All news

TopaGune proiektuaren bigarren fasea garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) antolatutako ekintzetan partaidetzaren garapenean aurrera egiteko akordioa sinatu dute Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Diputatuak eta Itziar Alkorta UIK-ko zuzendari akademikoak.

Itziar Alkorta eta Eider Mendoza akordioa sinatzen

TopaGune proiektuaren helburua, Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta politikoek, eta, oro har, herritarrek, gizarteko gai garrantzitsuei buruz eztabaidatu eta ezagutza partekatzeko gizarte-erreferentziazko Etorkizuna Eraikiz Partaidetza eredua UPV/EHU Uda Ikastaroetara zabaltzea da.

2020 -2023an garatu da TopaGune proiektuaren lehen fasea eta esperientziaren balorazio oso positiboa egin dugu UIK-k zein Gobernantza Departamenduko Herritarren Partaidetza zuzendaritzak.

Lehen fase hori amaituta, TopaGune proiektuak jarraipena behar duela argi ikusi eta 2023-2025 eperako lankidetza berritu dugu. Bigarren fase honetan erdietsi nahi diren helburuak honakoak dira:

  • UIK-k antolatzen dituen jardueretan, ikasleen parte hartze aktiboa sustatzea eta bultzatzea.
  • Ebidentzietan oinarritutako ebaluazioaren bitartez, parte hartze metodologietan sakontzea eta eredu berriak esperimentatzeko bideak irekitzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen uda ikastaro desberdinetan, TopaGune proiektura gerturatzeko saiakera egitea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko beste guneekin sinergiak aurkitzea. UIK eta herritarren partaidetzaren arteko lankidetza zabaltzea:  Gipuzkoako Eskola Irekia, Elkarteen Foroa edota Gizarte Kontseilua bezalako foroetara.
  • UIK-ko lantaldearen prestakuntza bultzatzea ekintzetan partaidetza metodologiak txertatzeko laguntza eskaini ahal izateko.
  • Prozesuaren sistematizazioa dokumentatzea, ekintzetako zuzendariei ikastaroak parte hartzaileagoak egiten laguntzeko asmoarekin.

2023an Gipuzkoako Foru Aldundiak 45.000 euro bideratuko dizkio UIK-ri proiektua finantzatzeko.

2023ko Udako Ikastaroetan hainbat ikastaro partaidetza metodologia berritzaile hauetan oinarrituta diseinatu eta garatuko dira. Urtez urte zabaltzen eta handitzen doaz praktika hauek barneratzen dituzten ikastaroak; 2023an 20 ikastarotan parte hartze metodologia desberdinak erabiliko dira. Orain artean, TopaGune programan parte hartu duten Uda Ikastaro hauetako zuzendariek eta ikasleek metodologia partehartzaile hauekin garatutako saioak aberasgarriak gertatu zaizkiela nabarmendu dute.