Berri guztiak

Irakaskuntza eleaniztunean aurrera egiteko estrategia berriak

Euskadiko, Nafarroako, Akitania Berriko eta Suitzako profesionalek eta ikertzaileek ahozko komunikazioa, didaktika integratua eta hezkuntza-testuinguru eleaniztunetako ebaluazioa lantzeko esperientziak eta tresna praktikoak partekatu zituzten Baionan.

Uztailaren 3an, Baionako Cité des Arts-ek “Didaktika eleaniztunaren inguruko formakuntza dispositibo desberdinakMugaz Gaindiko Uda Ikastaroa hartu zuen. Jardunaldiaren helburua ezagutzak, esperientziak eta tresna praktikoak partekatzea izan zen, mugaz gaindiko lurraldearen hizkuntza-aberastasuna baliatuko duen hezkuntzan aurrera egiteko.

Ikastaroak Euskadiko, Nafarroako, Akitania Berriko eta Suitzako hainbat erakundetako hezkuntza-profesionalak eta ikertzaileak bildu zituen. Didaktika eleaniztuna hainbat ikuspegitatik landu zuten: ahozko komunikazioaren garapena eta haren dimentsio soziolinguistikoa, hizkuntzen eta hizkuntzaz kanpoko arloen didaktika integratua, hezkuntza-testuinguru eleaniztunetako ebaluazioa eta ezagutza horiek prestakuntzan zein ikasgelan modu praktikoan aplikatzeko aukerak.

Hizkuntzak aukera diren lurraldea

Albiste honekin batera doan bideoan Marie Heguy-Urain ikastaroaren zuzendariak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko talde teknikoko kideak azaltzen duen bezala, ikastaroak hezkuntza eleaniztunaren esparruko didaktika integratua izan zuen ardatz, eta lurraldean hezkuntza-eredu hori sustatzea helburu duen Europako proiektu bateko bazkideekin batera antolatu zen. Helburua euskara, frantsesa eta gaztelaniaren irakaskuntza eta elkarbizitza bultzatzea da, eta irakasleei beren jarduna pixkanaka hobetzeko irtenbide praktikoak eskaintzea.

Ikuspegi horrek garrantzi berezia hartzen du mugaz gaindiko lurralde batean. Proposamenak ondoko lurraldeko hizkuntzaren ezagutza eta hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatu nahi ditu, mugaren bi aldeetan partekatutako bizi-eremua eraikitzen laguntzeko. Ildo horretan, Heguy-Urainek Akitania Berrian gaztelania eta euskara sustatzearen garrantzia azpimarratzen du, eta, era berean, mugaren hegoaldean frantsesaren ikaskuntza indartzearena. Helburua da lurraldeen arteko komunikazioa gero eta gehiago inguruko hizkuntzen bidez egin ahal izatea.

Ahozko komunikaziotik ebaluaziora

Jardunaldia EHUko Ibon Manterola Garatek aurkeztu ondoren, lehen saioak ahozkotasunaren didaktika eta haren dimentsio soziolinguistikoa izan zituen ardatz. Parte-hartzaileen artean izan ziren Yolanda Olasagar, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko EIBZ-Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrokoa; Roxane Gagnon, Suitzako Haute École Pédagogique du Canton de Vaud-ekoa; Leire Diaz de Gereñu Lasaga, EHUko ELEBILAB laborategikoa; eta Agurtzane Azpeitia Eizagirre, HUHEZI eta Soziolinguistika Klusterrekoa, Mondragon Unibertsitateko Berbalapiko proiektuaren esparruan.

Hain zuzen ere, Yolanda Olasagarrek bideoan azaltzen duenez, ikastaroaren muinean galdera nagusi bat dago: nolako didaktika behar dugu ikasle eleaniztunak hezteko? Galdera horretatik abiatuta, besteak beste, ahozko komunikazioa, ebaluazioa eta hezkuntza eleaniztunerako metodologia egokiak landu zituzten. Saioetan, hitzaldi laburrak eta solaserako tarteak tartekatu zituzten, parte-hartzaileen arteko iritzi- eta esperientzia-trukea bultzatzeko.

Bigarren saioan, didaktika integratua eta hizkuntzaz kanpoko arloen bidez hizkuntza ikastea izan zituzten ardatz. Gai horiei buruz aritu ziren Amaia Lersundi, HUHEZI-Mondragon Unibertsitatekoa; Claude Martinez, UMB-EHUko ikertzailea; eta Gabrielle Saint-Jean, Lycée Saint-Louis Villa Piakoa eta Université Bordeaux Montaigne-koa.

Arratsaldean, arreta hezkuntza eleaniztuneko ebaluazioan jarri zen, irizpideak, tresnak eta prestakuntza-ereduak aztertuz. Saioan parte hartu zuten Ana Mª Cerdán Remónek eta Trinidad Ceresuela Palomequek, Colegio Benjamín de Tudela ikastetxekoek; Egoitz Urrutikoetxeak eta Maialen Egileorrek, Seaskakoek; eta Verónica Sánchez Abchik, Suitzako Neuchâtel Kantoiko Institut de Recherche et de Documentation Pédagogique (IRDP) erakundekoak.

Ikasgelara eramateko tresnak

Jardunaldia didaktika eleaniztunerako dispositibo praktikoei eskainitako tailer batekin amaitu zen, ikasgelako jardunetik prestakuntza-estrategietara. Tailerra Arantza Ozaeta Elorza Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak gidatu zuen.

Ikastaroaren gakoetako bat, hain zuzen, praktikara begira egindako lanketa izan zen. Olasagarrek azaltzen duenez, asmoa ez zen hezkuntza eleaniztunaz hausnartzera mugatzea, ikasgelan nola jardun aztertzea baizik: komunikazio-gaitasunak nola landu, zer baliabide eta tresna didaktiko erabili eta ikasleen ekoizpenak nola ebaluatu. Azken batean, ikasleei ahoz hobeto eta errazago jarduten laguntzeko bideak lantzea izan zen helburua.

Horrela, Baionan egindako jardunaldia lurraldeko hizkuntza-aniztasuna ikerketaren, irakasleen prestakuntzaren eta hezkuntza-praktikaren arteko trukerako abiapuntu bihurtu zen, eleaniztasunak ikasgeletan gero eta presentzia eraginkorragoa izan dezan lagunduko duten tresnetan arreta jarriz.