Berri guztiak

Nola kudeatu hobeto turismoa mugaz gaindiko lurraldeetan?

Baiona, mugaz gaindiko turismoa birpentsatzeko elkargune izan da eta Euskal Herria Hirigune Elkargoko Quentin Laillé zein Daniel Olçomendiren eta Deustuko Unibertsitateko Marina Abad-en adierazpenak jaso ditugu.

Lurralde ahul eta partekatuetan presio turistiko gero eta handiagoaren testuinguruan, 2025eko uztailaren 1ean Baionako Cité des Arts-en ikastaro garrantzitsua ospatu zen: “Mugaz gaindiko lurraldeetako turismo-fluxuak: zer eragin eta zer irtenbide kudeaketa hobe baterako?”. Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen baitan kokatutako jardunaldi honek turismoaren sektoreko profesionalak, erakunde publikoak eta mundu akademikoko adituak bildu zituen helburu argi batekin: lankidetzatik abiatuta, turismoak hiri, landa eta natura-ingurune partekatuetan dakartzan erronkei irtenbide jasangarri eta berritzaileak bilatzea.

Egun osoan zehar hainbat esperientzia praktiko, tresna teknologiko eta azterlan aurkeztu ziren, masa-turismoaren erronkez, ingurumen-inpaktuaz, mugikortasunaz eta gune sentikorretara sartzeko arauketa-neurriez hausnartzeko. Marina Abad Galzacorta Deustuko Unibertsitateko irakasleak azpimarratu zuenez: “Muga batean edo bestean egon, aurrez aurre ditugun erronkak partekatuak dira. Neurriak ere antzekoak dira, eta elkarri ikasi behar diogu. Turistentzat, azkenean, muga ez baita existitzen.”

Bestalde, Daniel Olçomendi, Euskal Herria Hirigune Elkargoko Turismo Jasangarriko lehendakariordeak, horrelako topaketen balioa nabarmendu zuen: “Ikastaro hauek aukera paregabea dira turismoaren alorreko ikertzaile eta eragile nagusiekin elkarrekin lan egiteko. Lurralde guztietan arazo komun bat partekatzen dugu; horregatik, ezinbestekoa da elkarrekin hausnartzea, esperientziak trukatzea eta turismo orekatuago baterako estrategia partekatuak eraikitzea.”

Ikastaroaren zuzendaria eta Euskal Herria Hirigune Elkargoko Turismo arduraduna den Quentin Laillék, elkarlanaren eta praktiken trukaketaren garrantzia azpimarratu zuen: “Turismoaren kudeaketa eguneroko gaia da guretzat. Jardunaldi hau benetako esperientziak partekatzeko aukera izan da, eta elkarrekin, turismo-fluxuen mugaz gaindiko kudeaketa bat imajinatzeko parada ere bai.”

Ikastaroa saio parte-hartzaile batekin amaitu zen, iparraldeko eta hegoaldeko erakundeen arteko lankidetza-modu berriak irudikatzera gonbidatzen zuena. Bertan, ezagutza partekatuaren balioa nabarmendu zen, turismoaren erronkei modu jasangarri eta koordinatuan aurre egiteko giltzarri gisa.