Cristina Fallarásek emakumeen kontakizun kolektiboaren balioa aldarrikatu du
Kazetari eta idazleak, #Cuéntalo eta LaNuestra ekimenen bultzatzaileak, sexu-indarkeriaren testigantzak gordetzeko beharra defendatzen du, baita emakumeek beren bizipenak kontatu eta elkarri laguntzeko komunitate digital propio bat sortzekoa ere.
Cristina Fallarás gai horiez aritu zen Feminismoetan eta Generoan doktore den Nerea Barjola ikertzaile eta idazlearekin batera, Emakunderen "Indarkeria matxistaren erronka berriak: biktimizaziotik erreparaziora" Uda Ikastaroan. 2026ko irailaren 8an eta 9an egin zen ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian.
Hasteko, zer da #Cuéntalo proiektua, eta nola sortu zen?
#Cuéntalo 2018an sortu zen proiektu bat da, #MeToo mugimenduaren abaroan. #MeToo eta Argentinako #NiUnaMenos bezalako mugimenduek agerian utzi zuten emakumeen ahotsak ez zirela entzun eta komunikatzeko tresna berri bat hartu behar genuela: sare sozialak. Sareak inposatu ziguten isiltasuna hausteko tresna bihurtu ziren.
#Cuéntalo proiektuarekin, nik eraikuntza hura ikusteko modua aldatu nuen. #MeToo eraikuntza kuantitatiboa zen: indarkeria jasan zuten emakumeak "niri ere bai" esatera gonbidatzen zituzten, agerian geratzeko asko eta asko ginela. Orduan pentsatu nuen: kontuz, hori gezurta daiteke, eta guk gezurtaezintasuna behar dugu. Emakumeen kontakizuna beti jartzen da zalantzan.
Hollywoodeko aktore oso ezagunek abiarazi izanak mugimendu aspirazional bihurtu zuen, eta, gainera, kontakizunaren edukirik gabea. Eraikuntza aspirazional eta bertikal hori hautsi behar genuen. La Manada auziko lehen epaia oinarri hartuta, emakumeei eskatu nien "niri ere bai" esan beharrean beren bizipenak kontatzeko, horrela indarkeria horren memoria kolektiboa eraiki genezakeelako. Horixe izan zen #Cuéntalo. Eta izugarria izan zen: lehen hamabi egunetan ia hiru milioi datu deskargatu ahal izan ziren.
Zer ondorio nagusi atera ahal izan ziren proiektutik?
Lehenengoa: eskuin muturrak ez ditu sare sozialak beste inork baino hobeto erabiltzen. Gizon bortitzek ere ez dituzte beste inork baino hobeto erabiltzen. Eta ez dira tresna txarrak, ez ustelak, ez bortitzak. Emakumeok erabiltzen ditugu ondoen, eta, zehatzago esanda, mugimendu feministak. Eta, gainera, ez indarkeriarako, kontakizun bat eraikitzeko baizik.
Egia ez den zerbait saltzen ari zaizkigu. Galdetu behar diogu geure buruari zergatik erakusten diguten hedabideek eskuin muturrak eta gizon bortitzek sareei ematen dieten erabilera, eta ez emakumeok eman dieguna. Erabilera horri ez zaio behar besteko garrantzirik eman. Gizon bortitzek helburu berberarekin erabili dituzte sareak eta gainerako tresna guztiak, suharritik interneteraino: gorrotoa sortzeko eta indarkeriaz jokatzeko. Guk, berriz, azken mendeetako iraultza nagusietako bat egiteko erabili ditugu.
Zer garrantzi du kontakizun horiek zaintzeak eta merezi duten arreta eskaintzeak?
Kontakizun horiek zaintzeak berebiziko garrantzia du. Oraintxe bertan, oso zaila da #MeToo mugimendua, #Cuéntalo mugimendua, mugimendu horiek sare sozialetan aurkitzea. Zergatik? Algoritmoak ezkutatzen dizkizulako.
Errealitatea aldatzen duten artxibo erraldoi horiek gorde egin behar dira. Guk dagoeneko egin dugu hori, Acción Comadresetik eta LaNuestratik. Baina ez da nahikoa gordetzea: nork gordeko dituen, testigantza horren zaindariak nor garen eta zaintza hori kolektiboki nola eraikiko dugun erabaki behar dugu. Artxibo kolektibo baten zaintza kolektiboa da.
Eta non gordeko dugun ere bai, ergelak izango baikinateke artxibo horiek "egitura arretan" gordeko bagenitu. Ez naiz sareez bakarrik ari; Estatuko erakundeez ere ari naiz, baita hedabideez ere.
Emakumeek jendaurrean hitz egiten dutenean, salaketa faltsuen argudioa agertzen da maiz. Nola eragiten die eztabaida horrek bizitakoa kontatzea erabakitzen dutenei?
Ez dago salaketa faltsurik. Idazten didaten emakume guztiei sinesten diet, eta horregatik idazten didate, eta horregatik ikusarazi dira nire bidez emakumeen ehunka mila testigantza.
Nire ustez, LaNuestrara edo nigana jotzen duten emakumeek, baita #Cuéntalo erabili zutenek ere, ez dute inoiz izan sinetsiko ez zaien beldurrik. Badakite sinesten zaien gune batean daudela. Eta zuk esaten badidazu: "Baina nik froga diezazuket hau gezurretan ari dela", berdin dit, sinesten diot hala ere.
Emakumeei sinestea edo ez sinestea jarrera politikoa da. Patriarkatuak, gizarteak, erakundeek eta gizonek, oro har, emakumeen kontakizuna ez sinestea erabakitzen dutenean, ez da egia sinesten ez dutenik: komeni zaielako hartzen dute jarrera politiko hori, kontakizun hori itun patriarkala hausten ari delako. "Nik sinesten diet, bai, eta guztiei sinesten diet" diodanean, nire jarrera ere politikoa da.
Emakume batek bizi izandako indarkeria kontatzea erabakitzen duenean, zer-nolako laguntza behar du testigantza eman ondoren?
Norberaren testigantza publiko egitea, berez, oso sendagarria da; izan ere, "indarkeria matxista jasan dut" esatearen abstrakziotik zer indarkeria matxista jasan duzun zehaztera pasatzen zara. Sentsaziotik gertakarira igarotzen zara, eta gertakari horrek iritzi izateari uzten dio. "Zuk uste duzuna da…" esaten dizutenean. Ez, nik ez dut ezer uste: hau gertakari bat da, eta horrela gertatu zen.
Hasierako babesa gertatutakoa lehen aldiz kontatzen diozun pertsonarengandik jasotzen duzu, normalean sare sozialetatik kanpo. Emakume askok idazten didate, eta "Lehen aldia da kontatzen dudala" esaten didate; oilo-ipurdia jartzen zait. Izan ere, lehenik zure lagunari, ahizpari, amari, bihotzeko lehengusinari, baita senarrari edo emazteari ere kontatzen diozu.
Lehen aldiz sare sozial batean kontatzen baduzu, normalean inguruan babes gutxi izan duzulako izaten da. Nolanahi ere, babesa kolektiboa eta sarekoa izateak testigantza bakoitzaren inguruan komunitate bat sortzen du: emakume askok babestu, lagundu, iritzia eman eta beren bizipenak partekatzen dituzte, kontakizuna egin duen emakumearen esperientziaren antzekoak. Hori izugarria da.
Nire Instagrameko profila ikusten baduzu —ez baita nirea, beren kontakizunak bidaltzen dizkidaten emakume guztiena baizik—, interesgarria ez da kontakizuna bakarrik: horrek sortzen dituen iruzkin guztiak eta gainerako emakumeen erreakzioak dira. Jar dezagun kopuru bat, ez dakit, 20.000 kontakizun. Ez lirateke 20.000 testutxo izango, kontakizunen 20.000 ekosistema baizik. Testu bakoitzak ehunka testu ditu lotuta, eta batzuek milaka.
Zer dakar emakumeentzat bizi izandako indarkeriak eurek kontatu ahal izateak?
Funtsezkoa da zuk zeuk kontatzea jasan duzun indarkeria. Emakumeek testigantzak bidaltzen dizkidate, anonimo bihurtzeko, gordetzeko eta babesteko. Nik ez dut testigantza kopiatu eta itsatsita argitaratzen: argazki bat argitaratzen dut, argi gera dadin ez dudala hitz bakar bat ere ukitu, eta komunikazio-bide izatetik harago ez dudala esku hartzen.
Gizateriaren historian lehen aldiz —eta hau esatea oso potoloa da, baina errepikatu eta tatuatu egin behar dugu— ez dugu beste pertsona baten bidez hitz egiten. Ez gara ikergai. Jasandako indarkeriak ez ditu interpretatzen eta transmititzen entomologoak labezomorroari bezala begiratzen digun norbaitek.
Geure ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna berreskuratu ditugu, urte hauetan guztietan ukatu egin zaizkigunak. Eta burujabetza kolektibo bat eraikitzen dugu: zuk egiten baduzu, Maríak egiten badu, Evak egiten badu, Nagorek egiten badu, Izaskunek egiten badu, nik ere egin dezakedala ikusten dut. Ez dut kazetari bat behar ni elkarrizketatzera etortzeko. Ez, ez, ez: tresna bat daukat, eta nik neuk erabil dezaket.
Aurrekaririk gabea da. Etengabe ohartu behar dugu sareek eta testigantzen mugimenduak sortzen dutena aurrekaririk gabeko eraikuntza dela, gizateriaren historia osoan sekula gertatu ez den zerbait.
LaNuestrara itzulita, zer proposatzen du proiektuak?
LaNuestra honetaz jabetuta sortu da: testigantza horiek guztiek, hizpide dugun guztiak eta emakumeek beren esperientziak kontatzeko duten burujabetzak ingurune propio eta fidagarri bat behar dute.
Sareak fidagarriak ez direla esaten dutenean, ados nago: zuenak ez dira fidagarriak; geureak sortu behar ditugu. Jakina, Elon Musken sareak ez dira fidagarriak, ezta Mark Zuckerbergenak ere. Oro har, tech bros horiek eraikitzen duten guztia ere ez da fidagarria. Baina ergelak izango ginateke guk gauza bera egiteko gaitasuna dugula ohartuko ez bagina. Are gehiago, bada garaia gizon demokratak eta antifaxistak ere ohartzeko haiek ere badutela horretarako gaitasuna.
LaNuestrak emakumeen komunitate digital bat proposatzen du, emakumeena soilik, benetako ingurune fidagarri, propio eta burujabe bat sortuko duena. Han, geure esperientziak kontatzeaz gain, laguntza bilatu eta jaso ahal izango dugu, eta komunikazioa eta informazioa sortu.
Iritsiko da unea: emakume batek jasandako indarkeria identifikatu nahi duenean, LaNuestrara jo beharko du. Baina genero-ikuspegia duen emakume ginekologo bat bilatu nahi duenean ere bai; edo genero-ikuspegia duen emakume abokatu feminista bat nahi duenean ere bai. Podcast feminista bat entzun nahi duenean ere bai. Eta klitoriaren mapaketari buruzko azken ikerketa nola doan jakin nahi duenean ere bai.
Egungo hedabideak auzitan jarriko dituen komunikazio-egitura bat behar da. Kazetari garen aldetik, autokritika egin behar dugu: emakumeen errealitatearen inguruko isiltasun hori guztia hedabideek eraiki dute, baita administrazio publikoek eta erakundeek ere.
Nola islatzen da #Cuéntalo fenomenoa LaNuestra bezalako proiektu batean?
LaNuestra ezinbestekoa da, abiapuntu sendoa eskaintzen duelako. Emakumeen kontakizun berriari eutsiko dion ingurune digital hori, komunitate hori, ari gara eraikitzen. Eta kontakizun berri hori ez da indarkeriari buruzkoa bakarrik: emakumeen bizitzako alderdi guztiei buruzkoa da. Jasandako indarkeria agerian uzten duen kontakizuna da, baina baita gure gorputza eta gure osasun fisikoa eta mentala behar bezala ikertu ez direla erakusten duena ere, eta gure bizi-baldintza ekonomikoei buruz oso gutxi dakigula azaleratzen duena.
Ingurune hori sortu behar dugu, baina eraikuntza kolektibo, fidagarri, jasangarri eta partekatu bat izateko, lehendik dagoen mugimendu batetik abiatu behar dugu.
Emakumeok geure esperientziak kontatzen hasi ginenean, 2015 eta 2018 artean, historian lehen aldiz geure bizipenak kontatzeko aukera genuen emakume guztiok: milioika, sekulako indarrez, kolpean, mundu osoan eta ados jarri gabe. Ez genuen modaz hitz egin, nahiz eta hori izan egunkarietan eskaintzen zizkiguten orrien gaia. Ez genuen "jendea" deitzen zioten horretaz hitz egin, ez argaltzeko dietez, ez amatasunaz, ez eskolez, ez sukaldaritzaz. Zertaz hitz egin genuen? Sexu-indarkeriaz.
Zein zen emakumeen premiazko auzia? Sexu-indarkeria bereziki, eta indarkeria matxista oro har. Jakina, ez gara indarkerietan geratuko. Baina argi dugu emakumeok, mundu osoan, komunikazio-espazio berri eta propio bat hartzea erabaki genuenean, indarkeriaz hitz egin genuela.
Nola laguntzen dute horrelako proiektuek eraso matxisten aurkako borrokan aurrera egiten?
Eraso matxisten aurkako borrokan aurrera egiten laguntzen dute, baita indarkeria guztien, faxismoaren, totalitarismoen eta gezurraren aurkakoan ere; elite ekonomikoek eraikitzen duten gezurraren aurkakoan. Proiektu hauek erakusten dute, esan digutenaren kontra, gizarteko sektore ez-hegemonikoetatik burujabetza digitala sor daitekeela. Eta hori izugarri garrantzitsua da.
Nire ustez, LaNuestra —eraikitzea kostako zaigu, eta ari zaigu kostatzen— epe luzeko proiektua da, eta oso gogoeta sakona eskatzen du. Indarkeria jasan duten emakumeentzat ez ezik, elite zuri, aberats, heterosexual eta gizonezko horien parte ez den biztanleria osoarentzat ere bada eredua. Elite horiek ari dira datorren gizartearen kontakizuna sortzen, etorkizun beldurgarri batena.
Kontuan hartzen al dituzte erakundeek proiektu hauek politika feministak diseinatzean?
Oraindik gutxi. Une honetan, teknologiak olatu baten moduan igaro zaizkigu gainetik, eta olatua pasatu ondoren dardarka gaude.
Errazena, eta lehen urratsa izan dena, indarkeria digitalei begiratzea da. Eta ulertzen dut: prebenitu egin behar dira, eta arreta jarri behar zaie. Alde horretatik, administrazioek eta botere publikoek egin duten lehenengo gauza indarkeria digitalez arduratzea izan da.
Uste dut ezinbestekoa dela indarkeria digitalez soilik hitz egiteari uztea —luze jarraitu beharko dugu horiez hitz egiten—, eta ekiteko gaitasun digitalaz eta burujabetza digitalaz ere hitz egitea. Orain arte, botere publikoak prebentzioaz eta erantzuteaz arduratu dira batik bat. Proposamenak egin behar ditugu, bultzatu egin behar dugu, ezagutza sortu eta ekiteko gaitasuna sortu.
Ezin gara erantzuten bakarrik bizi; gorrotoari erantzuten aritzeak gorrotoaren aurkako espazioak sortu gabe uzten gaitu, eta horrek erabateko paralisira eramango gaitu.
Zein fasetan dago LaNuestra?
LaNuestra faseka ari da aurrera egiten. Oraindik sortzaileen taldea eratzen ari gara, talde handi bat osatu nahi dugulako. Mikromezenasgoaren bidez ari gara egiten. Uste dut dagoeneko ia 7.000 sortzaile garela. 3.000 lortzea genuen helburu, eta, beraz, pozik gaude.
Fase horrekin batera, tresna txiki bat ari gara eraikitzen: LaNuestraren oinarria, eraikin osoa haren gainean eraikitzeko. Oinarri hori dagoeneko eraikitzen ari gara, eta, nire kalkuluen arabera, urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran egongo da zabalik. Baina lehen irekiera hori fundatzaileentzat bakarrik izango da. Izena eman nahi duenak oraindik badu fundatzaile izateko astia. Gizonek ere bai.
Sortzaileen eta eraikitzen jarraitzen dugunon —teknologoen, datu-ingeniarien…— lan horren gainean, beste hilabete batzuk beharko ditugula kalkulatzen dut. Ez gara urteei buruz ari; hilabetez hilabeteko aurrerapenei buruz ari gara.
Tresna feminista bat sortzea zein zaila den jabetzeko: LaNuestran sartzen zarenean, alde batetik, sare sozial baten itxura izango du. Instagramen edo Twitterren antza izan dezake, edo bien arteko hibrido batena, baina ezagutzen dituzun sareen tankerakoa izango da. Horrez gain, artxibo bizia izango da; indarkerien artxibo handi bat osatzen joango gara bertan, baina ez indarkeriena bakarrik.
Foroetarako atal bat izango du. Indarkeria bikarioaren inguruko interesa duten emakume asko badaude, adibidez, azkenean beren foroa sortuko dute, elkarrekin komunikatzeko. Itxura oso intuitiboa izango du.
Baina guk dena berrikusi behar dugu, gizon aberatsek, elite zuri aberatsek, ar bortitzek sortutako egiturak direlako. "Atsegin dut" botoia izan behar duen ala ez ere aztertzen dugu. Botoi hori kapitalista ote den, metaketaren bidez funtzionatzen duelako. Kontakizuna aldatzen ote duen, emakumeek kontakizuna gehiago edo gutxiago behartzen ote duten "atsegin dut" gehiago lortzeko. Ea, egiaz, frustrazioak sortzeko arma bat den. Horretaraino.
Xehetasunik txikiena ere benetan pentsatu behar da, eta horretan juristek, filosofoek, komunikatzaileek, medikuek… parte hartzen dute. Tresna feminista batek nolakoa izan behar duen pentsatzen eta pentsatzen ari den emakume aholkulari talde bat gara.
Amaitzeko, zer eragin dute gizartean horrelako ekintzek eta proiektuek?
Eraginik handiena hori da: denok egin dugula. Nik ez dut ezer egin: traola bat asmatu dezaket, eta inork ez erabiltzea gerta daiteke. Hau kolektiboki eraiki da. Milioika emakume gauza bera egiten hasi gara. Ez da bakoitza bere dantza dantzatzen hasi: dantza bera egin dugu, elkarrekin koordinatu gabe, ados jarri gabe.
Ez dugu esan: "Tira, orain Europar Batasuneko erakunde feminista guztiok adostuko dugu halako egun batean…". Ez. Ez gara elkarren artean koordinatu, eta gauza bera egin dugu.
Horren garrantzi soziala, politikoa, ekonomikoa, filosofikoa, erradikala eta historikoa izugarria da, errealitatea aldatzen duen kontakizun bat sortzen duelako. Niri berdin zait gizonek aurpegira begiratzen ez badigute. Zure errealitatea, gizon gisa, ar gisa, aldatu egin da, lagun. Aldatu egin da. Jada ezin didazu pentsatzen duzuna esan, ez zaidalako interesatzen. Jada ezin didazu titi bat ukitu, auzitara eramango zaitudalako eta irabazi egingo dizudalako. Eta hankak zabaltzen badituzu, ixteko esango dizut. Eta nik hitz egiten dudanean tartean sartzen bazara, isiltzeko esango dizut.
Eta nire lagunek —eta ez nire lagunek bakarrik, batere ezagutzen ez ditudan emakumeek ere— ulertuko dute zertaz ari naizen, denek dakitelako zer den mansplaining-a. Marko berri bat sortu dugu, eta marko berri hori egokia da historikoa den zerbaiti aurre egiteko: indarkeriari, indarkeria arra baita.