All news

Joan Subirats: “Komunitate-egiturak okerrera egin du eta joera indibidualista gailendu da”

Hizlariak egoeraren konplexutasuna azpimarratu du, baina, haren esanetan, esperantza kolektiboa mantentzea ezinbestekoa da.

Joan Subirats Zientzia Politikoko katedraduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta unibertsitate bereko Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko (IGOP) sortzaile eta kidea. 2017 eta 2021 artean, Bartzelonako Udaleko zinegotzi izan zen Kultura, Hezkuntza, Zientzia eta Komunitate arloan, eta Bartzelonako Diputazioko diputatu izan zen 2019 eta 2021 artean. Espainiako Unibertsitate ministro izan zen 2021etik 2023ra. TopaGune: Ekintza komunitarioa: praktikatik ikasten ikastaroan hizlari gisa parte hartu du, Construir lo común izeneko irekiera-hitzaldiarekin.

Zertan datza zure hitzaldia eta zerk bultzatu zaitu gaur hemen egon nahi izatera?

Ikastaro honetan parte hartzeko gonbidapena jaso nuen, komunaren ideiaren inguruan ezagutza metodologikoagoak eta kontzeptualagoak transmititzeko intentzioarekin. Komunaren inguruan hitz egiten dugunean ulertu behar ditugun kontzeptuak azaldu ditut batez ere, pertsonen artean, komunitate baten parte sentitu daitezen, zer lotura edota lokarri dauden. Elementu tradizionalekiko erreferentziak erabili ditut, hala nola, auzoa, lana, zaletasunak, ideologia, erlijioa eta horrelakoak; azken finean, pertsonak batzen dituzten elementuak. Baita ikastaro honen atzean dagoen kezkarekiko duen zentzua ere, hau da, nola erlazionatzen den azaldutakoa gaur egungo gizartean bizi dugun indibidualizazio prozesuarekin, haustura sozialarekin. Izan ere, komunaren eraikitzea gaur egun bizi dugun egoera kontutan hartuta egin behar da.

Zergatik uste duzu arlo sozial, ekonomiko eta politikoan, emangarriagoa dela arazoen aurrean era kolektibo baten bitartez erantzuteko gaitasuna izatea?

Elementu zentral bat da hau. Erantzun indibidualeko prozesuek haustura soziala dakartzate, hau da, arrakasta izateko eta urrutiago iristeko gaitasun handiagoa dutenek gizartearekiko kezkarik edo ardurarik sentitu behar ez izatea eragiten du. Kolektiboaren ideia hondatzen bada, gizarte haustura eta zatiketa prozesu handi batean murgilduko gara, eta gero eta zailagoa izango da haien artean etsai bezala sentitzen diren pertsonen arteko erlazioa aldatzea, baten arrakastak besteen porrota eragiten duelako; edo, arrakasta nahikoa izan ez dutenek, arrakasta hori izan dutenek aukera nahikorik eman ez dietela sentitzen dutelako. Honek gatazka nabarmen bat eragiten du.

Azken finean, ikastaro hau udal logika batetik antolatua dago, udaletxeek ideia hau eta dinamika hauek nola aplikatu dezaketen ikasteko. Horregatik, ikastaroan zehar, bertaratutakoek ekarritako ideiak eta esperientziak oso garrantzitsuak dira, izan ere, haiei esker bistan da hau ez dela soilik ikastaro eta arazo teoriko bat, praktikoa baizik. Kasu askotan komunaren eta kolektiboaren aberastasuna agerian uzten duten esperientziak daude, gero eta indibidualistagoa den mundu batean.

Zergatik esan duzu biztanleak bezeroak garela? Zer esan nahi izan duzu horrekin?

Jendeak zerbitzu publikoekiko duen ikuspuntua eta erlazioa supermerkatu batera joatearena bezalakoa da. Era horretan, arduragabetu egiten zara zerbitzu publiko horietatik eta zerbitzu publikoen funtzionamenduan pisurik ez duzu izaten zure erabaki eta zergekin. Besterik gabe, daukazun beste aukera bat da, zerbitzu hoberena eskaintzen dizun eskolara, anbulategira  edo langile sozialera zoaz, zerbitzuekiko ardurarik edota parte-hartzerik izan gabe.

Ikastetxe publikoek gurasoen elkarteak dituzte, ikastetxearen funtzionamenduan esku-hartzea dutenak. Ikastetxe pribatuek ez dute zertan horrelakorik izan, horietan bezero bat besterik ez zara. Jesuitetara bazoaz, zure semea bertan uzten duzu eta jainkoak heziko du. Ikastetxe publikora jotzerakoan, ulertzen da zure semearen heziketan elkarlanean ari zarela ikastetxearekin, aita edo ama gisa, ez zara soilik zure semea edo alaba ikastetxean uzten ari. Hori, bezero batek izango lukeen harremanarekiko aurkakoa da, ezberdina da.

Zein da ekintza komunitarioaren adibide perfektua?

Ez dago adibide zehatzik. Nire ustez kolektiboan gertatzen joan den haustura baten aurrean gaude. Gaur egun dugun gizartea eta aurreko mendeko erdialdean genuena oso ezberdinak dira. Lan mundua giza baliabide kopuru handia suposatzen zuten lanbideez osatua zegoen, fabrikak adibidez; familia egiturak sendoagoak ziren; giro herrikoiagoa egon ohi zen, baita auzoetan ere, hau da, bizilagunen arteko erlazioa ezberdina zen, adierazgarriagoa. Lotura komunitario guzti horiek hausten joan dira eta indibidualizaziorako joera areagotu da.

Azken finean, hitzaldian ere komunitate eta komun ideia hori berpizteko zer egin dezakegun transmititzen saiatu naiz, izan ere, arazo honi konponbiderik emateko gai ez bagara, indibidualizazio eta barne gatazka mailak bizitza komunitario propioaren narriadura  prozesuak ekarriko ditu. Ikastaroan zehar agertuko diren esperientziez ikastea helburuetako bat da zentzu horretan. Ez baitago idealik, munduan ez dago esandakoaren adibide den lekurik. Baina, nire ustez, komunitatean bizitzeko gaitasun handiagoa duten gizarteak izatearen itxaropena mantendu nahi badugu, jada funtzionatu duten esperientziez ikasi behar dugu.

Zein ahulezia edo arazo identifikatzen dituzu eredu kolektibo batean?

Bi arazo mota daude. Lehenengoa, jende askok egunerokotasun oso zaila duela, beraientzat oinarrizkoak eta beharrezkoak diren eginbehar ugari dituztela, ez direla guztietara iristen, eta komunitateari denbora eskaini behar diotela esatea bakarrik falta zaie; gaitasun hori ez duen jendea dago. Horregatik, beharrezkoa da pertsonalki egoera zail batean daudenen zerbitzura lan egingo duten zerbitzu publikoak egotea.

Baina, gainera, komuna geurea bilakatzeko eta besteak alde batera uzteko arriskua dago. Demagun udaletxe batek udal liburutegiaren ardura hartzeko eskatzen dietela bizilagun komunitate bateko kideei, komuna eta kolektiboa indartzeko intentzioarekin. Baina, bizilagun hauek abenturazko liburuak soilik dituzte gustuko, eta liburutegian soilik abenturazko liburuak eskaintzen dituztela; pertsona asko baztertzen ari dira. Beraz, arazo bat dago ere kolektiboa edo komuna dena guk pentsatzen dugunean edo nahi dugunean soilik bilakatzen denean, besteen ikuspuntua alde batera utziz. Hori ere arrisku bat da.

“Izan ahal dugun hiria” liburuari buruz hitz egin duzu; zein da gaur egun gure gizarteak izan ahal duen hiria? Norantz goaz komunari dagokionez?

Egoera zaila dela baina itxaropena mantendu behar dugula transmititu nahi izan dut. Itxaropena ezin dugu mantendu ideal indibidual bat bezala, izaera kolektiboa duen itxaropena izan behar du. Testuinguru horretan, New York hiriko hautagai demokrataren hitzek, Zohran Mamdaniren hitzek zentzua hartzen dute, “izan ahal dugun hiria”, izan ere, nora goazen planteatzen duen izaera kolektiboko eztabaida baten logikaren barnean, nahi dugun horren mugetaz hitz egin behar dela plazaratzen du. Mundu guztiak ezin du Tesla bat gidatu edo kontsumo maila berdina mantendu. Zer ahalmen ditugu, zer egin daiteke komunitatean bizitzen jarraitzeko baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko gatazkarik egon gabe.