All news

Aldundiak eta Uda Ikastaroak Fundazioak partaidetza sustatzeko lankidetza indartuko dute TopaGune proiektuan sakonduz

2020an abiatutako lankidetza ildoari jarraipena emanez, datozen lau urteetan eragileen arteko elkarrizketa eta ezagutza partekatua sustatuko dute eta ikasleen partaidetza bilatuko da bide berritzaileekin

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) lankidetza hitzarmena berritu dute gaur, TopaGune proiektuari jarraipena eman eta haren helburuetan  sakontzeko. Akordioa Irune Berasaluze Gobernantzako foru diputatuak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak izenpetu dute.

Lankidetza honen bitartez, proiektuaren hirugarren fasea garatuko da datozen lau urteetan, 2020an abiatutako lankidetza ildoari jarraipena emanez eta sendotuz, gizarteko erronka nagusien inguruan hausnarketa, eztabaida eta ezagutza partekatua sustatzeko Uda Ikastaroen baitan antolatzen diren “TopaGune” izaera duten ikastaroen bidez.  Helburu horrekin, hainbat ekimen bultzatuko dira TopaGune ikastaroen baitan. Ikastaro horietan ikasleen parte-hartze aktiboa sustatuko da prozesu espezifikoen bidez, eta metodologia zein eredu berritzaileak jarriko dira martxan, Aldundiaren baitan garatu den ereduaren arabera. Aldi berean, bi erakundeen arteko sinergiak indartzeko balioko dute, lankidetza esparru berriak irekiz eta metodologia berritzaileak aplikatuko dira ikasleen artean partaidetza sustatzeko.

Lankidetza honen bidez, Aldundiak aurrera egin nahi du gizarteko eragile sozial, ekonomiko eta politikoen zein herritarren parte-hartzea sustatzen duen ereduan, elkarrizketa, ikuspegi ezberdinen kontrastea eta erantzun kolektiboen eraikuntza oinarri hartuta. Hala, Irune Berasaluze, Gobernantzako foru diputatuak azpimarratu duenez, “gure lurraldearen etorkizuna ezin da ulertu lankidetzarik gabe. Horregatik, gobernantza eredu ireki, kolaboratibo eta sistemiko baten aldeko apustu sendoa egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Administrazioa, enpresa-sarea, ezagutza-eragileak eta herritarrak elkarlanean aritzen diren lurraldea nahi dugu eta, sare honetan, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Uda Ikastaroak ezinbesteko partaide dira. Eragile guztien ekarpena funtsezkoa da Gipuzkoa aurreratuago, kohesionatuago eta lehiakorrago bat eraikitzeko.”

Era berean, Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak nabarmendu duenez, “Uda Ikastaroak ezagutza partekatzeko eta ikuspegi ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko elkargune dira. Zentzu horretan, TopaGune proiektuak bete-betean egiten du bat UIKren misioarekin, gizartearen erronka nagusiei erantzuteko ezagutza, eztabaida eta partaidetza uztartzen dituelako. Pozarren gaude gaur sinatutako akordioarekin, 2020an Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiatutako bideari arduraz eta ilusioz jarraitzeko aukera ematen digulako, parte-hartze metodologiak Uda Ikastaroen baitan txertatzen eta sendotzen jarraitzeko”.