All news

María González: "Hildako haurraren hutsunearekin bizitzen ikasi behar da"

Haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaioberrien heriotzaren ondoriozko dolua oraindik ere gutxi ikusten den errealitatea da. María González Gómez Esku Hutsik elkarteko presidente eta sortzaileetako batek isiltasun hori haustearen eta galera bat bizi izan duten familiei laguntzearen garrantziaz hausnartu du. Irakaslea eta psikopedagogoa da, eta Haurdunaldiko, Erditze Inguruko eta Jaioberrien Doluaren Espainiako Federazioko (FEDUP) zuzendaritza-batzordeko kidea. "Haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaioberrien dolua ikusarazten" Uda Ikastaroko zuzendarikide izan da. Ikastaroa irailaren 7an eta 8an egin zen, Donostiako Miramar Jauregian.

Zer da Esku Hutsik, eta zein dira elkartearen lan-ildo nagusiak?

Esku Hutsik haurdunaldiko, erditze inguruko eta jaioberrien doluaren arloan Euskadin eta Nafarroan bost urte daramatzan elkartea da. Gure helburua familiei laguntzea da, baina baita profesionalak dolu-prozesu horien inguruan sentsibilizatzea eta prestatzea ere.

Erditze inguruko doluaz ari garenean, haurdunaldian edo jaiotzaren inguruan haur bat hiltzeak eragindako doluaz ari gara. Baina beste egoera batzuk ere lantzen ditugu: haurdunaldiaren etenaldiak, haurdunaldi anizkoitz batean haurretako bat galtzea edo antzutasuna, esaterako.

Batez ere, familiei prozesu horretan harrera ona eta ulermena jasotzeko espazio bat eskaini nahi diegu.

Zer da ortzadar-haurdunaldia?

Haur bat galdu ondoren datorren haurdunaldia da. Oso haurdunaldi berezia da, batzuetan ustekabekoa, baina emozionalki oso zaila ere izan daiteke.

Nola bizi izaten da galera baten ondorengo doluaren lehen etapa, bai amarentzat, bai bikotekidearentzat eta gertukoentzat?

Lehen etapa ilunena izan ohi da. Tristura, ulertuak ez izatearen sentipena, amorrua eta haserrea nagusitzen dira. Familiek babesa, lagunduta sentitzea eta informazioa behar dituzte. Osasun-sistemak behar dituzten arreta, proba medikoak eta baliabideak eskaintzea ere garrantzitsua da.

Alde horretatik, Esku Hutsik bezalako elkarteak eta dolu-taldeak laguntza handia izan daitezke.

Lehen urtea zailena izaten dela esan ohi da, haurraren heriotzaren lehen urteurrenera iritsi arte. Dolua bizitza osorako da, nahiz eta denborarekin aldatzen joan.

Zer sentimendu eta oztopo agertu ohi dira prozesu horretan?

Batez ere, galerak eta, normalean ustekabean, bizi-proiektu bat eteteak eragindako tristura. Haserrea ere agertzen da, eta galdera hau: zergatik gertatu zaigu guri?

Horri ulermen falta gehitzen zaio. Erditze inguruko doluak tabua izaten jarraitzen du, eta gizartean zaila da horri buruz hitz egitea. Familia askok ikusten dugu inork ez zigula esan haur bat hil zitekeenik. Eta gertatzen denean, geure buruari galdetzen diogu zergatik ez ziguten lehenago kontatu edo azaldu.

Familia batek galera baten ondoren beste haurdunaldi bat saiatzea erabakitzen duenean, zer erronka emozionali egin behar die aurre?

Erronka nagusia sentimendu kontrajarriak izatea da. Tristura senti dezakezu eta, aldi berean, haur berriaren etorreragatik poza. Berriro gertatzeko beldurra ere agertzen da, eta batzuetan errua, beste haur bat etortzeak hildakoa ahaztea ekarriko balu bezala.

Emozionalki oso haurdunaldi konplexua da, eta arreta egokia behar du. Horregatik, garrantzitsua da osasun-sistemak laguntzarako eta erditzea prestatzeko espazio bereziak eskaintzea, ama eta familia horiek informazioa jaso eta ulertuak senti daitezen.

Ortzadar-haur baten jaiotzak doluaren amaiera dakar, ala sentimendu kontrajarriak agertzen jarrai dezakete?

Haurra jaio eta dena ondo joanda ere, beldurra ez da nahitaez desagertzen. Haur bat galdu duzunean eta antzeko egoerak bizi izan dituzten beste familia batzuk ezagutu dituzunean, badakizu galera bat egoera askotan gerta daitekeela.

Haur berri baten etorrerak poza dakar, baina ez du hildakoaren hutsunea ezabatzen, haur hori ere familiaren parte baita. Bi errealitate horiekin bizitzen ikasi behar da: jada ez dagoenaren hutsunearekin eta iritsi denaren pozarekin.

Denborarekin, haur horri ere kontatu beharko zaio hil zen anaia edo arreba bat izan zuela.

Dolua ez da desagertzen. Urte asko igaro arren, beti egongo dira gogoan iraungo duten datak eta oroitzapenak. Aldatzen dena minaren intentsitatea da; lehen hilabeteetan bereziki handia izaten da.

Garrantzitsua da gogoratzea, halaber, ortzadar guztiak ez direla haur baten itxuran iristen. Badira bizirik jaiotako seme-alabarik izan ezin duten familiak, eta beste proiektu, bidaia, liburu edo bizipen batzuetan ilusio berriak aurkitzen dituztenak. Familia bakoitzak bere bidea bilatzen du aurrera egiteko.

Zergatik da hain garrantzitsua erditze inguruko dolua ikusaraztea eta esperientzia horiez hitz egitea, baita erditze ondoko aldian ere?

Zerbaiti buruz hitz egiten ez dugunean, ezkutuan eta isilduta geratzen delako. Eta horixe gertatu da luzaroan erditze inguruko doluarekin eta ortzadar-haurdunaldiekin.

Horrelako ikastaroak garrantzitsuak dira, esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko espazioak sortzen dituztelako. Familiei entzunak sentitzeko aukera ematen diete, baina baita profesionalei prozesu horiek nola bizi dituzten adieraztekoa ere; izan ere, egoera horietan laguntzea oso gogorra da haientzat ere.

Horri buruz hitz egiteak tabua hausten laguntzen du, eta antzeko egoera bat bizi duten beste familiek jakin dezakete badirela harrera eta babesa aurkitzeko elkarteak, baliabideak eta espazioak.

Zer eginkizun izan behar dute osasun-profesionalek familia horiei laguntzeko orduan?

Haien eginkizuna funtsezkoa da. Haiek ematen dute galeraren berri, eta haiek laguntzen diote familiari erditzean eta erditze ondoko aldian, haurra bizirik jaiotzen denean zein hil denean.

Horregatik, ezinbestekoa da dolu-prozesu horietan nola lagundu jakiteko prestakuntza espezifikoa izatea. Hain zuzen ere, Uda Ikastaro hau antolatzeko arrazoietako bat prestakuntza hori hobetzeko eta profesionalei tresnak eskaintzeko beharra izan da.

Eta nola lagun diezaioke gertuko inguruneak dolu hori bizitzen ari den familia bati?

Garrantzitsuena familiei hitz egiten eta sentitzen dutena adierazten uztea da. Isiluneak errespetatzen ere ikasi behar dugu. Gizarte gisa, deseroso sentitzen gara beste pertsona bat sufritzen ikustean, eta askotan ez dakigu nola jokatu.

«Beste bat izango duzu» edo «gaztea zara, hobe orain, geroago baino» bezalako esaldiak saihestu behar dira; izan ere, asmo onez esan arren, haur baten heriotzak eragindako mina gutxiesten dute.

Une horietan, familiak laguntza behar du. Batzuetan hitz egin edo negar egin behar du; beste batzuetan, bakarrik edo norbaitekin egon. Entzutea, haien denborak errespetatzea eta ondoan egotea da kontua.

Amaitzeko, zer behar edo gabezia antzematen dituzue Esku Hutsik elkartera jotzen duten familien artean?

Era honetako espazio gehiago behar ditugu, eta antzeko esperientziak bizi izan dituzten beste pertsona batzuekin elkartzeko dolu-talde gehiago.

Erakundeen babes handiagoa ere behar dugu errealitate hau ikusarazteko. Euskadin eta Nafarroan erditze inguruko doluan laguntzen jarduten duen elkarte bakarra gara.

Ezinbestekoa da laguntza-espazioak sortzen jarraitzea eta, batez ere, prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea, bai herritarren artean, bai osasun-profesionalen artean.