All news

Etxegabetasuna: osasun zein gizarte baliabideak gainezka

Itxarote zerrenda ikaragarriak, zailtasun burokratiko eta administratiboak… Une honetan, etxerik gabeko pertsonen egoera hainbat baliabideren (osasun zein gizarte arlokoak) gainezkatzea eragiten ari da. Yolanda Osorio psikiatrarekin hitz egin dugu, egoera kudeatzeak, zaintza lana uztartzeak eta pertsona hauekiko gero eta arbuio eta estigmatizazio jarrera gehiago geldiarazteak suposatzen duen erronka zuzenean ezagutzeko.

Yolanda Osorio ESMESeko (equipo Salut Mental Sense Sostre) eta SATMI programako (Programa de Atención en Salud Mental para la Población Immigrada) arduradun klinikoa da Bartzelonako hirian. Pasa den uztailaren 10ean “Salud mental y exclusión social” izeneko Uda Ikastaroan parte hartu zuen; hain zuzen, etxegabetasuna osasun mentaleko bazterkeriaren adierazpenik larriena dela gaia zuen a ponentzia aurkeztu zuen.

Zer da etxegabetasuna eta nola sailkatzen dira etxerik gabeko pertsonak?

Etxegabetasuna edonori hel dakiokeen baldintza da. Hau da, inor ez dago arrisku horretatik libre, eta arrisku hori etxerik ez izatearen egoera da. Ez da hainbeste bizitokia ez izatea, etxerik ez izatea baizik. Desberdina da; gauza bat da norbaitek zubi baten azpian, txabola batean edo eraiki ahal izan dituen lau pareten artean lo egitea. Etxegabetasuna etxerik ez izatearen egoera da, kide izateko gunerik ez izatea, zure beharrak garatzeko ete seguru sentitzen zaren lekurik ez izatea.

Horrek deskribatzen du etxegabetasun egoera eta horregatik da hain zabala nazioarteko sailkapena. Lehen mailan, kalean lo egiten duten pertsonak sartzen dira. Muturreko arriskuan dauden pertsonak dira, ezer ez duten pertsona etxegabeak. Ondoren, aire zabalean lo egiten ez duten eta udal-ekipamenduetan dauden pertsonak egongo lirateke; adibidez, aterpetxeak edo pisuak, baina etxerik gabeko egoeran daude hauek ere. Beste norbaiten etxean bizi dira, ez beren etxean.

Gero beste bi maila egongo lirateke, etxe egoera ezegonkor edo desegokian dauden pertsonen maila, hala nola alokairuzko gela batean egotea eta gauetik goizera lanik gabe geratu eta gela hori ordaindu ezin izatea.

Zein da ESMESen (equipo Salut Mental Sense Sostre) eginkizuna?

Guk lehen bi mailetako pertsonekin egiten dugu lan; kalean lo egiten dutenekin eta ekipamenduetan daudenekin (aterpetxeak, pisuak, pentsioak…). Osasun-talde bat gara; profesional psikiatrak, erizainak, kasuen kudeatzaileak… gara, eta gaixotasun mentalen bat dutela susmatzen dugun jendea artatzen dugu.

Zer dira psikologikoki zaindutako inguruneak?

Kontzeptu hori Europako hainbat erakunderen eskuliburuetatik ateratzen da; pertsona horiekiko jokaerarako jardunbide egokien gida da, ez bakarrik profesionalena, baita erakundeena ere.

Argirik ez duen leku batean edo soto batean biziko bazina, ez litzateke psikologikoki zaindutako ingurune bat izango. Xehetasun txiki horiek ematen diote tratua pertsonari, baita pertsonarekin ere, segurtasun eremu batean.

Zer dira Quality Rights-ak eta nola aplikatzen dituzue ESMESen?

Kontzeptu hori New Yorkeko Konbentziotik dator, eta ez dio bakarrik eragiten eztabaidatzen ari garen etxerik gabeko pertsonen gaiari. Duela gutxi, Munduko Osasun Erakundeko (MOE) ordezkari bat etorri zen, hainbat herrialdetan nola aplikatzen diren aztertzeko. Quality Rights direlakoak gaixotasun mental bat duten pertsonen eskubideak dira.

Eredu paternalista eta hierarkiko batetik (non profesionalak edo psikiatrak nahi gabeko lekualdaketa bati edo tratamendu hertsatzaile bati buruz erabaki zezakeen), pertsonak erabakitzen duen eta bere eskubideak dituen eredu batera pasa gara. Pertsonak tratamendua hartzea edo ez hartzea erabaki dezake, eta gero eta unitate gehiagotan jada ez da erabiltzen euste mekanikoa. Unitate batzuk ate irekikoak dira, eta ez ate itxikoak.

Hori guztia dira Quality Rights. Urteak daramatzagu eredu hori ezartzen, baina, orain, kaltetuako pertsona guztien ahotsak askoz indar handiagoa du; nola parte hartzen duten, zerbitzuen diseinua, jarduera eredua, etab. Hau da, nahasmendu horiek pairatzen dituzten pertsonei ahotsa ematea da helburua.

Zein profil dago gaur egun kaleko egoeran?

Gero eta gazte gehiago daude kalean; mutikoak ditugu (genero maskulinoaz ari naiz, nahiz eta neskaren bat ere badagoen), eta asko pertsona migratuak dira, erreferente heldurik ez dutenak eta Adingabeen Babeserako Zentroetan egon direnak. Gero, helduaroan, hemezortzi urtetik aurrera, babesgabetasun egoeran geratzen dira bizileku-baimenik ez dutelako, edo badute, baina ez dute lan bat eskuratzeko aukerarik eta, ondorioz, kale-egoeran geratzen dira.

Jende asko ere igarotzen da. Europa iparraldetik edo Europa ekialdetik etortzen da jendea; Mediterraneoko klima gehiago gustatzen zaion jendea eta adineko pertsonaren profil klasikoa betetzen ez duena.

Adin gero eta gazteagoez ari gara, eta kalean ere gero eta emakume gehiago daude.

Zer erronka daude etxerik gabeko pertsonak artatzeko orduan?

Zailtasuna hor dago. Une honetan egoera hainbat baliabideren gainezka eragiten ari da, bai osasun arlokoak eta baita gizarte arlokoak ere. Sentsazioa da ez dela iristen; itxarote zerrendak ikaragarriak dira, zailtasun burokratikoak, administratiboak… Erronka da nola kudeatu hau, nola uztartu zaintza, nola zaindu hau gero eta arbuio eta estigmatizazio jarrera gehiago sor ez dezan. Hau da, hau guztia ikusaraztea erronka bat da, tratua askoz gehiago humanizatzea, eta eskubide berdinak izatea. Pertsonak dira, ez dira ekidin beharreko elementuak, ez gara pertsona hauetaz lotsatu behar, ez dugu pertsona hauetatik ihes egin behar beldurra ematen digutelako. Zailtasun asko izan dituzten pertsonak dira, eta edozeinek duen eskubide bera dute kalitatezko arreta eta, batez ere, arreta duina eta errespetuzkoa jasotzeko.