All news

44. edizioak EHUko Uda Ikastaroek ezagutzaren transferentzian duten sendotasuna berretsi du

Uda Ikastaroek gizartearen garaiko kezka nagusien eztabaida eta hausnarketarako eta ezagutzaren transmisiorako foro gisa betetzen duten funtzioa nabarmendu da beste edizio batez. 14.330 pertsonek hartu dute parte antolatu diren 170 jardueretan.

EHUko Uda Ikastaroen 44. edizioak balantze oso positiboa utzi du, ezagutzaren trukerako eta gizartearen erronka nagusiei buruzko hausnarketa kritikorako topagune gisa sendotuz. 170 jarduera antolatu dira eta 14.330 parte-hartzailek gozatu dute Uda Ikastaroetako programazioaz.

Hala adierazi dute gaur Donostiako Miramar Jauregian Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako errektoreordeak eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendari akademikoak egindako agerraldian.

Ezagutza lurralde osora zabalduz

Aditzera eman dutenez Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Baionak hartu dituzte jarduera gehienak. Era berean, ezagutza lurraldean zehar barreiatuz herritar guztiengana hurbiltzeko helburuari erantzunez, eskaintza beste hainbat herritara ere zabaldu da: Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Lekeitio, Lesaka, Zaldibia, Zerain eta Zubietara hain zuzen ere. Aurrez aurre ez ezik online ere jarraitu ahal izan dira ikastaroak.

Gaurkotasunezko programa anitza

Eduki akademikoari dagokionez 2025eko edizioak interes sozial handiko gaietan jarri du arreta, hala nola Kultura eta Artea, Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa, Zientzia eta Teknologia. Era berean, bizikidetza, demokrazia, iraunkortasuna eta adimen artifiziala bezalako gaiek ikasgeletan eman diren eztabaidak zeharkatu dituzte, testuinguru sozial eta geopolitiko aldakorraren isla gisa.

Hitzaldi eta une aipagarriak

Ikastaroak abian zirelarik Lehendakariaren eskutik egin zen irekiera ekitaldi ofiziala uztailaren 2an Miramar jauregian, eta Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao museoko zuzendari nagusiak “Mugarik gabeko artea. Mugak gaindituz, lengoaiak arakatuz” hitzaldia eskaini zuen. Bestalde, irailaren 24an, José A. Lozano EHUko Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedradunak eta BCAMeko zuzendari zientifikoak Ricardo Echepare hitzaldi zikloaren 2. konferentzia eman zuen, adimen artifizialaren etorkizuna ikuspegi kritiko batetik aztertuz.

Ikasleen profila, askotarikoa

Datuei erreparatuz, jardueretako parte hartzaileen batezbestekoa 72 lagunekoa izan da eta parte hartzaile kopurua aintzat hartuz, hogei bat ikastarotan ehundik gora ikaslek hartu dute parte.

Ikasleen profilari dagokionez, askotarikoa izan da. Adinari, generoari eta ikasketa maila zein lanbideari dagokionez herritar orori zuzendurikoak dira Uda Ikastaroak eta aniztasun hori nabaria izan da 44. edizioan.

Ikasleen balorazioaren bataz bestekoa bikaina izan da beste behin, eta hau UIKtik markatu beharreko norabidean ezinbesteko neurgailua ez ezik lanean gogotsu jarraitzeko akuilua da.

Konpromiso instituzionala eta programa bereziak

Aurten ere sendotu egin da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailarekin eta Hezkuntza Sailarekin lankidetza. Elkarlan horren fruitu gisa irakasleei zuzendutako programa bereziak eskaini dira, hala nola “Irakasteko Ikasten” eta “Ikasiz Hezi”, 25. urteurrena ospatuz eta berrikuntza pedagogikoaren, genero identitateen, ongizate emozionalaren edo adimen artifizialaren inguruko gaien inguruan ehunka irakasle bilduz.

Irizar enpresaren laguntzaz aldiz, 2009an abiatu eta 16 urtez landu den aliantza biziberritu da “Bizitzaren bidaia” programaren bidez. Moda eta jasangarritasunari buruzko eta Jose Migel Barandiaranek arkeologia, etnografia eta euskal mitologiara egindako ekarpena aztertzeko ikastaroak gauzatu ahal izan dira.

Programaren lanketan ez ezik, metodologia berrien inplementaziorako instituzioekin lankidetzan ari da UIK. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Oneko eta Berrikuntza Politiko-sozialeko zuzendaritzarekin 2020. urtetik partehartzaileak izateko propio diseinatzen diren ikastaroak garatzen dira TopaGune gisa izendatuz. Amaitu berri den edizioan 5 TopaGune ikastaro izan dira. Horrez gain parte hartze metodologiak geroz eta ikastaro gehiagotan baliatzen dira eta partehartzaileen balorazioetan horrelako metodologiak aplikatzeko geroz eta eskari gehiago jasotzen dira.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 4. edizio arrakastatsua ospatu da Baionan. Bost egunez, 800 parte-hartzailetik gora elkartu dira bederatzi ikastaroetan, eta horrek espazio hau erreferente bihurtu du Euroeskualdeko lankidetza akademiko eta sozialaren alorrean. 2026ko edizioari begira, Euroeskualdeko bost unibertsitate publikoen arteko lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatzea eta ikastarotako edukiak formatu irisgarri eta multimedia bidez argitaratzea dira erronka nagusiak.

Kolaboratzaile sare aberatsa

Antolakuntza ikuspegitik Uda Ikastaroak askotariko profiletako kolaboratzaileekin landutako elkarlanaren emaitza dira. Portzentajeari begiratuz gero, antolatutako ikastaroen %70 kolaboraziozkoak dira, EHUtik haragoko eragileekin elkarlanean antolaturikoak. Enpresa, elkarte eta askotariko agenteek dute estrategikotzat Uda Ikastaroak antolatzea eta horrek ikastaroetan ezagutza akademikoaz gain esperientziala eta profesionaltasunari dagokionez alor askotarikoen begirada txertatzeko aukera eskaintzen du, jakintza eguneratzeko eta transferitzeko amalgama aberats eta konplexua osatuz.

Esker ona

Uda Ikastaroak pertsona askoren bilgune izateaz gain antolakuntzan eta exekuzioan parte hartu duten guztiei esker ona adierazi eta aurrera begira elkarlanean jarraitzeko gonbidapena luzatu nahi die UIKk: antolakuntza batzordeko partaide diren BBVA Fundazioa, Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, proiektua babesten duten entitate guztiei, programa batzordeko kideei, Uda Ikastaroetako zuzendari eta hizlariei, ikasleei, UIKn landutako edukiak zabaldu dituzten hedabideei eta komunikazio arloko profesionalei eta antolakuntzan lan isila egin duten pertsona guztiei. Mila esker denei hausnarketa kritiko eta eguneratze etengabeko foro ireki honetan sinesteagatik.

2026ko edizioari begira

Edizioa amaitu berritan ekingo dio UIKk 2026ko Uda Ikastaroen antolakuntzari. Azaroaren 1etik 30era luzatuko da Uda Ikastaroetarako gaiak proposatzeko epea, eta, zentzu horretan Uda Ikastaroetan ikastaroren bat antolatu nahi duen orori proposamenak bidaltzeko gonbidapena luzatu die Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak. Proposamenak uik.eus plataformaren bitartez aurkeztu ahalko dira.