All news

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen 5. ediziorako izen-ematea zabalik

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak

Bosgarren edizioa 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra egingo da Baionan.

Zortzi ikastaroz osatutako eskaintza doakoa izango da, eta mugaz gaindiko lankidetza, eleaniztasuna eta ezagutzaren gizarteratzea izango ditu ardatz.

Aurreko lau edizioetan egindako ibilbideari jarraipena emanez, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioa 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra egingo da Baionako Cité des Arts gunean. Aurten ere, gizartea, hezkuntza, kultura eta artea, zientzia eta teknologia, hizkuntza-aniztasuna eta gobernantza bezalako gaiak landuko dira mugaz gaindiko ikuspegitik.

Bosgarren edizio honek mugarri berezia izango du, programa sortu zenetik bost urte bete baitira. Denbora honetan, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak Euroeskualdeko panorama akademiko eta sozialean sendotu dira, zientzia, lurraldea eta gizartea uztartzen dituen espazio ireki eta berritzaile gisa.

Programa hau Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen arteko lankidetzaren emaitza da. Egitasmoan parte hartzen dute, besteak beste, l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), UIK, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de l’Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroak eta la Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx). Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Communauté d’Agglomération Pays Basque-ren eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babes instituzionala du.

Egitasmoaren ezaugarri bereizgarrietako bat prestakuntzaren doakotasuna da, ezagutzaren demokratizazioa eta herritarren sarbidea errazteko helburuarekin. Halaber, Euroeskualdeko hizkuntza-aniztasuna eta kulturartekotasuna balioan jarriko dira, ikastaroak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskainiko baitira.

Zortzi ikastaroz osatutako prestakuntza-eskaintza

Bosgarren edizioak askotariko gaiak jorratuko ditu, betiere mugaz gaindiko lankidetza eta ezagutzaren trukea oinarri hartuta.

Ekainaren 29an, “Arkeologia eta Arkeometria garaikideak: kultura materiala, ikerketa-praktikak eta diziplina arteko ikuspegiak” ikastaroak emango dio hasiera programari. Ikastaroak arkeometriaren eta arkeologiaren arteko elkargunea aztertuko du, kultura materialaren interpretazio historikoan eta zientzia irekiaren printzipioetan sakonduz.

Ekainaren 30ean, “Euskal Herria harrera herri. Erronka eta aukera” jardunaldiak migrazio-mugimenduek Euskal Herrian duten eragina eta harrera-politiken erronkak aztertuko ditu, gizarte zibilaren, erakundeen eta euskararen ikuspegitik.

Uztailaren 1ean bi ikastaro egingo dira. Alde batetik, “STEM arloetan askotariko gazteak engaiatzeko zientzia-dinamizazio eraginkorra” ikastaroak STEM arloetako, zientziak, teknologia, ingeniaritza eta matematika, dibulgazio inklusiborako tresnak eta metodologia praktikoak eskainiko ditu. Bestetik, “Hizkuntza gutxiagotuak eta adimen artifiziala” jardunaldiak adimen artifizialaren aroan hizkuntza gutxiagotuak garatzeko aukerak eta erronkak aztertuko ditu, LINGUATEC-IA proiektuaren emaitzak aurkeztuz.

Uztailaren 2an, “Eurohiriaren instituzionalizazioa eta gobernantza” ikastaroak mugaz gaindiko gobernantza eta Eurohiriaren instituzionalizazioa izango ditu hizpide. Egun berean, “Globaletik lokalera: biziberritzen ari diren inguruko diskurtsoei erreparatzen” jardunaldiak euskararen sustapenaren inguruko diskurtso berrituak eta Ipar Euskal Herriko jarreren analisia landuko ditu.

Azkenik, uztailaren 3an bi ikastaro egingo dira. “Didaktika eleaniztunaren inguruko formakuntza dispositibo desberdinak” ikastaroak hezkuntza eleaniztuneko ereduak eta irakasleen prestakuntza aztertuko ditu, HEZHI proiektuaren baitan. Horrez gain, “Pilota jokoak eta euskal pilota jokoak: mugaz gaindiko ondare material eta materiagabe?” ikastaroak euskal pilotaren ondare material eta immateriala jorratuko du, ikuspegi historiko, sozial eta kulturala uztartuz.

Izen-ematea zabalik

  • Matrikula doakoa izango da eta ikastaroak ospatuko diren egunera arte egongo da zabalik.
  • Informazioa eta matrikula: https://www.uik.eus/eu/jarduerak/programak-mugaz-gaindiko-uda-ikastaroak