Angel Pascual: “Dolua ez da ebakuntza baten bidez erauzi daitekeen zerbait”
Hizlariak nabarmendu duenez, dolu bat ez da soilik heriotza baten ondorioz gertatzen, baita dibortzio baten, etxe-aldatze baten, edo lana galtzearen ondorioz ere, adibidez

Angel Pascual psikologiako graduan lizentziatua da eta masterra du dolu eta galeretako erlazio integratzaileko counseiling-ean. UB psikoterapeuta ere bada, IIPAk (psikoterapia integratzaileko nazioarteko elkartea) akreditatua, Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko idazkariordea eta larrialdien eta hondamendien psikologiaren arloko arduraduna izana da 8 urtez (2010-2018). El duelo en la vida y en la muerte: la acogida y el acompañamiento personal, social e institucional izeneko Uda Ikastaroan parte hartu du Las dimensiones del duelo deritzon hitzaldia eskainiz.
Zer da dolua eta zer eragiten du pertsonengan?
Dolua guretzako garrantzitsua den norbaiten edo zerbaiten galeraren ondorioz bizitzen dugun prozesu psikologikoa da. Zentzu honetan, dolua ez da soilik heriotza edo gaixotasun bat dagoenean gertatzen, beste hainbat egoeren ondorioz ere ager daiteke. Lagunak eta familia atzera uztera behartzen gaituen etxe-aldaketa batek, dibortzio batek, bikotekideaz banantzeak edota lanpostu bat galtzeak dolu bat eragin dezakete.
Dolu bat pasatzerako orduan, zein faktore hartu behar dira kontutan?
Dolu bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu. Doluaz esan genezakeen lehen gauza bakarra eta besterenezina dela da, bakoitzak bere modura adierazten eta sentitzen duela bere mina. Bi pertsona berdin ez dauden bezala, bi dolu prozesu berdin ere ez. Doluan, hiru multzotan sailkatu genitzakeen hainbat faktorek hartzen dute parte.
Lehenik eta behin, izaerarekin zerikusia duten faktoreak. Nolakoak garen gutako bakoitza, kanporakoiagoak ala barnerakoiagoak garen, gure sentimenduak adierazteko joera dugun ala guretzako gordetzeko joera. Hau da, gure izaerarekin dauka zerikusia. Bigarrenik, baldintza faktoreak. Hauek, heriotza zein baldintzetan gertatu den hartzen dute kontutan; bat-batekoa izan den, traumatikoagoa izan den edo alboan egoten bizi izan dugun prozesu luze bat izan den, zeinean laguntzen egon garen, agur esateko aukera izan dugun, etab. Guzti honek ere doluaren izaeran eragina izango du.
Azkenik, hirugarren faktore multzoa erlazioekin zerikusia duena da. Hauek, galdu dugun pertsonarekin geneukan erlazio motarekin dute zerikusia; baita doluan laguntzaile izango diren gure gertukoekin dugun erlazio motarekin ere. Faktore multzo guzti hauek haien artean harremanetan egongo dira dolu prozesu guztietan; horregatik, dolu prozesu bakoitza ezberdina da.
Zer egin behar dugu dolu bat pasatzen ari den pertsona baten laguntzaile izateko?
Ez dago modu finkorik, izan ere, dolu bakoitza ezberdina da. Baina, esango nuke terapeuta batek dolu prozesu bat tratatzerakoan martxan jarri behar lituzkeen oinarrizko pauta batzuk. Lehenengoa eta garrantzitsuena segurtasun gune bat sortzea da. Konfiantzan oinarritutako erlazio bat sortu behar da, dolua pasatzen ari den pertsonak modu errazago batean adierazi ditzan bere sentimenduak, pentsamenduak edo dena delakoa, epaitua sentitzeko beldurrik izan gabe. Hau da, harrera bat egotea, benetako harrera bat doluan dagoen pertsonaren sentimenduei, behar emozionalei eta erlazio-beharrei dagokionean.
Eta, zer ez dugu egin behar?
Dolu bat pasatzen ari den pertsona baten laguntzaile izaterako garaian egin behar ez dena aholkuak ematea, esaten duena zalantzan jartzea, ea zer dagoen ondo eta zer gaizki esatea edota zer egin behar duen eta zer ez esatea da. Azken finean, bere min horretatik askatzea edo ateratzen saiatzea, izan ere, min horrek zentzu bat dauka bizitzen ari den prozesuaren barruan. Gizakiak, jaiotzen garen momentutik hasita erlazioen bila ibiltzen gara, interdependentziaren bila. Erlazio horien baitan eraikitzen dugu gure pertsona eta, maite dugun norbait hiltzen denean, erlazio bat hiltzen da, erlazio horrek ematen zigun guztia hiltzen da. Orduan, denbora behar dugu dolua egiteko, dolua ez da ebakuntza baten bidez erauzi daitekeen zerbait, edo pastilla baten bidez, dolua prozesu bat da, denbora behar duen prozesu bat, eta behar-beharrezkoa da dolu bat pasatzen ari den pertsonarentzat denbora hori daukala sentitzea.
Zer nolako garrantzia dute hitzezko komunikazioak eta keinuek dolu bat pasatzen ari den pertsona baten laguntzaile izaterako garaian?
Komunikazioa alderdi garrantzitsu bat da, presentziaren aldetik, hau da, doluz dagoen pertsonak alboan zaituela sentitu dezan. Doluz dagoen pertsonak, benetako eta egiazko laguntza duela sentitzeko, alboan duen pertsonak ez epaitzea, zalantzan ez jartzea, bere minarekiko eta sufrimenduarekiko enpatia sentitzeko gai izatea behar du. Horrela, min eta sufrimendu hori garatzen edo eraldatzen joan ahal izateko denboran zehar. Zentzurik ez duen zerbaiti zentzua ematea bezala da.
Zein egoera bizi du osasun mentalak gure gizartean? Nahikoa garrantzi ematen zaio? Nahikoa laguntza dago sektore publikoaren aldetik?
Zalantzarik gabe sektore publikoa oso urrun dago gizarteak eskatzen duen osasun mentalarekiko zerbitzu osoa asetzeko gai izatetik. Horregatik, psikoterapiaren jarduna sektore pribatuan ematen da gehien bat, sektore publikoan ez dagoelako nahikoa profesional gizartean dagoen eskaera nabaria asetzeko. Doluaren kasuan, zehazki, elkarte ugari eta elkarteekin batera lan egiten duten terapeuta ugari daude, doluan dauden pertsonak babesteko.
Zentzu horretan, uste dut gero eta kontzienteago garela doluan dauden pertsonen laguntzaile bezala espezializatzeko beharraz. Esan bezala, dolua ez da gaixotasun bat, egokitze prozesu bat baizik. Lehen, laguntza hori era sozial batean ematen zen, familia eta lagunen artean. Baina, egia da familiak lehen zabalagoak zirela, orain mugatuagoak dira eta gizartea gero eta indibidualistagoa da. Ondorioz, hainbat kasutan, doluan dauden pertsonek ez dute nahikoa erlazio-baliabide dolu horretan laguntza jasotzeko.
Honetan ere beste alderdi sozial batek, tabua izateak, eragina badu. Zaila egiten zaigu heriotzaz hitz egitea, bizitzaren amaieraz hitz egitea. Gaur egun gizarte hedonista batean bizi gara, berehalako plazera lortzean oinarritzen dena, eta ez dago heriotzaren inguruan hitz egiteko gune publikorik. Ez dago gunerik heriotzaz lasaitasunez hitz egiteko, pertsona orok bizi izan duen edo izango duen zerbaiti buruz hitz egiteko.
Zein da azpimarratuko zenukeen azken ideia?
Oso positiboa iruditzen zait horrelako ikastaroak antolatzea, jendeak doluan laguntzaile on bat izatearen garrantziaz eta beharraz ohartarazteko balio duten ikastaroak. Eta ikastaroa justizia-administrazioak antolatu izana oraindik eta garrantzitsuagoa iruditzen zait. Batzuetan, hiritargoak justizia-administrazioarekiko urruntasuna sentitu dezake eta positiboa da ikustea nola justizia-administrazioaren arduradunak diren horiek gai honekiko kontzientzia hartu duten eta nola apustua egin duten administrazioaren barruan lan egiteko doluan dauden pertsonei laguntza gehiago eskaintzeko helburuarekin.