Uda Ikastaroen 46. ediziorako ikastaro-proposamenak aurkezteko epea azaroaren 1etik 30era egongo da zabalik
EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) 2027ko Uda Ikastaroen prestaketan parte hartzera gonbidatzen ditu interesa duten pertsona eta erakunde guztiak.
EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak, 2027ko programazioa osatzeko ikastaro-proposamenak jasotzeko epea zabalduko du azaroaren 1ean. Proposamenak azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, UIKren online plataformaren bidez.
UIKren helburua, gizartean eragina duten askotariko gaiei buruzko ezagutza zabaltzea da, eta unibertsitatearen, ikerketaren, erakundeen, profesionalen eta herritarren arteko hausnarketa, elkarrizketa eta lankidetzarako topagune izaten jarraitzea.
Ikerketaren eragin soziala, parte-hartzea, gazteak eta euskara, 2027ko erronka nagusiak
46. edizioari begira, UIKk lau erronka nagusi identifikatu ditu, Uda Ikastaroen eskaintzak gizartearen eraldaketei erantzun diezaien.
Alde batetik, ikerketak gizartean duen eragina nabarmendu nahi da, ezagutza zientifikoa eta akademikoa herritarrengana hurbilduz eta egungo erronka sozialei erantzuteko hausnarketa sustatuz.
Bestetik, metodologia parte-hartzaileak eta esperientzialak sustatzen jarraituko da, ikastaroak ezagutza transmititzeko ez ezik, eztabaidarako, esperientziak partekatzeko eta elkarlanean ikasteko espazioak ere izan daitezen.
Era berean, gazteen parte-hartzea areagotzea izango da lehentasunetako bat. Horretarako, gai berritzaileak eta publiko gaztearentzat erakargarriak diren formatuak sustatu nahi dira.
Azkenik, UIKn hainbat hizkuntza baliatzen dira ezagutza transferitzeko. Zentzu horretan euskararen presentzia bermatzeko konpromisoari eutsiko zaio. Euskarazko ikastaroak sustatzeko laguntzak aurreikusi dira, baita hizkuntza horren erabilera errazteko itzulpen-baliabideak ere.
Hainbat formatu eta finantzaketa aukera
2027ko Uda Ikastaroak aurrez aurre, zuzenean online edo bi modalitateak uztartzen dituen formatu mistoan antolatu ahal izango dira.
Finantzaketari dagokionez, araudiak bi aukera jasotzen ditu: UIK Fundazioak osorik finantzatutako ikastaroak eta kanpoko erakundeen diru laguntzarekin antolatutako lankidetza-ikastaroak.
Finantzaketa-modalitate bakoitzaren baldintzak eta xehetasunak deialdiaren araudian daude jasota.
Nola aurkeztu ikastaro-proposamenak?
Proposamenak 2026ko azaroaren 1etik 30era aurkeztu beharko dira, UIKren online plataformaren bidez.
Jarduera bakoitzak zuzendari bakarra izango du, behar bezala justifikatutako salbuespenetan izan ezik. Zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.
Ikastaro-proposamenak ebaluatu ahal izateko,
ezinbestekoa izango da plataforman nahitaezkotzat
adierazitako eremu guztiak betetzea.
Jasotako proposamenak Uda Ikastaroetako Programa Batzordeak aztertuko ditu. Besteak beste, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: gaiaren interesa eta gaurkotasuna, programaren eta hizlarien kalitatea, erakunde akademiko eta zientifikoen parte-hartzea, nazioarteko ikuspegia, hizkuntza-aniztasuna eta euskararen erabilera eta metodologia parte-hartzaileak.
Hautatutako proposamenen berri, 2027ko urtarrilaren 25etik otsailaren 10era bitartean emango dela aurreikusten da.
2027ko Uda Ikastaroak, ekainetik irailera
46. edizioa 2027ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean garatuko da. Donostiako Miramar Jauregian egingo diren ikastaroak, berriz, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean antolatzea aurreikusten da.
Edizio berriak, askotariko jakintza-arloetako pertsonak eta erakundeak elkartzeko aukera eskainiko du, ezagutza partekatzeko, gizartearen erronkei buruz hausnartzeko eta elkarrizketarako espazio berriak sortzeko.
UIKk gonbidapena luzatzen die ezagutza gizartearekin partekatu nahi duten pertsona eta erakundeei, 2027ko Uda Ikastaroen programazioa osatzen laguntzeko.
-
Proposamenak aurkezteko epea: 2026ko azaroaren 1etik 30era.
-
Proposamenak aurkezteko eta araudia kontsultatzeko: https://www.uik.eus/eu/ikastaroak/informazioa/proposamenak