All news

Pedro Miguel Echenique: “Sormenari eta askatasunari bide ematen dieten politiketan izandako jarraikortasuna izan da EAEko politika zientifiko-teknologikoaren ardatz nagusia”

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientziaren eta Teknologiaren 45 urteko garapenari buruzko Uda Ikastaroaren harira, solasean aritu gara Pedro Miguel Echeniquerekin, DIPCren sortzaile eta presidentea, eta bere ibilbide oparoan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehen Hezkuntza eta Kultura sailburua izan zenarekin.

Uda Ikastaroen esparruan egindako elkarrizketan, Pedro Miguel Echeniquek 45 urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako politika zientifiko-teknologikoaren bilakaera eta oinarriak aztertu ditu. Hain zuzen ere, lehen zientzia eta teknologiako planak abiarazi ziren garaian —bera Hezkuntza eta Kulturako lehen sailburua zela—  oinarriak zein helburu eta ikuspegi estrategikorekin jarri ziren azaldu du.

Elkarrizketan garai hartako testuinguru politiko eta sozial zaila ere jorratu du: zein faktorek baldintzatu zituzten hartutako erabakiak eta nola egin behar izan zen apustu ausarta eskumen formalik oraindik ez zeuden uneetan. Era berean, azken lau hamarkadetako garapenean erabakigarriak izan diren elementuak izan ditu hizpide: etengabeko lanaren kultura, erakundeen arteko konfiantza eta epe luzeko jarraikortasuna.

Echeniquek sakon azaldu du nola sortu ziren euskal zientzia-sistemaren mugarri nagusiak diren erakundeak: EHUren sendotzea, Ikerbasqueren sorrera, Jakiunde Akademiaren sorkuntza eta, bereziki, DIPCren jaiotza. Proiektu horien hastapenak eta helburu sozial eta akademikoak ere mahai gainean jarri ditu.

Ezagutzaren aurrerapenaren ikuspegitik, elkarrizketak azpimarratu du zein garrantzitsua den unibertsitatea eusten eta osatzen duen ingurune periunibertsitarioa, azken hamarkadetan Euskal Herriko zientzia-ekosistemaren funtsezko zutabe bihurtu dena.

Autonomiaren —politikoa zein unibertsitatekoa— inguruko gogoetak ere izan du tartea. Echeniqueren iritziz, erabaki-gaitasun handiagoak aurrerabiderako aukera gehiago ekar ditzake, eta horrek zientzia-politiken eraginkortasunean eragin zuzena izan dezake.

Azkenik, pandemiak utzitako arrastoak eta zientziaren eta gizartearen arteko harremanari egindako ekarpen berriak ere aztertu dira, baita 45 urteko ibilbide honi buruzko balorazio orokorra eta etorkizunari begirako erronkak ere.

EAEko Zientzia eta Teknologiaren 45 urteko garapena ardatz hartuta, Echeniquek euskal zientzia-sistemaren iraganaz eta etorkizunaz hausnarketa sakona eta ezinbestekoa eskaini du, elkarrizketa ikusi edo entzutea gomendatzen dizugu.