All news

Amatasuna, kontatu gabeko bizipenen ispilu

Rosa Lizarraga Marañón psikologoak haurtzaroko sexu-abusu esperientziek amatasunean izan dezaketen eraginaz hausnartzen du; emakume biziraunleei laguntzeak dakartzan erronkak aztertzen ditu, eta esku-hartze soziosanitarioan harremanak duen garrantzia azpimarratzen du.

Rosa Lizarraga Marañón osasun arloko psikologo orokorra da, 20 urte baino gehiagoko esperientzia du sektore publikoan, eta haur eta nerabeen psikoterapeuta ere bada, adingabeen sexu-abusuaren biktimen arretan espezializatua. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko talde espezializatuan egiten du lan, eta profesionalen prestakuntzan ere parte hartzen du, haurren sexu-abusuaren prebentzioan, detekzioan eta esku-hartzean.

Joan den uztailaren 20an eta 21ean, Indarkeriak eta Amatasuna EHUren Udako Ikastaroan hizlari izan zen. Bertan, haurtzaroko sexu-abusuak amatasun-prozesuan dituen ondorioak landu zituen, eta, horrez gain, Euskadiko sare soziosanitarioan amatasun garaian indarkeria pairatu duten emakumeei laguntzeko eta arreta emateko baliabideei eta mugei buruzko mahai-inguruan parte hartu zuen.

Zer eragin izan dezake haurtzaroan pairatutako sexu-abusu batek amatasunean?

Eragina, zalantzarik gabe, badu. Kontuan izan behar da sexu-abusua heldu batek haur baten gorputzean eta sexualitatean egiten duen intrusioa dela. Horrek arrastoa uzten du gorputzean, eta arrasto hori gerora berraktibatu egin daiteke.

Bi alderdi bereizi behar dira: gorputza, batetik, eta lotura edo harremana, bestetik. Gehienetan, abusua haurraren inguruko eta konfiantzazko pertsona batek egiten du. Horrek bestearenganako konfiantza sakonki ahultzen du, eta, hain zuzen ere, konfiantza hori da gero haur berriarekin eraiki behar den oinarria. Horregatik, harremanarekin zerikusia duen guztia neurri batean ukituta geratzen da.

Hala ere, argi utzi behar da hori ez dela sexu-abusua pairatu izanaren ondorio saihestezina. Esperientzia hori bizi izan duten askok pentsatzen dute horrek bizitza osoa baldintzatuko diela, baina ez da hala. Abusua garaiz kontatu ahal izan bada, sinetsi badizute eta laguntza jaso baduzu, baliteke ondorio batzuk geratzea, baina osatuta egon zaitezke eta amatasuna normaltasunez bizi eta gauzatu.

Gu, ordea, inguruko norbaiten abusuak luzaroan jasan zituzten emakumeez ari gara: kontatu ezin izan zutenez, edo kontatu arren inork sinetsi ez zietenez, inoiz ez zuten laguntzarik jaso. Inork ez die inoiz lagundu, eta hori geratuko zaie gorputzean eta buruan, sinbolizatu gabe, zentzurik eman gabe.Baina, kasu horietan ere, sexu-abusua pairatu izanak ez du esan nahi amatasuna ezinbestean gaizki joango denik.

Ba al dago maiz errepikatzen den jokabiderik edo zailtasunik?

Bai. Ohikoena bi jarrera hauek agertzea da: batetik, amak haurra gehiegi babestea eta bere kabuz moldatzen ikasten ez uztea. Etengabe pentsatuko du zerbait gertatuko zaiola, bere nortasuna eta amatasuna abusu hura berriro gerta ez dadin antolatuko baititu.

Edo, alderantziz, arrisku-egoerak antzemateko gai ez izatea eta adingabeak halako egoeren arriskupean jartzea.

Asmo onez egindako zer jokabidek egin diezaieke kalte sexu-abusutik biziraun duten amei? Nola jokatu beharko lukete profesionalek eta haien ingurukoek?

Galdera oso interesgarria da, eta, hain zuzen ere, hor ikusten dugu zailtasunik handiena. Abusuak hainbesteko larritasuna sortzen duenez, norbaitek biktima izan dela esaten digunean, berehala gaiari zuzenean heltzeko joera izaten dugu.

Abusuak bi denbora ditu. Lehenengoa gertatzen den unea da; bigarrena, gertatutakoari esanahia ematen zaionekoa eta benetan ulertzen denekoa. Bi une horien artean urtebete, hogei edo hogeita hamar urte igaro daitezke, eta inoiz ez dakigu pertsona hori prozesuaren zein unetan dagoen.

«Pertsona horrekin harremanik eraiki gabe, ezinezkoa da laguntza eskaintzea»

Abusua detektatzeko gogo horretan, elkarrizketetan zuzenean galdetzeko joera dago. Horrek une horretan bertan gertatutakoaz jabetzea eragin dezake eta estres postraumatikoaren sintomak eragin ditzake.

Prozesu horrek denbora, pazientzia eta laguntza behar ditu. Egoera antzeman arren, ez dugu aurrea hartu behar, ezta zer gertatu den geure kabuz zehaztu behar ere. Denbora eta espazioa eman behar dira; pertsona bakoitzaren erritmoa errespetatu behar dugu. Hor aurkitzen dituzte profesionalek zailtasun handienak, askotan beren larritasunetik eta asmo onetik abiatuta.

Azken batean, harreman baten aurrean gaude. Loturarik eraiki gabe, ezinezkoa da laguntza eskaintzea. Biktimak ez du bere burua irekiko, ezta gertatutakoa kontatuko ere.

Helburua ez da berehala aitorpen bat lortzea; helburua patxadaz jardutea, denbora eskaintzea eta konfiantzazko lotura eraikitzea da. Gero, pertsonak nahi badu, iritsiko da hitz egiteko unea. Pazientzia behar da.

Esperientzia horrek amatasuna bizitzeko modua eta bizitza oro har baldintza ditzake?

Bai, noski. Amatasuna askotan berrinterpretazio sakona gertatzen den unea da. Ordura arte, emakume askok isilean eraman izan dute bizi izandakoa. Baliteke sexu-harremanetan zailtasunak izatea, baina, nolabait, aurrera egitea lortu izana.

Ama zarenean, ordea, ispilu bat bezala jokatzen du. Zure haurrak zeure burua ekartzen dizu gogora: txikitan bizi izan zenuena, lotura eta harreman horiek guztiak berriz pizten direlako. Horregatik, ordura arte isilik egondakoa berraktibatu egiten da, eta une horretan agertu ohi dira sintomak.

Gainera, sintomak ez dira beti agerikoak. Arraroa da emakume batek zuzenean esatea: «Sexu-abusua pairatu nuelako etorri naiz». Ohikoagoa da honelako esaldiak entzutea: «Gaizki sentitzen naiz nire haurrari pixoihala aldatu behar diodanean», edo «Lehengusuak gauza arraroak egiten zizkidan». Horiekin batera, lo egiteko arazoak, ezinegona, antsietatea edo larritasuna ager daitezke.

Une horretatik aurrera, harremanaren eta laguntzaren bidez, gertatzen ari dena ulertzen saiatzea da egin beharrekoa.

Haurtzaroan ez gara beti gertatzen denaz jabetzen, baina gorputzak buruak baino gehiago gogoratzen al du?

Halako egoerak denborarekin berraktiba daitezke. Amatasunean gorputza etengabe aldatzen da: haurdunaldian, erditzean eta edoskitzaroan. Gainera, haurrarekin azalaz azaleko harremana izateak ere oroitzapen horiek piztu ditzake, beste gorputz biluzi batekin sortzen den loturaren bidez.

Gorputzak askotan buruak baino azkarrago erantzuten du, eta oroitzapenak modu berehalakoagoan berraktibatzen ditu.