aiestaran Etxabe Euskal Hizkuntza eta Komunikazio Saileko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta NOR ikerketa taldeko kidea. Eleaniztasunaren eta hezkuntzaren, hizkuntza-jarreren eta hizkuntza-paisaiaren arloetan egin du lan. Gaztesare proiektuaren barruan, gazte euskaldunen sare sozialetako hizkuntza-praktika eleaniztunak aztertu ditu, hizkuntza-ideologiak eta identitateak ardatz hartuta. Gazte-ahotsak proiektuan, “´Iruinkokoa´ and the Basque semiotic landscape” argitaratu du (C. Amorós Negre; G. Prego Vázquez (arg.), Ethnographic Landscapes and Language Ideologies in the Spanish State. Routledge (Agurtzane Elordui eta Samara Velterekin batera, 2025).
Kokalekua
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa