All news

Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendari berria

Itziar Alkorta UPV/EHUko Zuzenbide zibileko irakasle titularra da. Bere ikerketa eremua biomedikuntza arloan pertsonen eskubideak dira. Pertsona, Ondarea eta Familia Ikerketa talde kontsolidatuko kide da. Bioetikaren arloan disziplinartekotasunezko ikerketa proiektuetan esperientzia zabala du Europar Batzordeko Ikerketa programa markoan. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketarako sailburuorde (2013-2015); Kalitate eta Berrikuntzarako Errektoreorde izan zen (2009-2012), eta Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako idazkari nagusia (2010-2011) izan da, besteak beste. Gaur egun, Euskampus-Bordeaux Mugarteko Campusaren Ocean i3 proiektuaren koordinatzailea da.

Itziar Alkorta izango da hemendik aurrera UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria, udako eskaintza akademikoaren barruan izen handia lortu duen ekimena. Uda Ikastaroen zuzendaria Ricardo Echepare izan zen luzaroan eta 2007an José Luis de la Cuestari utzi zion lekukoa eta honek Carmen Agouesi. Agouesek esan duenez, “atsegin handiz” bizi izan duen zikloa bukatutzat ematen du eta berriz ekiten dio denbora osoz Administrazio Zuzenbideko irakasle eta ikertzaile lanari.

Hemendik aurrera, Itziar Alkortak hartuko du proiektuarekin jarraitzeko ardura, bere hitzetan “ikasturte hauen kalitatea eta hedapenaren alde lan egiten jarraitzeko”.