All news

Karlos Pérez: “Gazaren kasuan, gosetea nahita erabiltzen ari dira taktika militar gisa”

Irakasleak nabarmendu duenez, Israel herrialde boteretsu eta eragin handikoa egiten duten elementuak daude; horrek zigorgabetasunez jokatzeko aukera ematen dio

Karlos Pérez Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Gizarte Zientzen eta Komunikazioaren fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatean, baita HEGOAko ikerlari ere. Hizlari gisa Curso TopaGune. Gaza y Colombia: El hambre como arma de guerra, la seguridad alimentaria como camino hacia la paz ikastaroan parte hartu du, El uso del hambre como arma de guerra. El caso de Gaza izeneko ponentzian.

Zertan datza zure ponentzia eta zergatik erabaki duzu gaiaren inguruan hitz egitea?

Ikerlari gisa urteak daramatzat bi ikuspuntu lantzen, ikastaro honetan gurutzatzen diren bi alderdi. Alde batetik, gatazka armatuekin eta bakea eraikitzearekin zerikusia duten gaiak eta, bestetik, elikadura-babesa. Nire ekarpena ikastaroan, alde batetik, nola toki askotan gosetea gerra-arma bezala erabiltzen den aztertzea eta, bestetik, nola hori Gazan gertatzen ari den momentu hauetan.

Gazaren kasuan, uste duzu gosetearen egoera gerraren ondorio huts bat dela edo nahita eragindako zerbait?

Testuinguru askotan gosetea gerraren nahigabeko ondorio gisa agertzen da, hau da, pobreziaren edo suntsipenaren ondorioz. Baina, beste batzuetan gosetea nahita bilatzen da taktika militar bat bezala, eta hori da, hain zuzen, Gazan gertatzen ari dena. Hiru arrazoi ditugu hori baieztatu ahal izateko. Lehenik eta behin, Israelgo buruzagi eta militarrek egindako hainbat adierazpen ditugu, zeinetan sarraskia, Gazaren suntsipena, Gazako biztanleria hiltzea, gosea pasaraztea eta abar aipatu duten.

Bigarrenik, hilabete askotan zehar, gosetea nola eragiten joan den eta elikadura egoera nola okertzen joan den agerian uzten duten Nazio Batuen agentzien txostenak argitaratzen joan dira. Azkenean, IPC-ren txosten batek, Nazio Batuen onespena duen eta krisi testuinguruetako elikadura egoera aztertzen duen nazioarteko erakunde baten txoten batek, Gazako hirian eta inguruko guneetan gosetea hasi dela agerian utzi du. Beraz, denbora luzean zehar informazioa ateratzen joan da, gosetea sortzen ari zen eta Israelgo gobernuak ez du ezer egin hori ekiditeko.

Eta, hirugarrenik, alderdirik garrantzitsuena. Gazako biztanleriarengan gosetea eragiteko taktika ezberdinen erabilera sistematiko, planifikatu eta berariazkoen egiaztapena. Adibidez, biztanleriaren %90aren lekualdatze errepikatua, hau da, biztanleria leku batetik bestera mugitzea behin eta berriz, osasun eta elikadura baldintzarik bermatu gabe; lurraldea zetorren elikadura laguntza orori sarbidea debekatzea; osasun sistemaren suntsipena; elikagaiak ekoizteko Gazako azpiegituren suntsipena, etab. Beraz, gerra arma gisa gosetea erabiltzeko politikak egon direla nabarmena da.

Zein taktika existitzen dira eta zein da horiek erabiltzeko helburua?

Taktika ugari daude. Ura kutsatu, nekazaritzako, abeltzaintzarako edota pasatzeko eremuak hondatu, elikagaiak lapurtu militarrei emateko, etab. Taktika kopuru handia dago eta horietako asko Gazan erabili dituzte. Nazio Batuen agentzien erakunde eta GKE ugarik diote helburua garbiketa etnikoa dela, hau da, Palestinako biztanleriaren kanporaketa edota genozidioa. Zein helbururekin? Dirudienez, hainbat analisien emaitzen arabera, Israel bilatzen ari dena biztanleria Gazako zerrendako hegoaldean pilatzea da, giza egoera oso kaxkarrean, gosez, gaixotasunekin eta metaketarekin.

Horrela, biztanle palestinarrek Egiptoko muga gurutzatzea eta sakabanatzea lortu nahi dute, Gazatik palestinar guztiak kanporatzeko eta lurraldea kolonizatzeko. Azken finean, Israelgo ultranazionalisten gura haiek Israel handia deritzotena eraikitzea da, Nazio Batuek 1948. urtean emandako eremuak baino askoz ere muga handiagoak izango lituzkeen Israel bat eraikitzea, alegia.

Gazaren aldeko ekintzen gorakada ikusita, itxaropenerako arrazoirik dago?

Gazako gatazkaren gaur egun egungo egoerara iritsi arte, hau da, Hamasen 2023ko urriaren 7ko atentatuak gertatu ziren arte, nire analisia gosetea gerra arma gisa erabiltzearen amaierara gerturatzen ari ginela da. Jarduera hori gutxitzen joan da hamarkada ugarietan zehar, Bigarren Mundu Gerra eta Gerra Hotza amaitu zirenetik. Gero, hala ere, 2017an lau gosete aitortu ziren gerrate testuinguruetako lurraldeetan. Hor, berragertze bat eman zen. Ondorioz, gaiaren inguruko interes politiko, akademiko eta operatiboa piztu zen. 2023. urtera arte jardunbide honekin amaitzera eraman ahal izango gintuzketen ekimen ezberdinak agertzen joan ziren, baina, orain ikusten ari garena Israel jardunbide hau zigorgabetasun osoz erabiltzen ari dela da.

Israel ez da betetzen ari aipatutako ekimen horietako hainbat ebazpen eta arau. Adibidez, 2018an Nazio Batuetako segurtasun kontseiluko 27/17 ebazpena, gosetea gerra arma gisa erabiltzea debekatzen duena. Garrantzitsua da ebazpen hauek betetzea derrigorrezkoa dela nabarmentzea. Atzerapauso bat bizitzen ari gara existitzen diren arauak betetzeari dagokionean. Eta ez aipatutako ebazpen hori soilik, baita giza zuzenbide nazional osoa, gatazka armatuko testuinguruetan aplikatzen den zuzenbidea dena, Ginebrako hitzarmenak, genozidioaren aurkako hitzarmena, eta abar ere. Hori guztia ez da betetzen ari Estatu Batuak edo Alemania bezalako herrialdeek Israeli ematen dioten babesaren ondorioz.

Beraz, oraintxe bertan ez dago arrazoirik itxaropena mantentzeko. Agian, itxaropenerako arrazoiren bat ikus dezakegu nazioarteko gorte penalaren eta nazioarteko tribunal penalaren eskutik sortzen ari diren hainbat ekimen legaletan. Gauza da ekimen hauen edozein ebazpen onartzeko denbora dezente igaroko dela eta zaila izango dela ebazpen hauek aplikatzera iristea, izan ere, aplikazioa estatuen borondatearen baitan dago. Beraz, ez da itxaropenerako argumentu indartsua. Gizartearen mobilizazioak, gobernu ezberdinekiko eta Israelekiko gauzatu daitekeen presioak espazioak ireki ditzakete Israel egiten ari dena zigorgabetasunez egin ahal ez izateko. Baina, erreakzio guzti horiek berantiarrak eta mantsoak izaten ari dira eta Gazako hainbat pertsonentzat ez dira garaiz helduko.

Nola azaldu daiteke agintariek Gazako egoera onartzen jarraitzea?

Herrialde txikia izan arren, boteretsua eta eragin handikoa da zenbait faktorerengatik.

Alde batetik, faktore geopolitikoak. Historian zehar, Israel mendebaldeko eta AEBeko zati handi baten interesen zaindari izan da. Ekialde Hurbileko eremua; petrolioa dago, Suezeko kanala gertu eta nazioarteko merkataritzarako igarobidea da. Gainera, armamentu nuklearra eta punta-puntako teknologia du esparru militarrean, segurtasunean, espioitzan, biztanleriaren kontrolean eta abar.

Bestetik, babes handia du eremu ekonomikoan, batez ere herrialde askotan judaismoaren sektore zabalak jasotzen duen sostenguagatik. Sionista aberatsak dira, Israeleko estatuaren defendatzaileak, eta inbertsio-funtsetan, enpresa handietan, hedabideetan… espazio zabala dute, eta Israeli laguntza ekonomikoa eta politikoa ematen diote.

Faktore ideologikoak, irudiarekin lotutakoak eta beste batzuk ere badaude. Hein handi batean, Bigarren Mundu Gerran holokaustoko iheslarien aterpe izateko sortu zen eta horrek zilegitasuna eman dio. Sionismoaren aldeko nazioarteko babes handia dago; hau da, erlijio judutarreko pertsonentzako estatua sortzearen aldeko babes handia dago. Babes ideologikoa da, ez soilik judutarren artekoa; sionista kristauen artekoa bada ere. Horren inguruan gutxi hitz egiten da.

Adibidez, AEBn berrogei milioi ebanjelari sionista dira eta Israel defendatzen dute Jesus Lurrera itzul dadin ezinbesteko baldintza dela sinisten dutelako. Beraz, erlijio-arrazoia da hori. Sektore kontserbadorea da, Ipar Amerikako hauteskundeetan pisu handia du eta Trumpen aldeko gotorlekuetako bat izan da. Horrek eragina izan du AEBko politikak Israelen alde bideratzeko orduan. Esan bezala, alde batetik interes geopolitikoak daude, eta bestetik, barne-politika, hauteskundeekin lotutako faktoreak eta abar.

Diskurtsoak beste faktore bat dira. Israel segurtasunerako eskubidea duela defendatzen duen diskurtsoa (Palestinako biztanleriaren segurtasunean pentsatu gabe); terrorismoaren inguruko diskurtsoa (nor den terrorista, nola erabili behar den kalifikatzaile hori); islamofobiaren diskurtsoa (eskuin-muturreko sektoreetan batez ere) eta palestinarren egoeran traba gehiago egiten duten diskurtsoak. Diskurtsoen eremuan, iruditerian, ideologia politikoetan eta erlijioan faktore asko daude Israelek jasotzen duen babesa ulertzeko.

Besterik partekatu nahi duzu?

Egoera zaila da, baina gizarte zibilak gobernuengan presioa eragiteko eta exijitzeko duen gaitasunean konfiantza izan behar dugula uste dut. Gaur eguneko testuinguruan, gobernuek, arrazoi bat edo beste, bi joeren artean jokatzen dute: Israelen aldeko jarrera zuzenean erakutsi, edo pasibotasunez erantzun (batzuetan ikuspuntu kritikoarekin ere), baina salaketa argirik egin gabe. Horregatik da beharrezkoa gizarte zibilaren mobilizazioa, jarrera kritikoa izatea eta giza eskubideen garrantzia goraipatzen duen diskurtso alternatiboa garatzea, edozein egoera dela-eta errespetatu behar baitira, eta ez soilik potentzia baten edo bestearen interes geopolitikoen arabera.