Asier Herrero: “Klima aldaketak eta lehorteak basoen gainbeheran eragina izango duten gero eta inpaktu gehiago eragingo dituzte”
Ikerketan inbertitzea funtsezkoa dela azpimarratu du zientzialariak

Asier Herrero Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean irakaslea da. Baso Ekologia du aztergai, basoek klima‑aldaketari eta ingurumeneko beste estres iturri batzuei ematen dizkieten erantzunak aztertzen ditu. Zuhaitzei eta urari buruzko Uda Ikastaroan parte hartu du; bere ponentzian, zehazki, lehortearen aurrean basoek dituzten arazoei buruz eta lehortearekin lotutako basoen gainbehera prozesuei buruz hitz egin du.
Zertan datza Uda Ikastaro hau eta zure hitzaldia? Zergatik da garrantzitsua jendea gai honen inguruan sentsibilizatzea?
Ikastaroaren izena Zuhaitzak eta Ura da; lehenengo eguna atarikoa izan da, pixka bat orokorra. Basoak urarekin dituen harremanez hitz egin dugu, nik basoen gainbeheraz hitz egin dut, hau da, lehorteak basoetan eta zuhaitzetan eragin ditzakeen inpaktuen multzoaz, eta hirugarren hizlari batek hori guztia kudeatzeko software tresna batez hitz egin du.
Nik basoek klima‑aldaketari ematen dizkioten erantzunak aztertzen ditut, batez ere iberiar penintsulan. Basoa Fundazioak parte hartzeko gonbit egin zidan, baso‑jabeen fundazioa da eta berak antolatu ditu jardunaldi hauek. Dibulgazioa zientzialari guztion lanaren zati bat da; ikertu egiten dugu, eta, gero, ikertu duguna zabaltzen dugu. Oso pozik nago gizartearentzat hain garrantzitsua den gai honi buruz hitz egiteaz.
Klima‑aldaketa eta lehortea arazo larriak dira, eta konponbide zaila dute. Ze larritasun du arazoak eta zer egin daiteke zuhaitzei gutxiago eragiteko?
Irtenbidea zaila da. Klima‑aldaketa dela eta, tenperaturak gero eta altuagoak dira; euri gehiago egiten ez badu, azkenean, tenperatura altuagoekin, lurruntzea handiagoa da eta lehorte baldintza gehiago ditugu. Klima aldaketak aurrera egingo duenez, etorkizunean idortasunaren gorakada izango dugu eta baldintza are lehorragoak izango ditugu. Horrek eragina izango du basoetan, eta basoen gainbeherari eragingo dioten gero eta inpaktu gehiago izango ditugu.
Nola egin diezaiokegu aurre horri? Ba konplexua da. Monitorizazio bat egin dezakegu; basoen erantzunak aztertzen jarraitu eta emaitzen arabera, basoak ahalik eta ondoen egokitzen joan. Konponbidearen zati bat baso anitzak izatea izan daiteke. Espezie eta tamaina desberdinetako zuhaitzek klimari erantzuteko modu desberdinak adierazten dituzte. Beraz, egitura, tamaina eta espezie aldetik baso anitzak izateak erantzuteko hobeto prestatuak egotea eragin dezake. Hobeto erantzuten duen espezieren bat egongo da, eta, beraz, aukera bat izan daiteke hari laguntzea edo, gutxienez, gure basoetan presentzia izatea, haiek modu egokiagoan erantzun dezaten inpaktuen aurrean.
Zein da Euskal Herriko egoera?
Euskal Herriko iparraldea oso hezea da, baina ezin dugu ahaztu erdialdea eta, batez ere, hegoaldea ez direla hain hezeak. Adibidez, Nafarroako eta Arabako hegoaldeak berez nahiko lehorrak diren eremuak dira; erdigunea nahasketa bat da. Denborak aurrera egin ahala, gero eta baldintza lehorragoak izango ditugu, baita gaur egun hezeagoak diren lekuetan ere.
Euskal Herrian espezie bakarreko plantazio emankor asko ditugu, nahiko intentsiboak gainera. Oso baso homogeneoak dira, eta horrek lehorteen eragina errazten du. Pagadi asko ere baditugu, aurretik egin diegun guztiaren eragina dutenak; mozten ziren, ikatz asko egiten zen, eta efektu hori ikus daiteke.
Neurri batean, zenbat eta naturalagoak izan basoak, orduan eta hobeto erantzungo diote lehorteari. Halaber, espezieek klimari nola erantzun diezaioketen ere ikusi behar da. Aukerarik onena askotariko basoak izaten saiatzea da, espezie erresistenteagoak eta zuhaitz gutxiagoko baso-egiturak izateko irtenbideak aplikatzen saiatzea. Zuhaitz asko badituzu, denek ura behar dute; beraz, gutxiago badituzu, baliabide hidriko gehiago daude guztiontzat. Dentsitate txikiagoko basoak izatea beste irtenbide bat izan daiteke, baina irtenbide asko daude eta aztertu eta aplikatu egin behar ditugu, gero funtzionatzen duten ala ez ikusteko.
Zer da zuhaitz-hilkortasuna eta zergatik kezkatzen gaitu hainbeste?
Zuhaitzak modu ezberdinean erantzun diezaioke lehorteari. Erantzunetako bat gainazal fotosintetikoa murriztea izan daiteke, hostoak pixka bat galtzea, hostoen zati bat botatzea. Horrek eragina izan dezake hazkuntzan, edo fotosintesia gutxiago egitea ere eragin dezake. Inpaktu horiek guztiak pilatuz badoaz, azkenean zuhaitza hil egin daiteke.
Zuhaitzen heriotzak eragin handia du, basoa baita atmosferarekin elkarreragin handiena duen landaredi egitura. Beraz, zuhaitz-estaldura galtzen badugu, lurra gehiago berotzen da, karbono dioxido gutxiago biltegiratzen da egurrean, karbono dioxido gehiago dago atmosferan, eta horrek klima-aldaketa areagotzen du. Baso‑masa galtzeak klima-aldaketa areagotu dezake, eta, gainera, basoek eskaintzen dizkiguten beste zerbitzu batzuk galtzea eragin dezake, egurra, adibidez.
Jasangarritasunari dagokionez, zein da eredu hoberena zure ustez? Zein da egungo eredua eta zer aldaketa egingo zenituzke zuk eredu optimoa lortzeko?
Jasangarritasunak iraunkortasuna dakar berekin, etorkizuneko belaunaldiek ekosistemek ematen dizkiguten baliabide eta zerbitzu berberak erabiltzen jarraitzea. Oso gai konplexua da hau, diziplina desberdinen menpe baitago; ekonomikoa, ekologikoa, soziala… Beraz, horrelako gaiak jorratzeko diziplina anitzeko ikuspegia behar dugu.
Gainera, baso-produkzioak beharko genituzke, eta horietako batzuk behintzat, ez lirateke hain intentsiboak izan behar. Gainera, askotariko basoak beharko genituzke maila guztietan (tamainaz, espeziez…), denboran iraun ahal izateko. Garrantzitsua da, halaber, 20, 30 edo 40 urte barru izango ditugun egoera klimatikoak kontuan hartzea, ez orain ditugunak bakarrik. Horrela, eragin ditzaketen kalteei hobeto aurrea hartu ahal izango diegu.
Beste gakoetako bat izan daiteke arrautza guztiak saski berean ez jartzea, pixka bat dibertsifikatzea, monitorizazioa egitea, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikustea gizartearen esparru desberdinen beharren arabera moldatzen joatea da, behar ekonomikoak ere kontuan hartuta. Esan bezala, gai konplexua da, diziplina anitzekoa, eta eragile ezberdinen parte-hartzea behar dugu (zientzialariak, kontserbazionistak, kudeatzaileak, jabeak…) adostasunetara iristeko eta jarduera mota desberdinak planifikatu ahal izateko.
Zein garrantzitsua da inbertsio ekonomiko nahikoa egotea ikerketak aurrera egin dezan eta basoen zaintza, kontserbazioa eta jasangarritasuna ezin hobeak izan daitezen?
Ikerketan inbertitzea funtsezkoa da. Gaur egun, teknika asko ditugu basoen epe luzeko ikerketari ekiteko, eta hori da, hain zuzen ere, oso garrantzitsua iruditzen zaidan gauzetako bat. Horretarako, denbora‑espazio oso zabalak hartzen dituzten proiektuak behar dira. Batzuetan, ikerketa proiektuak ematen dituztenean lauzpabost urterako izaten da, baina epe luzeko ikerketak egin ahal izateko formulak bilatu behar dira, basoak zuhaitzez osatuta daudelako, eta zuhaitzak oso espezie urtetsuak dira.
Gainera, esan bezala, garrantzitsua da proiektuak diziplina anitzekoak izatea, kudeatzaileekin harreman handia izatea eta hainbat arlotako ikertzaileek parte hartzea.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Horrelako Uda Ikastaroak egitearen garrantzia azpimarratu nahi nuke, eztabaidagai izan dezan, hainbat arlotako eragileek hitz egin dezaten (kudeatzaileak, ikertzaileak…). Etengabe egin behar dugun ariketa da.