Berri guztiak

Ezagutzaren alde

UPV/EHUko Uda Ikastaroek irudia estreinatu dute ezagutzaren zabalkundean erreferente izaten jarraitzeko.

Gaur goizean, Eva Ferreira Uda Ikastaroak fundazioko lehendakari eta UPV/EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendari ordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 41. edizioko edukiak aurkeztu dituzte.

Ekitaldi horretan, UPV/EHUko Uda Ikastaroak fundazioak irudi berria aurkeztu du, azken urteetan izandako bilakaeraren adierazgarri; udako denbora eremua gainditu, eta urte osoan eskaintza iraunkorra proposatzen du. UIK marka berria eskaintzaren eta formatuen dibertsifikazioaren erakusgarri da, izan ere, online, aurrez aurre eta/edo hibridoak ikasteko aukerak eskaintzen ditu; eragin eremutik deslokalizatuta, nazioarteko gero eta ikasle gehiago datoz; eta web esperientzia eta programaren eredua eraldatu dira, erronketan oinarrituta.

UIK marka berriak Uda Ikastaroen bereizgarriaren ondoan agertzen jarraituko du; hain zuzen ere, Eduardo Chillidak UPV/EHUko Uda Ikastaroetarako sortu zuen logotipoarekin, eta Fundazioak eskaintzen dituen programen erreferentziak ere izango ditu ondoan.

Bilakaera horri esker, Fundazioak “ezagutzaren alde” egiten jarraitu ahal izango du. Horixe izango baita edizio hau bereiziko duen leloa, Uda Ikastaroen funtsa transmititzen duen aldetik: ezagutzaren zabalkundea. Gure etorkizunaren ildoa aldatuko duten gertaera garrantzitsuak bizitzea tokatzen ari zaigu, gertaera disruptiboak, eta horrek guztiak eragiten duen ziurgabetasun egoeraren aurrean eta gure gizartea gero eta gehiago polarizatzen ari den desinformazioaren aurrean, ezagutzaren alde egitea dagokigu guri.

Ezagutzarako, hausnarketarako eta eztabaidarako foro iraunkorra gara. Jakintza, prestakuntza eta pentsamendu kritikoa partekatzeko gune komuna. Horregatik, Uda Ikastaroak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

Programa

Edizio honetan, 154 Uda Ikastaro programatu ditugu EAEn, Nafarroan eta Akitania Berrian. 30 ikastaro aurrez aurrekoak izango dira, 120 mistoak –aurrez aurre nahiz online jarraitu ahal izango da–, eta 4 ikastaro online izango dira, zuzenean. Edizio honetan, gainera, 20 hitzaldi izango dira, doan eta herritar ororentzat.

41. edizio honek gizartearen 8 erronka nagusi izango ditu ardatz, gaur egun arreta handia eskatzen duten erronkak izanik. Gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa edo osasun mentala, lehentasunezko aztergai gisa. Horiekin batera, zahartzaroa eta iraunkortasuna, gure gizartearen etorkizunerako lehentasunezko arretagune diren aldetik. Gure ardatz klasikoak ahaztu gabe, hala nola hezkuntza eta euskal kultura, Ikastaroen funtsezko edukiak direnez. Ukrainako gerraren eragina kontuan izango dugu programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere, edizio honetan guztian zeharkako gaiak izango dira eta.

Iraunkortasuna, gure gai nagusietako bat da duela bi hamarkadatik. Hainbesteko garrantzia izan du, ezen 2020. urtean foro berezi bat sortu baitzen Ikastaroen barruan gai hori lantzeko: Donostia Sustainability Forum (DSF). Edizio honetan, 37 ikastarotan gai hauek izango ditugu aztergai: besteak beste, krisialdi klimatikoa euskal ekonomiak deskarbonizatzeko dituen aukera errealisten ikuspegitik begiratuta aztertuko dugu, teknologia berriek erronka klimatikoaren aurka borrokatzeko eskaintzen dituzten aukeren bitartez; mugikortasun konektatua, energia komunitarioko ekimenak, baina baita ekonomiak eta enpresek prozesu horretan duten papera ere, hirigintza berria eta abar.

Gerraren eta geoestrategiaren gaiei erreparatuta, BC3ak krisialdi klimatikoari aurre egiteko erantzun berriak bilatu ditu, egungo testuinguru geopolitiko eta energetikoan. Botika bidezko kutsadurari ere erreparatuko diogu, osasun publikoa eta ingurumenekoa babesten duten erakunde garrantzitsuenen lehentasunezko ikerketa ildoetako bat den aldetik, eta Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) eta Europako Batzordeko kideak izango ditugu gonbidatu.

Zahartzaroa lehentasunezko aztergai izan ohi dugu aspaldidanik gure hitzordu akademikoetan. Proposamen berrien gaineko eztabaida politiko eta sozialari ikuspuntu poliedriko batetik begiratuko diogu, ikastaro askotan landuko baita, egiaz, errealitate hori. Esate baterako, pertsonek beren bizitzaren proiektuan eta diseinuan parte hartzeko duten eskubide aktiboari buruzko Ikastaroa; adinekoei “etxean ez bada, etxean bezalako arreta” ematea, edo adinekoentzat atsegina izango den arkitekturaren eta hirigintzaren rol aktiboa. Beste ikastaro espezifiko batean iraupen luzeko zainketen etorkizuna ere aztertuko da.

Hezkuntza, urteak joan, urteak etorri, Uda Ikastaroen leitmotiv horietako bat da oraindik ere. Gure bokazio nagusietako bat da irakasleen etengabeko prestakuntzari erreparatzea, indarrean dauden eskemak berehala zaharkituta uzten dituen mundu aldakor honetan. Edizio honetan, prestakuntza eremuak honako gai hauei buruzkoak izango dira: natura abiapuntu eta xede duen hezkuntza, erronkak ikasleen arazo espezifikoen aurrean, gaikuntza ahozko komunikazioan, ikastea dibertigarria den espazioak sortzea edo irakasle onenek irakaskuntza publikoan lan egin dezaten lortzeko hautaketa prozedura egokienak zeintzuk diren. Era berean, hezkuntza eskaintzarik hobearen aitzindari izateko bokazioa duen eskola publikoaz ere hitz egingo da.

Euskal kulturari dagokionez, egile bati erreparatu ohi diogu. Uda honetan, egile gonbidatua Joseba Sarrionandia izango da, eta bere lan guztien errepasoa egiteko aukera izango dugu, harekin batera. Aurreko edizioan izan zuen arrakasta ikusita, edizio honetan Antzinate Berantiarreko Baskoniaren historiaren bigarren kapitulua programatu dugu, hizkuntzan lurraldeetan izan zuen bilakaerari bereziki erreparatuta; gainera, ildo berari jarraikiz, Baskoniako historialari, legelari eta pentsalari politikoen hiztegia errepasatuko dugu, Europako historiografia hiztegien testuinguruan. Eta urteurren zoriontsu bat ere ospatuko dugu: Elhuyarrek 50 urte bete ditu eta, horren harira, euskarazko ezagutzaren zabalkundea berrikusiko dugu, betiere etorkizunera ere begiratuta. Eta ezin alde batera utzi gure herri handiak; aurten, Bermeo izango da, eta bi uda ikastaro zirraragarri eskainiko dizkiogu, Ercilla familiari eta ontzigintzaren historiari buruz.

Digitalizazioak hainbesteko eragina du giza jarduera guztietan, ezen gure bizimodua eraldatzera ere iritsi baita. Lan munduan eraldaketa sakona gertatu da, eta pandemiaren eraginez abiadura are azkarragoan, gainera; horregatik, 4.0 enpresaren inpaktuak aztertzen jarraituko dugu. Eta aurten, zibilizazio gertaera bati landuko dugu, gizaki garen aldetik, geure burua ulertzeko modua aldatuko duen gertaera da, ikasten eta erabakiak hartzen dituzten makinen aurrean: adimen artifiziala hainbat ikastarotan aztertuko da, hainbat ikuspegitatik begiratuta: teknikotik, juridikotik eta giza eskubideen eta balioen errespetuaren ikuspuntutik.

Gobernantza eta herritarren partaidetzako modu demokratikoagoetan sakontzeko proposamenak aztertuko dira hainbat uda ikastarotan. Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak kontratu sozial berriaren eztabaida sustatuko du, adostasun posibleak identifikatu eta kontratu sozial berri horretarako ekarpenak zehazteko.

Beste ikuspegi batzuetatik begiratuta, gobernantzaren hainbat perspektiba landuko ditugu Ikastaroetan, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programak, edo Eurobasque erakundeak, besteak beste, proposatzen dituen planteamenduak Europar Batasun indartsuagoa lortzeko, edo udalek egiten duten azterketa beren botere espazioa partekatzeari eta administratzeari dagokionez, edo Herri Txikiek esperimentatzen dituzten kudeaketa ereduak.

Azkenik, osasun mentala ikastaro askotan landuko da. Pandemiak agerian utzi du gizarteek gabezia handiak dituztela arlo horretan. Berriro ere, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan suizidioaren fenomenoa aztertuko dugu, proposamen berritzaileak eginez. Uda honetan ad hoc ikastaro batean aztertuko da lehen laguntza psikologikoak nolakoak izan behar duen krisialdi egoeretan, gerrako errefuxiatuen kasuan, esaterako. Honako gai hauek aztertzeko aukera izango dugu: euskal osasungintzan osasun mentalari ematen zaion arretaren errealitatea, osasun mentala adinekoen kasuan eta lanaren mundu prekarizatuan, eta hainbat fenomenoren aurreko prebentzio neurriak ere aztertuko dira, hala nola suizidioa edo gazteen errealitatea eta jokoarekiko duten mendekotasuna, arazo ugariren sorburu den aldetik.

Edizio honetan, ezagutzaren hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsonak izango ditugu.

Esate baterako, Carlos Briones, CSICeko astrobiologoa eta espezialista lurretik kanpoko bizitzan; Oscar Alzaga, Espainiako demokrazia kristaua izan zenaren erreferente argia, Juan Carlos Monederorekin aurrez aurre arituko da.

Viacheslov Tuliakov, Odesako Zuzenbide Penaleko katedraduna, gaur egun, errefuxiatua. Barbara Dührkop (Comandos Autónomos Anticapitalistas taldeak eraildako Enrique Casas politikariaren alarguna) eta Pili Zabala (GALek bahitu, torturatu eta eraildako Joxi Zabalaren arreba) solasean arituko dira.

Prisma zabaldu, eta honako hauek ere parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Mariano Ferrer kazetariaren figura gogorarazteko; Giuseppe Abbamonte, Europako Batzordeko Hedabideen Zuzendaritzako zuzendaria; Josh Roberts, REScoop.eu herritarren kooperatiba energetikoen Europako federaziokoa. Epaileen munduan, Ana María Ferrer, Antonio del Moral edo María Ángeles Carmona Auzitegi Nagusiko magistratuak.

Pandemia osteko kontratu sozial berria planteatuko du Miguel Poiares Madurok, Portugalgo Garapen Orokorreko ministro eta Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiko abokatu nagusi izandakoak. Europaz mintzatuko dira Luís López Guerra Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratua Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarretik, Juan Pablo Fusi historiaren mundutik, eta medikuntza aurreratuena Julio Arrizabalaga eta bere taldearen eskutik.

Matrikulazio epea eta esker ona

41. edizio hau ez litzateke posible izango Donostia Sustainability Forum ekimeneko gure Batzorde Antolatzailearen eta kolaboratzaileen aldetik jasotako laguntza eta konfiantzarik gabe; eskerrik asko BBVA Fundazioari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari; baita Zikloetako eta Uda Ikastaro bakoitzeko erakunde laguntzaileei ere, proiektu ilusionagarri hau egia bihurtzen laguntzen digutelako. Eskerrak, halaber, gure hezkuntza komunitatea osatzen duten Uda Ikastaroetako erakunde laguntzaile, zuzendari, hizlari eta ikasleei, aurre egin behar diogun aro berri honetan erreferentzia izateko inspirazio iturri direlako guretzat.

Gaur irekiko da matrikula egiteko epea, eta publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira; mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osorako.

Matrikula erraz egin daiteke bai mugikorraren bitartez, baita webgune berrian ere: www.uik.eus.