All news

45. Uda Ikastaroek ezagutza partekatua, zaintza eta berrikuntza izango dituzte ardatz

  • 133 Uda Ikastaro eta 29 workshop antolatu dira ekainetik irailera bitartean, Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz gune nagusi izanik.

  • Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza sailak sustatutako programek pisu berezia izango dute.

  • “Pentsatzen duzulako gara” lelopean, UIKk ezagutza partekatzeko eta gizartearen erronkei erantzuteko elkargune irekia proposatzen du.

Gaur, Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu dira EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) antolatzen dituen 45. Uda Ikastaroak. Aurtengo edizioko eduki nagusiak azaldu dira aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak sustatutako programak bereziki nabarmenduz.

Aurkezpenean parte hartu dute Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Uda Ikastaroak Fundazioaren Patronatuko presidenteak; Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Xabier Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politikako sailburuordeak eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak.

Uda Ikastaroen irekiera ofiziala ekainaren 30ean

Ekainaren hasieratik irailaren amaierara bitartean, guztira 133 Uda Ikastaro eta 29 workshop programatu dira. Jarduera kopuruari erreparatuta, Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz izango dira gune nagusiak. Era berean, UIKren lurralde-presentzia zabaltzeko helburuari eutsiz, eskaintza beste hainbat udalerritara ere iritsiko da, besteak beste Aramaio, Ataun, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibiara.

Urteetan pilatutako esperientziari eta ezagutzaren arloan diharduten erakunde, profesional eta eragileekin eraikitako lankidetzari esker, Uda Ikastaroak gizartearen erronka nagusien inguruko dibulgazio, eztabaida eta gogoetarako erreferentziazko gune bihurtu dira. Aurtengo programak ikuspegi anitzeko eta kalitatezko prestakuntza-eskaintza proposatzen du, egungo gai nagusiei erantzuteko helburuz.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak azpimarratu duenez, “Uda Ikastaroek unibertsitatearen bokazio publikoa indartzen dute: unibertsitatetik harago, ezagutza gizartearekin eraikitzea eta partekatzea ahalbidetzen digute, galdera berriak sortzeko eta erantzun kolektiboak eraikitzeko espazioak zabal ditzagun elkarrekin; garai polarizatu hauetan pentsamenduak behar duen espazioa eskaintzen digute”.

Lankidetza estrategikoek berebiziko garrantzia dute UIKren jardunean. Horren erakusgarri dira Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta BBVA Fundazioaren konpromisoa, proiektuaren garapena eta jarraikortasuna bermatzeko. Aurkezpenean, bereziki nabarmendu da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta Hezkuntza Sailaren ekarpenari esker garatutako eskaintza.

Errektoreak iragarri duenez, Lehendakariak egingo du Uda Ikastaroen irekiera ofiziala ekainaren 30ean, Miramar Jauregian. Ekitaldi horretan, Daniel Innerarity filosofia politikoko katedradunak, EHUko Ikerbasque ikertzaileak eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendariak emango du irekierako hitzaldia: "Demokraziaren etorkizuna”.

Hezkuntza: irakasleen prestakuntza eta ikaskuntza-komunitateak

Hezkuntza Sailak, UIKrekin lankidetzan, irakasleen prestakuntza eta eguneratzea indartzeko bi programa nagusi sustatzen ditu: “Irakasteko ikasten” eta “Ikasiz Hezi”.

“Irakasteko ikasten” programa 2000. urtean jarri zen martxan, irakaskuntzako profesionalen prestakuntzari eta eguneratzeari begira. Aurtengo edizioan, 14 ikastaro aukeratu dira programaren baitan, eta guztiak homologatuak izango dira parte hartzen duten irakasleek dagokien ziurtagiria lor dezaten. EAEko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasleek matrikula-prezio murriztua izango dute. Eskaintza osoa UIKren webgunean kontsulta daiteke: www.uik.eus, bereziki programa honen atalean: www.uik.eus/eu/jarduerak/programak-irakasteko-ikasten-eusko-jaurlaritza

Bestalde, “Ikasiz Hezi” Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen unibertsitatez kanpoko irakasleentzako etengabeko prestakuntza-plana da. Aurten, programa horren barruan 9 ikastaro aukeratu dira, eta Eusko Jaurlaritzak 20 irakasleri emango die beka Uda Ikastaro bakoitzeko.

Bi programetan lantzen diren gaiak egungo hezkuntza-sistemaren erronka nagusiekin lotuta daude: suizidioaren prebentzioa eta osasun mentala, ebaluazio konpetentziala, Bigarren Hezkuntzako eremuen araberako lana, genero identitateak, neurodibergentzia, pantailak eta sexu-hezkuntza, eskola publikoaren gobernantza, komunitate-praktikak eta pedagogia eraldatzaileak.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, “EHUko Uda Ikastaroak tresna estrategikoa dira euskal hezkuntza-sistema hobetzeko bidean. Irakasleei gogoetarako, eguneratzeko eta praktika berriak partekatzeko espazioak eskaintzea funtsezkoa da hezkuntza eraldatzaile eta inklusiboago baterantz egiteko”.

Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza: gaur egungo erronken erantzun bila

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak babes orokorra ematen die Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroei, jakintzaren zabalkundean egiten duten lana sustatu eta babeste aldera.

Babes horren barruan, Sailak berariaz sustatzen du ikastaro-sorta. Aurtengo edizioan, ikastaro hauek onartu berri den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eguneratzean jasotako bost zutabeekin (Kualifikazio Handiko Pertsonak; Abangoardiako Zientzia; Lehiakortasuna eta Industria Lidergoa; Komunitatea eta Berrikuntza) eta Berrikuntzaren Itsasargiekin lerrokatzen dira.

Horrela, Zaurgarritasunaren ikuspegi etikoa ikastaroak etika asistentzialeko eta esku-hartze sozialeko lana ikusaraziko du, eta balio-gatazken aurrean erabakiak hartzeko metodologiak partekatuko ditu. Ikastaro hau Osasunaren Baldintzatzaile Sozialak izeneko itsasargiarekin lerrokatzen da bete-betean.

Bestetik, Salud mental y tecnología eta Itsasgora. Osasun arloko berrikuntzaren olatu eraldatzailea ikastaroek Osasun Pertsonalizatua eta Zehatza itsasargiarekin dute erlazioa. Izan ere, ikastaro hauetan osasunaren, teknologiaren eta berrikuntza publikoaren arteko loturak aztertuko dituzte, osasun digitala, datuen erabilera estrategikoa eta pertsonarengan oinarritutako arreta erdigunean jarriz.

Berrikuntzaren Itsasargiekin jarraituta, badira beste bi ikastaro: Menos corregir y más feedback en la era de la inteligencia artificial eta Adimen Artifiziala Hezkuntzan: kezkak eta formakuntza-beharra. Ikastaro hauek Adimen Artifizialaren itsasargia jartzen dute erdigunean, adimen artifizialaren agerpenak ikasgeletan sortzen dituen aukerak, arriskuak eta prestakuntza-beharrak landuz.

Ikastaro-sortarekin bukatzeko, Fostering Dialogue and Collaboration among Minority Language Educators: Basque, Occitan and Irish within our Teacher Academies ikastaroak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan diharduten akademiko, profesional eta erakundeen arteko elkarrizketa sustatuko du. Hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ekarpen esanguratsuenetako bat den Komunitatea izeneko ardatzarekin lotu dezakegu gaia, euskara eta hizkuntza-dibertsitatearen balioa euskal zientzia- eta teknologia-komunitatean aintzatetsiz.

Bestalde, legealdi honetan Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatuta, Ricardo Echepare Konferentzia izeneko jarduna izango da irailaren 15ean, Donostiako Miramar Jauregian. Aurtengoan, Ana Zubiaga Elordieta izango da hizlari nagusia.

Zubiagak, Jakiundeko presidente eta EHUko Genetikako katedradun denak, Un solo planeta, una sola salud hitzaldia eskainiko du. Hau ere One Health izeneko Berrikuntzaren Itsasargian jasotakoak izango ditu hizpide.

Xabier Aizpuruak, Unibertsitate Politikako sailburuordeak, adierazi duenez “programa honek bete-betean landuko ditu, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen esparrua, gure Sailak zientzia eta berrikuntzaren arloan garatzen ari den estrategia eta lan-lerroak”.

Halaber, sailburuordeak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatuta uztailean Euskal Autogobernua 90 urteren ondoren izeneko ikastaroa izango dela. Bertan, XX. eta XXI. mendeetan euskal autogobernuaren instituzionalizazio politiko, juridiko eta sozialeko prozesuak aztertzeko eta azken hamarkadetan euskal autogobernuaren bilakaerari eta indartzeari buruzko hausnarketa egingo da.

“Pentsatzen duzulako gara”: ezagutza partekatuaren aldeko gonbita

Aurtengo kanpainaren bidez, UIKk mezu sinple baina esanguratsua helarazi nahi du: ideiak, partekatzen direnean, ez dira galtzen; hazi eta eraldatu egiten dira. Ezagutzak benetako zentzua hartzen du besteekin partekatzen denean, galdera berriak sortzen dituenean eta bide berriak irekitzeko gai den esperientzia kolektibo bihurtzen denean. Horregatik, Descartesen esaldi ezaguna berrinterpretatuz, aurtengo leloa honakoa da: “Pentsatzen duzulako gara”.

Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoaren hitzetan, “Uda Ikastaroak ez dira soilik prestakuntza-eskaintza bat; ezagutza partekatzeko ekosistema bat dira. Bertan, akademiak, erakundeek, profesionalek eta herritarrek elkarri entzuteko, eztabaidatzeko eta ikuspegi berriak eraikitzeko aukera dute”.

Edizioz edizio programak askotariko publikoari zuzendutako eskaintza zabala biltzen du. Belaunaldi ezberdinetako ikasleak, akademikoak, zientzialariak, enpresariak, profesionalak, administrazioko ordezkariak eta beste hainbat arlotako pertsonak elkartuko dira, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin hausnartzeko.

Zaintzatik eraikitako etorkizun inklusibo eta berritzailea

2026ko Uda Ikastaroek ikuspegi integratzailea eskainiko dute, pertsonak eta haien bizi-baldintzak erdigunean jarriz. Zaintza, osasun mentala, gizarte-kohesioa, komunitatea, berdintasuna, desgaitasuna, zahartzea, berrikuntza eta kultura izango dira programaren ardatz nagusietako batzuk.

Zaintzaren eta ongizatearen inguruko ikastaroek arreta berezia izango dute. La garantía de los cuidados basada en la igualdad de las personas y en los derechos humanos: su impacto en la organización social y en las políticas públicas, Desinstitucionalizar los cuidados en el contexto social actual: ¿cómo y cuándo? Eta Harremanak, lurraldea eta sostengua: Gipuzkoan komunitatea zaindu eta eraikitzea (TopaGune Ikastaroa) ikastaroek zaintza-eredu berriak, eskubideak, komunitatea eta politika publikoen eraldaketa izango dituzte hizpide.

Osasun mentalaren eta doluaren arloan, hainbat ikastarok ikuspegi profesional, sozial eta humanista eskainiko dute. Horien artean daude Salud mental del personal médico: clave para el bienestar social, Eragintza: 35 años de compromiso con la inserción laboral de personas con problemas de salud mental, Haurdunaldiko, perinataleko eta jaioberrien dolua ikusgarri egiten eta Entzutea, ulertzea, ekitea: suizidioari aurre egiteko gakoak.

Komunikazioaren eta osasunaren arteko loturak ere jorratuko dira, besteak beste Sendatzen duen komunikazioa: nola saihestu gatazkak eta hobetu pertsonaren segurtasuna TopaGune Ikastaroaren bidez. Ikastaroak narratibak, medikuntza humanistak eta profesionalen eta pazienteen arteko komunikazioak osasun-arretan duten indarra aztertuko du.

Gizarte inklusiboago baten aldeko ikuspegia ere presente egongo da. Inclusión, derechos y apoyos de las personas con discapacidad ikastaroak New Yorkeko Hitzarmenaren 20. urteurrenaren testuinguruan desgaitasuna duten pertsonen eskubideak, laguntzak eta inklusioa aztertuko ditu. Sexu-hezkuntza eta pantailak: erronkak, aukerak eta proposamenak ikastaroak, berriz, haurtzaroan eta nerabezaroan ingurune digitalek identitateetan, harremanetan eta sexu-hezkuntzan duten eragina landuko du.

Kultura eta Artea arloari dagokionez, uztailaren 10ean, Miramar Jauregian, Donostiako Orfeoia-EHU 25. Saria ospatzeko ekitaldia egingo da. Ekitaldiak musika koralaren hezkuntzan, sorkuntzan eta sustapenean egindako ikerketa aitortuko du, eta Donostiako Orfeoiaren emanaldiarekin amaituko da.

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen 5. edizioa

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioa 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra egingo da Baionan. Zortzi ikastaroz osatutako eskaintza doakoa izango da, eta mugaz gaindiko lankidetza, eleaniztasuna eta ezagutzaren gizarteratzea izango ditu ardatz.

Programa honek UIKren izaera irekia eta lurralde artekoa indartzen du, Euskal Herriko errealitate anitzak eta mugaz gaindiko lankidetza akademiko, sozial eta kulturala sustatuz.

Parte-hartzea eta metodologia berritzaileak

Ikastaro gehienak aurrez aurreko formatuan eskainiko dira, eta kasu askotan online zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da. Horrez gain, ohiko formatuetatik harago, metodologia parte-hartzaile eta berritzaileak erabiliko dira 43 Uda Ikastarotan.

Testuinguru horretan, sei ikastaro Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker garatzen den TopaGune proiektuaren baitan kokatzen dira. TopaGune motako ikastaroek parte-hartze maila altua sustatzen dute, eta ikastaroen diseinuan UIKko zuzendaritza akademikoak, zuzendariek eta erraztatzaileek elkarlanean jarduten dute, hausnarketa, eztabaida eta ko-sorkuntza dinamika eraginkorrak garatzeko.

Matrikulazio epea zabalik

Matrikulazio epea zabalik dago, eta interesdunek ikastaro bakoitza hasi arte izango dute izena emateko aukera. Informazio osoa eta izen-ematea www.uik.eus webgunean daude eskuragarri.

Prezio-murrizketei dagokienez, ikastaroetan matrikulatzerakoan zein ostatuari dagokionez, kolektibo ezberdinei zuzendutako hainbat beherapen daude. Informazio orokorraz gain, gomendagarria da ikastaro bakoitzaren jarduera-fitxa zehatza kontsultatzea.

Uda Ikastaroetan murgiltzea errazteko, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eskaintza berezia izango dute: ikastaro gehienetan 25 euro baino ez dute ordaindu beharko.